Bira

Zoratzen

Itxaro Borda
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Bakarrik gaude halaz. Nehork ez gaitu entzuten. Gure minetan kiribildurik gabiltza malgortzen gaituen zauria baino ez ikusiz. Ez du balio bestea —beti etsaia?— solaskide gisa bilatzeak. Euskaldunaren psikologia berezia dela ezin uka. Ez dakigu aditzen ditugun larderialdiak handikiek jasan arazten diguten zirika morala arruntaren agerpenak diren ala egia beritablearen aztarnak.

Alta... Zuberoatik itzultzean, autoko irratian Mademoiselle K eta Zazie abeslariak je veux bien me taire rien que pour te plaire errepikatzen hautematean, pentze amilduetarik jazartzen zaigun belar idorraren usainak sudur mazelak kilikatzean, jakintsuen erranekiko dudak sortzen zaizkigu. Orduan beste gaitzetsi hura gara, nekez onartu dezakegun geure baitako etsaia. Halaber etxe ondoko ezki erraldoiaren maldan geldotzean barne-aldaketa sakonaren atarian gaude: mundua usantsua da, koloretsua, gustutsua, anitza, arriskutsua, kuriosa, doloretsua, eztabaidagarria eta geronen hizkuntzaz borobil urdin horren partzuer oso gara.

Basamortu zibernetikoan oihu mutuan higatzen gara orain. Diotenez. Debaldetan. Belarraren eta ezkiaren zoramena burumuineraino doakigula ez dut atzera egingo deiadartzen dugu, Bide Ertzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.