Hollandek frantziar gehiagoren babesa lortu du presidente denetik

Inkesten arabera, legebiltzarreko ezkerreko alderdiek gora egingo dute datozen hauteskundeetan

Ane Urrutikoetxea.
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
François Hollande Frantziako presidentea geroz eta babes handiagoa bereganatzen ari da. Hauteskundeak irabazi eta hilabetera, Frantziako herritarren %62k presidente berriarekin pozik daudela adierazi dute ViaVoicek egindako inkestan. Horrez gain,legebiltzarreko ezkerreko alderdien blokeak lortu du babes handiena legebiltzarrerako igande honetako bozetako lehen itzulirako. Ipsosen inkestaren arabera, alderdi ezkertiarren blokeak botoen %47 lor ditzake; horietatik %32,5 PS Frantziako Alderdi Sozialistaren aldekoak dira, % 6 ekologistenak eta %7 Ezkerreko Frontekoak. Frantziako presidentearen alderdiak ez dauka lehen itzulian gehiengo osoa lortzeko aukerarik (289 diputatu lortu beharko lituzkete), eta ezkerreko alderdien babesa beharko du. Lehiaren aurretik, zentroak argitu zuen ez zela batuko PSrekin. Botoen %3 lortuko lituzke.

Eskuineko alderdiek aurreko urteetan baino babes gutxiago lortu dute. Inkesten arabera, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak botoen%34 lortuko ditu, eta Fronte Nazionala eskuin muturreko alderdiak, %14. Marine Le Penen alderdiak ez zuen ordezkaritzarik lortu legebiltzarrean duela bost urte, eta, inkesten arabera, aurten hiru diputatu bereganatuko ditu, kanpaina hasieran iragarritakoa baino gutxiago. Dena den, ez luke talde parlamentariorik sortzea lortuko, horretarako hamabost diputatu behar baitira.

Hollanderen programak harrera ona izan du frantziarren artean. Izan ere, sozialisten aldekoen kopurua aurreko urteetan baino handiagoa da. Frantziarren %67k uste dute ezkerrak irabaziko dituela legebiltzarrerako hauteskundeak, eta %20k diote eskuinak irabaziko duela. 2007an, botoen %36 baino ez zituen jaso zentro-ezkerrak legebiltzarrerako bozetan. Gainera, 2007an Nicolas Sarkozyk Frantziako presidente aukeratu zutenean izandako babesaren parekoa lortu du Hollandek (%57). Behin-behineko lehen ministro Jean-Marc Ayraultek ere herritarren babes zabala lortu du: %57.

Eserlekuak lortzeko borroka

Hollandek babes handia lortu behar du parlamentuan, kanpainan agindutakoa bete ahal izateko, hala nola urtean milioi bat eurotik gora irabazten duten enpresa handiei eta pertsonei zergak igotzea, gutxieneko soldata igotzea, irakasle gehiago kontratatzea eta erretirorako adina 62 urtetik 60ra jaistea.

Bestalde, Le Peneskuin muturrekoaren eta Jean-Luc Melenchon Ezkerreko Frontekoaren arteko lehia gogortu egin da aste honetan. Melenchonek etorkinak babestearen alde egindako hitzaldi batean esandakoa erabili du Le Penek haren aurkako kanpaina egiteko, eta Ezkerreko Fronteko buruak Le Penen aurkako salaketa ezarri du, hitzak testuingurutik atera dituela esanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.