Felipe Eizagirre.
Arraun-minez

Kanpoko baldintzak

2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Bi estropadako lehen asteburuan, arraunlarien zein entrenatzaileen esku ez dauden bi baldintza izan dira protagonista, irabazleen baimenarekin: kaleen arteko aldea,eta haizearen aldaketa txanden artean.

Kaleen inguruan, larunbatean, behin emaitzak eskuetan izanda atera genituen ondorioak; bitxia! Igandean, urtero bezala, Ibaizabal aipatzerako. Itsasadar hartan bertan, moañarren saio bikainaren ondoren, bandera Galiziara bideratu zuen haizeak. Zori dantza horretan, Hondarribia eta Castreña dira kaltetuen atera direnak; eta Tiran egoerari zukua atera dion talde nabarmenena. Niri, hala ere, Telmo Deun ontzira joan zait atentzioa.

Larunbatean, hogei bat minutuz atzetik jardun ondoren, Castreñari aurre hartu zioten azkenean zumaiarrek. Eta igandean, ukabilkada jo zuten karelean; zoriak zori, estropadarik onena egun egokian egiten asmatu zuten. Haien ordezkariak adierazi bezala, kale (eta txanda) ona(k) egokituta ere, estropada txarra egiteak ez baitu ezertarako balio. Esan eta egin! Hala, azken postutik urrundu eta hamargarren sailkatua harrapatuta, hemendik aurrerako planteamendua ezinbestean aldatzeko egoera aproposean daude orain Urolakoak. Eta ezinbestean diot, hobe dutelako gaurdanik euren begirada Castrora ez, baizik eta Pedreña aldera begira jarri; irailean eurek kontrolatu ezingo duten beste kanpo baldintza batekin topo egin nahi ez badute behintzat; ziur aski kalterako izango dena.

San Miguel ligatik behera dauden ligetako taldeez ari naiz. Gurean, Zierbena ez da geratzeko jaitsi, eta Lekittarra-k behingoz goiko mailara itzultzeko talde aski sendoa baduela dirudi. Galiziatik ere indar oihartzunak datoz azkenaldian. Badaezpada, TKEko talde apalenek tentuz ibili beharko dute, eta talde bakarra atzean uzteko xedea ahaztu. Euren buruei, azken postua baino gehiago, kanporaketak saihesteko helburua ezarri beharko diete (bi behintzat atzean utzita), aurten beheko mailetako bi talde igotzea oso posible den iragarpena emana baitago jada. Garaiz dabiltza oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.