Donostiako 61.Zinemaldia. SailOfiziala. Kritika

Ohiko susmagarriak

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun
'Devil's Knot'

Zuzendaria: Atom Egoyan. Aktoreak: Reese Whiterspoon, Colin Firth. Herrialdea: AEB. Iraupena: 114 minutu.

Misterioz gainezka dagoen egiazko kasu batean oinarritua dago Atom Egoyanen azken filma. Arkansasko herri txiki batean hiru haur hilda agertu dira, eta haien hiltzaileen —poliziaren ustez, behintzat— atxiloketa, epaiketa eta jasotako zigorra kontatuko digu.

Batzuek hots handiko zinemagile saritu honi bere eskua nabaria ez izatea leporatuko diote. Eta agian ez dute huts egingo. Baliteke egile ikuspuntu pertsonala eta nortasun falta izatea Zinemaldiko Sail Ofizialean distiratzeko. Baina egiazko kasu hau zinemara eramateko ez da ezinbestekoa. Egoyanek zintzo jokatu nahi izan du, bere unibertsoa edota artistaren harrotasuna alde batera utzita. Gertaera beldurgarri horretan polizia txostenek pizten dituzten zalantzei protagonismo osoa eman die. Betarik galdu gabe.

Edozein kasutan, eta antza txiki bat eduki arren, film egiazale honek ez ditu telefilm arrunten gabeziak. Egoyanen asmo bakarra ez da Polizia eta Justiziaren zabarkeria salatzea. Komunitate eta oro har herri baten masa haserretuak itxuraz ilun edo desberdin direnei dien beldurra eta aurreiritziak azaldu nahi dizkigu. Eta xehetasun handiz egiten du, inoren aldeko jarrera hartu gabe. Susmoak eta zalantzak begirada konplize eta hitz txikietan du euskarria. Batez ere hildako haurretako baten ama eta ikertzaile pribatua gauzak diruditena ez bezalakoak izan daitezkeela susmatzen hasten direnean. Une horretan zinemagilearen sendotasuna gailendu egingo da. Lanak ez du inor txundituko, baina film duina dela ezin da ukatu. Zarata handirik egin gabe, emaitza Egoyanen erregistro aldaketa baten moduan uler daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.