Donostiako 60. Zinemaldia

Zazpi gomendio, zazpi iritzi

'Amour'. DONOSTIA ZINEMALDIA / BESTEAK.
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Film bana aukeratzeko eskatu diegu zazpi zinemazale ezaguni, Zinemaldian hutsik egin gabe ikusiko duten film bat, eta hura ikusteko arrazoiak azaltzeko. Pelikula ikusi ondoren, hari buruzko iritzia ere emango digute ondorengo egunetan, banan-banan.

Asier Altuna. Zinemagilea

'Amour'

•Zuz.: Michael Haneke.

Gero karteleran egongo ez diren filmak ikusten ditut normalean Zinemaldian, baina Amour ikusteko gogo handia daukat. Lehenengo eta behin, Ramon Agirrek parte hartzen duelako. Casting-erako eskatu zizkioten bideoak egiten lagundu genion Ramoni, eta oso pozgarria izan zen filmean parte hartuko zuela jakitea. Gainera, Hanekeren zinema oso gustukoa dut. Caché ikusi nuenean, harritu egin ninduen, azkena ere orain dela gutxi ikusi dut... Oso pelikula soilak egiten ditu, ederrak benetan».

Ane Muñoz. Zinemagilea

'Mariposas en el hierro'

•Zuz.: Bertha Gaztelumendi.

Ez da erraza halako dokumentalak areto komertzialetan ikustea, eta ez nuke Zinemira sailak eskaintzen duen aukera bikain hau pasatzen utzi nahi. Bakearen aldeko apustua egiten duten euskal emakume batzuen ahotsak ikus-entzunezko pieza batean bildu izanak badu ausardia, eta jakinguraz nago haiei entzuteko eta Bertha Gaztelumendik eduki horri eman dion egitura/ikuspuntua ezagutzeko».

Iñaki Lazkano. Zinema irakasle eta ikerlaria

'Post Tenebras Lux'

•Zuz.: Carlos Reygadas.

Carlos Reygadas oso zinemagile interesgarria iruditzen zaidalako aukeratu dut Horizontes Latinos saileko film hau. Batalla enel cielo uherrak (2005) ahoa bete hortz utzi ninduen. Luz silenciosa ederrak(2007), aldiz, hunkitu ninduen. Badakit mexikarraren film berriak oso harrera txarra izan zuela Cannesen. Ez dut maisulan bat ikustea espero. Proposamen ezberdin bat baizik. Ez besterik».

Joni Ubeda. Musikaria

'El limpiador'

•Zuz.: Adrian Saba

Giza Eskubideen Zinemaldian eta Donostiako Zinemaldian bestela ere ikusiko ez ditudan filmak aukeratzeko joera daukat. Perun zer zinema egiten den ikusi nahi dut, eta horretarako, Zuzendari Berriak saileko Adrian Sabaren filma aukeratu dut. Ikusiko dugu aukeraketarekin bazterra jo dudan ala ez».

Harkaitz Cano. Idazlea

'Blancanieves'

•Zuz.: Pablo Berger.

Film gutxi eta arriskutsuak egiten dituzten zuzendarien familia madarikatukoa izaki, interesa piztu dit Pablo Bergerrek. Torremolinos 73 oso txukuna iruditu zitzaidan, baina urte mordoxka igaro da geroztik. Trailerra ikusi ondotik The Artist-ekin alderatu dute, izatez haren egitasmoa lehenagokoa den arren».

Arantxa Urretabizkaia. Idazlea

'Leku hutsak, hitz beteak'

•Zuz.: Joxeanjel Arbelaitz.

Azken urteotan gogokoen dudana, literaturari dagokionez, fikzioa da, eta zineman, dokumentalak. Horregatik, Zinemaldiak eskaintzen dizkigun dokumentalen artean Joxeanjel Arbelaitzena aukeratu dut, Zinemira sailekoa. Batetik, filmak literatura duelako hizpide eta, bestetik, Bernardo Atxaga delako protagonista. Eta Atxaga, bere liburuekin eta hortik kanpoko hitzekin pentsarazten didan pertsona delako».

Anari. Musikaria

'Emak Bakia Baita'

•Zuz.: Oskar Alegria.

Oskar Alegriaren filma da nire aukera. BERRIAri emandako elkarrizketan, Alvaro Cunqueiroren hitzak aipatzen zituen zuzendariak: 'Lurperatzen diren gauzetariko asko ez daude hilda'. Premisa benetan ederra iruditu zitzaidan zerbaiten bila hasteko. Zoriaren eta errorearen inguruan aipatzen zuen antimetodoa ere oso interesgarria iruditu zitzaidan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.