Albistea entzun

Bira

Gotorlekua

Itxaro Borda -

2011ko apirilak 28

Kanpotik datorrenak badaki zaila dela Roissyko aireportuan aduana eta polizia kontrolak gainditzea. Europa egiazko gotorlekua bilakatua da, bizidunak haserre grisak daramatzala. Krisiaren ondorioz ematen du Europa animale hori kraskatzen hasten dela bere oinarrietan. Batzuk euroaren zitala gaitzesten dute, besteak Alemaniaren leadershipa salatzen dabiltza eta azkenek, hala nola Sarkozy eta Berlusconik, Schengen deitzen duten eremua giltzatu nahi lukete.

Lampedusara heldu eta Italiak pasaportez apaindu hogeita bost mila tunisiarrek sortzen dute arazoa. Barne-mugak hetsiko dituzte, duela mende laurdena Frantziak Txernobyleko laino irradiaktiboari egin zion bezala. Galdera zera liteke: ez al da tokirik migrante kopuru txiki horren kabitzeko Europa zabalean? Hain nekez lortu jendeen eta gauzen aske ibiltzeko eskubidearekiko adostasunak zalantzan jarriko ote ditu, hauteskunde ezberdinei begira Italian, Frantzian edo Alemanian altxatzen doan eskuin-muturreko populismo oldeak?

Europaren eraikuntza alorrean ere neoliberalismoak errebisionismoa dakar. Uhertzen ditu diskurtsorik funtsezkoenak. Tunisiarren bizkar, dena dela, fronterrak alanbrez setiatzeko estakuru bat bederen badute...

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...