Eskubideen aldarria zabalduz doa herrira

Atzokoan ere ehunka lagun bildu ziren Bulebarrean jarri duten Aske Gunera, espetxera zigortutako gazteen eta eskubide zibil eta politikoen alde. Gaur, manifestazioa egingo dute 17:00etan, handik abiatuta.

Jende andana batu zen atzo Aske Gunean egin zuten bertso saioan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Herritarrek bete zuten, atzo ere, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko Aske Gunea. Joan den asteartean jarri zuten martxan, aurreko egunean Espainiako Auzitegi Gorenak Donostiako zortzi gazteri seina urteko espetxe zigorra berretsi ostean. Asteazkenean, aurrez atxilotze eta espetxeratze agindua zuen Ekaitz Ibero gaztea eraman zuen Ertzaintzak, hura babesten zutenen aurka egin ondoren. Oraindik zutik dirau, ordea, Bulebarrean eraikitako guneak, eta han dira espetxeratuak izateko arriskuan diren beste zortzi gazteak. Eta haien inguruan, hamaika herritar. «Gune asketik nahiko genuke zabalerantza eragin; kale askea, auzo askea, herri aske bihur dadin», kantatu zuen Maialen Lujanbiok arratsaldeko bertso saioan. Egunez egun, orduz ordu, Aske Gunetik harantzago ari da iristen gazteen aldarria.

Goizeko bederatziak aldera ekarri zituzten atzo ere, «herri harresian» babestuta, zortzi gazteak. Segidan, taldetan banatuta antolatu zuten guztia: aterpe gisa erabiltzeko dendak muntatu, eskubide zibil eta politikoen aldeko mezua zabaltzeko afixak prestatu... 10:30ean, EHEk eskainitako tailerra izan zuten, eta eguneroko elkarretaratzea eta bazkaria ondoren. Sortuko bozeramaile Pernando Barrena eta Amaia Izko ere hurbildu ziren goizean Bulebarrera, gazteei babesa adieraztera. Haien aurkako epaia inkomunikazio aldian egindako deklarazioetan oinarritua dagoela nabarmendu zuten, eta «epaiketa politikoak» bertan behera uzteko eskatu. «Esanguratsua da zein baliabiderekin egiten diren epaiak euskal gazteriaren eta independentisten aurka», esan zuten.

16:00 aldera hasi ziren jotzen Zesatek taldekoak. Bulebarraren inguruko kaleetatik ere entzun zitezkeen haien doinuak. Tarteko euri tanta batzuk bota arren, gero eta jende gehiago batu zen arratsaldeak aurrera egin ahala. 18:00etarako iragarritako bertso saioa hasterako, ehunka lagun zeuden kiosko aurrean. Gazteak gehienak, baina baita haurrak, gurasoak, eta adinekoak ere. Tartean ziren, besteak beste, Sortuko Joseba Alvarez eta Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondo ere. Atzerapen txiki batekin hasi arren, bertso umoretsu bezain hunkigarriak eskaini zituzten Alaia Martinek, Xabier Silveirak, Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok, Jokin Urangak, Sustrai Colinak eta Beñat Gaztelumendik. Espetxera zigortua den gazte baten paperean ere jarri zuen Arzallus Unai Gaztelumendik, gauean, etxera itzuli ostean, lo hartu ezinik. «Alde batetik, elkartasunak sortzen duen irribarrea; zein tristea den beste norbaitek babestu behar bizkarra; taldea zeinen polita den eta, zein gauza gutxi den bakarra», kantatu zuen hendaiarrak, lehen ilaran zeuden gazte zigortuen irribarre txikia eraginez.

Bertso saioaren ondoren, elkarretaratzean bildu ziren Bulebarrean zeuden ehunka herritarrak. Atzokoan, ostiralero egin ohi den presoen aldeko martxa batu zitzaien 20:00ak pasatxoan. Jendetza bakarrean batu ziren gazteak ez espetxeratzeko eta espetxean daudenak askatzeko eskatzen zutenak. Martxaren ondoren, herritarrek lagunduta egin zuten gazteek, beste egun batez, etxerainoko bidea.

Gaur, manifestazioa

Gaur ere jarraituko dute Bulebarrerako prestatu dituzten ekitaldiekin. Besteak beste, Porrotx pailazoaren emanaldia izango dute 11:00etan. 13:00ean, berriz, Xentimorik Gabe antzezlana eskainiko dute Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreek. Bazkalduondoren izango dute, ordea, hitzordu nagusia. 17:00etan abiatuko da manifestazio Bulebarretik, eta hara deitu dituzte herritarrak eskubide zibil eta politikoak defendatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.