Xabier Olarra itzultzaile eta Igela argitaletxearen sortzaile eta arduradunak jasoko du aurten Dabilen Elea saria, etzi, ostegunarekin, 19:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan egingo den Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian. Hala itzultzaile gisa nola editore lanetan Olarra euskal literatur itzulpengintzak azken 30 urteetan izan duen aurrerapenaren eragile garrantzitsuenetako bat da, eta haren ibilbideari egindako aitorpena izango da saria. 1985az geroztik 30etik gora liburu euskaratu ditu Olarrak, gehienak Igelak kaleratuak.
Idoia Noble itzultzaileak gidatuko du Euskal Liburuaren Gaua, Joxean Goikoetxea musikariaren laguntzaz. Olarra itzultzaile sarituarekin batera, William Shakespeare idazlea izango da ekitaldiko protagonista nagusia, hainbat kantari, musikari eta idazlek haren soneto batzuk emango baitituzte, errezitatuta zein kantuz, Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpenak baliatuta. William Shakespeareren Soneto hautatuak Juan Garziak itzul-antolatuak liburua argitaratu zuen Alberdania argitaletxeak 1995ean, eta EHUko Mikel Laboa Katedra itzulpen horien edizio osatu eta hobetua prestatzen ari da orain, Joxean Goikoetxearen musikaz hornitua eta disko-liburu formatuan, eta Koldobika Jauregiren ilustrazioekin «zoragarrituta», Juan Kruz Igerabide EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendariak, «hitz bat asmatuz», adierazi duen moduan. Euskal kulturaren munduko ehundik gora lagunek —haietako bakoitzak soneto bana errezitatuz— osatutako grabazioa entzuteko aukera ere eskainiko du disko-liburuak.
EHUko Mikel Laboa Katedraren laguntza ez ezik, DSS2016 Fundazioarena ere izan dute Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE),Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak eta Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (EIEP-APIE) Euskal Liburuaren Gaua antolatzeko.
Xabier Olarra itzultzaileak jasoko du, etzi, Dabilen Elea saria
Shakespeareren sonetoak errezitatuta eta musikatuta emango dituzte Euskal Liburuaren Gauean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu