Uda dator, uda hor da. Hondartzetan agertzeko bikini sexiak janzteko gai izan zaitez! Hori da jendartearen manua. Publizitateak erotzen dabiltza: aste betez hamar kilo galdu, gerriko gantzak urtu arazi agudo, nahi dena janez argaldu, ez dute beste lelorik. Erregimenak eta new age kutsuko coach delakoak pantailetan ausatzen dira. Emaztea ostiral saindua bezain mehe nahi da aurten ere itsas bazterretan.
Manuaren eta errealitatearen artean lezea bada. Herritarrak, gaizki elikatzen eta aski higitzen ez direlako, loditzen doaz osasun zerbitzuei arazoak sortuz. Argi dago ereduak ez direla aldatzen: hilabetekari femininoetako manekino mehakoilek erakusten dute norabidea. Nekez baizik jabaldu ez daitekeen insatisfakzioa hazten digute irudi hormatuek, norberaren gorputz inperfektoarekiko disgustoa, gorrotoa batzutan, adinarekiko bilakaerari buruzko ezin egon haserretua.
Ederra izateko sofritzea eskatzen da. Sakrifizioak eginez bizitzak sakrifikatzea. Seduzitu behar delako derrigor. Hauturik ez da. Ondorioz plaza publikoa debekatzen zaio itsusiari eta Virginie Despentesek King Kong Teoriaren lehen orrialdean dagien legez itsusien erditik idazten dut, itsusientzat.
Jendebehe jendemehe.
Bira
Mehatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu