Martxoaren 24ean BERRIA kazetari Joseba Tobar eta Edurne Eguzkitza adiskideek Hendaiatik zuzendariari igorri hitzek ukitu nautela aitor dut. Irati euroaginduaren aztaparretarik bereziki zaintzen dute hor. Iparraldeko eguneroko bizitza dastatzen dutela, ohartzen dira ez dela guztia zuri ala beltz eta iparraldeak, askotan hegoaldekoek ezagutzen ez dituzten nabardurak badituela.
Gogoetatzen jarri eta mende erdia bederen badu septentrio honek mugaz haraindiko haurrideak laguntzen, sustengatzen, gerizatzen dituela, bere segurtasun propioaren kaltetan ardura. Hegoaldeko eztabaida politikoek urrako latzak eragin dituzte hemen denboran, baina gaur presioa apaltzen doala, agertzen da demagun kontseilu orokorrerako hauteskundeen karietara EH Bai alderdiak emaitzen araberako egun ederrak dauzkala etorkizunean. Konturatzen gara agian hegoaldeko kalkoak iparraldean hedazearena huts bat dela. Politika mailan bezain hizkuntzarenean.
Iparraldea ez da bakarrik opor-toki baketsua, euskal literaturaren jatorria edo gudari unatuen aterbea. Tematsuki geroa harilkatzen dabilan gunea ere da, ekologiaren, ekonomiaren, kultur aniztasunaren eta autopsiarik oraino behar ez duen mintzairaren alorrean.
Bira
Ukitua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu