Bira

Top secret

Itxaro Borda
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Egunotan mundu mailako ordena berria —neoliberala alabaina— orrazten darraiten boteretsuen bilkura sekretua gertatzen da Suitzako San Moritzeko hotel batean. Hor dira aferagileak,oligarkoak, politikariak eta hauen erabakiak ozen aldarrikatzen dituzten kazetariak. Bilderberg taldea osatzen dute eta 1954etik hona urte oroz juntatzen dira sekreturik handienean. Wikileaks-eko tematsuei esker hondar hamarkadetako batzarren berriak plazara jaukitu zitzaizkigun.

Egoera ankerra da: kaos soziala antolatzen dutenak handizki eta gordean solastatzen diren artean, Madriletik Baionara sumaltzen dira deus ez dutenak, oihal etxoletan, gauaren erdian zakurren zaunkak oihar. Erakusten digute alderdi eta sindikatu ohien hitz orduetarik at ekitea zein zaila den askorentzat edo berdin norbera bakun antzeko hiritar ezindu gisa agertzea, gaitzeste mediatikoaren omerta jasanez. Baina begimenean ditugu, derrigorrezko kontsumo jaiduraren mihi isilduaren izkineko kalitxa zornetsuaren pare. Pauperizaturiko oldeak, gaur ez bada bihar itzuliko dira, biderkatuak.

Bilderbergekoek ala Pariseko hileroko Mendeko Afarikoek otruntza erraldoiak eskura dituzte, baina jada weblari zirikari zenbait dauzkate atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.