Fabio Gonzalez. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko parte hartze teknikaria

«Zahartzen ari da gazteen parte hartze eremua; belaunaldi aldaketa behar da»

Gazteen parte hartzeari buruzko ikerketa bat egin du Gonzalezek, eta ondorioztatu du egoera sozioekonomikoa haien nortasunaren isla dela: itxaropena apaldu eta partaidetza igo dela dio.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Zein oztopori aurre egin behar diete gizartean parte hartu nahi duten gazteek? Zein arrazoi dituzte uko egiten dutenek? Zer egin daiteke gazteen arreta erakarri eta parte hartzea bultzatzeko? Galdera horiei erantzuna bilatzeko asmoz, ikerketa bat egin du Fabio Gonzalezek (Madril, 1985). EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko parte hartze teknikaria da. Gazteen eta parte hartze aktiboaren arteko elkarreragina ardatz hartuta, egungo egoera iraganekoa baino «oparoagoa» dela ondorioztatu du. Dena dela, parte hartzea eragotz dezaketen trabak ere badirela dio. Gomendio sorta «zabala» atondu du erakunde, elkarte eta EGK-k egin beharko lituzketen aldaketez. Alor anitzetako 75 eragiletako kideak elkarrizketatu eta hiru eztabaida talde antolatu dituzte. Orotara, 116 lagun aritu dira ikerketaren langintzan.

Ikerketa bat egin duzu gazteen parte hartzea aztertzeko. Zertan datza?

Erabat kualitatiboa izan da lanketa, hainbat elkarte, eragile eta erakunderekin eginikoa. Elkarrizketa eta eztabaida taldeen bitartez, galdera hauek egin dizkiegu gazteei: aktiboki parte hartzen duzu gizartean? Zer dela eta? Eta erantzuna ezezkoa bada, zer arrazoi dituzu ez parte hartzeko?

Zehazki, zein adin tartetakoei?

EGKn, 18 urtetik 30era tartekoak hartzen ditugu gazte gisa. Halere, zalantzan dago gaztetasunak noraino heldu beharko lukeen. Lehia dago; gazte izatea 35 urtera arte luzatuko lukete batzuek.

Zein dira aktiboki parte hartzen duten gazteen arrazoi nabarmenenak?

Balioei lotutako arrazoiak dira gehienak; besteak beste, balioak praktikan jartzeko, gauzak aldatzeko eta integrazio soziala bultzatzeko erabakitzen dute parte hartzea. Baita familiako ohiturei eusteko ere; sendien usadioei nolabaiteko segida emate aldera.

Eta parte hartzen ez dutenena?

Parte hartzeari uko egiten dioten gazteen argudioetan ere arakatu dugu, eta jakin dugu haien ezezkoa estuki lotuta dagoela erakargarritasunarekin. Parte hartzeak xarma berezirik ez badu, alboratzeko joera handia daukate.

Ez dute arrazoi komunik?

Bai. Parte hartzeko ohitura dutenek ulertzen dute herritar ugarik atzera egin dezaketela talde asko itxiegiak izateagatik. Aldi berean, eta gizartean, oro har, gazteak ez direnek dute lidergoa; erabakiak hartzeko eskumena, alegia. Horren ondorioz, gazteei sarritan ausardia falta zaie erabakiak hartzeko, uste dutelako oso zaila dela beren iritziak aintzat hartzea. Esparru jakin batean esfortzua handia bada ere, ez du eragin bera.

Zer-nolako esparruez mintzo zara?

Parte hartzea boluntarioa da, eta bide anitz daude horretarako. Edonon parte har daiteke: sindikatuetan, aisialdi eta kirol taldeetan, kultur elkarteetan, boluntario gisa... Bakoitzak du ezaugarri propioa. Helburuak, alabaina, partekatuak dira: aldaketak eragitea edota integrazioa sustatzea.

Zein ondorio nagusi atera dituzu?

Neurri handi batean, zahartzen ari da gazteen parte hartze eremua, eta eragileen arteko belaunaldi aldaketa behar da. Ezinbestekoa da, gazteek pisuzko erabakiak har ditzaten aurrerantzean. Autokritika gisa atera dugu ondorio hori; izan ere, elkarteetan maiz gertatzen da erabakiak hartzen dituztenak gazteak ez izatea.

Nolakoa da egungo gazteen parte hartzea gizartean? Eragina du krisiak?

Gazte guztiek, belaunaldi gisa, egungo egoera sozioekonomikoaren nortasuna dute. Itxaropen apalagoa dute orain, eta alor sozioekonomikoa hartu dute erreferente gisa. Haien isla da. Gehienek egoerari buruzko interpretazio bertsua egiten dute. Lehen, arlo sinbolikoa zuten interesgune gisa. Adierazgarria da, behintzat.

Gaur-gaurkoz, zein iritzi dute gazteek ordezkari politikoei buruz?

Politikarien inguruko urruntasuna oso nabaria da gazte ororen artean. Mesfidantza ikaragarria da, batera edo bestera eraginak jasaten baitituzte gazteek. Hausnarketa sakona egiteko aproposa da.

Alabaina, atzera begira, egoera hobetu edo okertu egin dela uste duzu?

Ikerketa hasi aurretik, parte hartzea jaisten ari zela pentsatzen genuen. Edonola ere, ondorioztatu dugu gazteak prest daudela oraindik. Oro har, gazteen parte hartzeko gogoa %60 handitu da azken boladan, edo berdin mantendu da, behintzat. Egoera askoz ere oparoagoa da: 2004an, %27 gaztek parte hartzen zuten; 2012an, berriz, %42k. Egoera sozioekonomikoa ez da batere ona, baina parte hartzea badago, emakumeen artean, bereziki: gizonezkoek baino gehiago parte hartzen dute.

Langabeziak behartuta, gazte ugarik hartu dute atzerrirako bidea.

Kezkagarria da. Gazteen artean, segurtasunik eza gailendu da: ez dakite non biziko diren, non lan egingo duten, ezta lanik topatuko duten ere. Oso belaunaldi prestatua dugu, baina gazteei ezinezkoa zaie beren itxaropenak betetzea.

Halere, badira parte hartzea eragotz dezaketen trabak. Zer proposatzen duzu oztopo horiek gainditzeko?

Eragileei jarrera irekia izatea eta belaunaldi aldaketa bat ahalbidetzea eskatzen diegu. Partaidetza era berriak urratzeko aukerei ateak irekitzea ere gomendatzen diegu: sare sozialei, adibidez. Administrazioari, ostera, gazteen arazoak bertatik bertara ezagutzeko eta laguntzak ez murrizteko exijitzen diogu. Kontakizun soziala hobetzeko ere ekarpenak egin ditzakete, betiere agintaldiz agintaldi aldaketarik egin gabe.

Zertan lagun dezake EGK-k?

Gazteen ispilu gara. Haien eguneroko bizitza gertutik aztertzea dagokigu, eta horretarako ikerketak egitea. Gazteen izaera eraikitzen lagundu behar dugu, administrazioarekin zubi lana eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.