Europako hauteskundeak. Kanpaina

Margallok dio Europan betoa jarriko dietela Espainiatik banatzen diren herrialdeei

Espainiako Atzerri ministroak ohartarazi du estatu txikiek «arazo gehiago» dituztela krisi ekonomikoetan

Margallo Espainiako ministroa, EAEko PPko kideekin, atzo. G. ESTRADA / EFE.
Erredakzioa
Donostia
2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Europatik kanpo, eta krisialdi ekonomikoei aurre egiteko arazo gehiagorekin. Hala geratuko lirateke Espainiatik banatzea erabakiko luketen herrialdeak, Jose Manuel Margallo Espainiako Gobernuko Atzerri ministroaren ustez. Banatzeko aukera —«ez eskubidea»— izan badutela uste duen arren, Margallok «argi» utzi du estatu sortu berriek ez luketela nazioartearen onespenik jasoko, «erreferendum inkonstituzional batetik sortuak liratekeelako». «Kanporatuak ez, lehen unetik kanpoan egongo lirateke, Batasuneko estatu kideek ez dituztelako inoiz onartuko». Hausnarketa hori egin du Espainiako Atzerri ministroak, Donostian, Carlos Iturgaitz eta Zoe Nubla EAEko PPren hautagaiei babesa emateko eginiko ekitaldian.

Euskal Herrira etorri bada ere, Kataluniako prozesu subiranistaz mintzatu da. Ukrainako errusiazaleek azken asteetan eginiko erreferendumekin konparatu du Katalunian azaroaren 9an egitekoa dena, eta azpimarratu du legez kanpokoak direla eta nazioartearen onespenik ez dutela. Margallo da Madrilgo gobernuaren bozeramailea, Espainiako Estatuaren egitura zalantzan jartzen ari diren prozesu subiranisten inguruan. Hauteskunde kanpaina honetan hainbat alditan egon da Katalunian, eta bitan Euskal Herrian: atzo Bilbon, eta herenegun Iruñean. Margallok uste du ez direla konparatzeko modukoak herrialde baten egoera eta bestearena. Adibidez, apirilean esan zuen Mariano Rajoyren gobernua prest zegoela Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiteko, Iñigo Urkullu lehendakariak Aberri Egunean aipatu zuen harreman eredu konfederalaz hitz egiteko. Baldintza bat jarri zuen, halere: «Espainia guztiak» ematea iritzia bi aldeen balizko akordioari buruz. EAJk kritikak entzun behar izan zituen Kataluniatik, hango hainbat eragilek salatu baitzuten Madrilen erantzuna izan zela Kataluniako prozesuan eragiteko. EAJk ez du berriz ere mahai gaineratu bere proposamena.

Atzo Bilbon eginiko ekitaldian, Margallok ez zuen aipatu jeltzaleen proposamena, baina ohartarazi zuen prozesu independentista batek Euskal Herrian izango lituzkeen kalteez, ikuspuntu ekonomiko batetik, bereziki. Margallok azaldu du krisialdi ekonomikoak agerian utzi duela estatu txikiek —Irlanda, Islandia eta Zipre aipatu zituen— «zailtasun handiagoak» dituztela krisiari erantzuteko eta «multinazional eta enpresa handien nahiei aurre egiteko». «Errazagoa da estatu txikiei inposatzea haien interesak, estatu handiei baino», ondorioztatu du.

Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak ere hartu zuen hitza ekitaldian, eta «90eko hamarkadan bezala oldartzera» deitu zituen alderdiaren boto emaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.