Donostiako 61. Zinemaldia. Zuzendari Berriak

Zazpi gomendio, zazpi iritzi

2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Iñake Irastorza  Aktorea

'Pozitia copilului'

Filma hautatzeko arrazoia.

Zinemaldiko film asko interesatzen zaizkit, baina haietako asko gero ikusteko aukera izango dudala uste dut; Zinemirakoak eta La herida, adibidez. Horregatik hautatu dut hau, honek zaila izango baitu gero hemengo aretoetara iristea. Gaia interesatzen zait, ama baten borroka semea kartzelan sar ez dezaten. Gainera, garantiak eskaintzen ditu, Berlingo zinema jaialdiko Urrezko Hartza irabazi baitu.

Aurreikuspenak bete ditu?

Bai, bai, bete ditu nire aurreikuspen guztiak. Asko gustatu zait. Oso istorio ederra kontatzen du, eta oso ondo egina dago.

Nabarmentzeko zerbait.

Aktoreen lana. Izugarria da. Igartzen zaie lan asko egin dutela eta badakitela zertan ari diren. Hemen, guretzat, ez dira aktore ezagunak, baina Errumanian aktore on asko dago. Lan asko egindakoak dira, eskarmentu handia dute, eta hori igarri egiten zaie haien lanean. Ez dago edonoren esku beren lanari ematen dioten distira. Hori ez du edozeinek lortzen.

Akatsik topatzekotan...

Beharbada ondorengo egunetan pelikulaz pentsatzean bururatuko zait zerbait beste modu batean egin zitekeela edo, baina orain, behintzat, ez nintzateke ausartuko akatsik aipatzera. Ni oso gustura sentitu naiz emanaldi osoan.

Gogoan gordetzeko sekuentzia bat.

Pelikulan semeak istripu bat izan du, eta istripu horretan 14 urteko mutiko bat hil da. Eta sekuentzia batean ama, erraina eta semea mutiko hura bizi zen etxera doaz, haren amarekin hitz egitera. Izugarria da sekuentzia. Berez, kontatzen duen unea ere izugarria da, baina baita ere nola egina dagoen guztia, nola doan eszena. Zirrara handia eragiten du. Nahiko eszena luzea da, baina bikaina.

Nori gomendatuko zenioke film hau?

Edozeini. Istorio bikaina da, oso ondo kontatua, emozio asko sorrarazten dituena eta edonori gomendatzeko modukoa. Ez dut uste inori kalte egingo dionik. Ez da barre eginez ondo pasatzeko filma, jakina, baina bai zirrara handia eragiten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.