Bira
Beatus
Maiatzaren leheneko berri sailak entzutean iruditu zait Basilika nobelaren orrialdeak itzulikatzen ari nintzela. Barre gutizia nuen. Karol Wojtila alias Joan Paulus II kanonizatze hildoan jarri zuten Erromako arduradun integristek. Hil kutxa lur azpitik atera eta egun osoan berrehun mila jende pasatu zitzaizkion aitzinetik, begiak hertsiz eta batzutan, itxuretan ageri zenez, musu gartsua egur mutzituaren eremuan pausatuz. Beurk.
Mirakulua eragin zuen Wojtila poloniarrak, parkinson eritasunak gartzelatu frantses serora bat post mortemeko telepatiaz senda araziz. Zirko Handira azaldu zen gaixo ohia, irria ezpainetan eta arrosa gorria daldararik gabeko ahurrean. Fikzio galanta montatua zuten estatu ezberdinek aita saindurik mediatikoenaren ohorez. Kazetariek errepikatzen ziguten sinestea aski zela, ikerketa berezirik ez zela eskatzen, jainkoaren bideak zula ezinak direla eta arrazoia ez zaiola beti fedeari nagusitzen. Katolistak dogmak gogortzen doaz, islamistak bezala, erlijioen arteko lehiaketa irabaztea helburu.
Dena delakoa, langile amilduen eguna aurten igande izanez, elizak eta Pariseko Fronte Nazionalaren manifestaldiak usteldu zuten. Ez zen besterik ikusi.
Circus Maximus.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.