Bira

Sumendia

Itxaro Borda
2011ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Grimsvötn sumendia ketan altxatzen da Islandiako zeruan eta errauts telurikoak laster Europako ortzeak ilunduko ditu, hegazkinen ibilerak trabatuz. Irudi handiosak jazartzen zaizkigu pantailetan Rykers uhartekoak kasko zokoetan ezabatuz. Lurraren erraiak oker, puzker eta operka dabiltza. Sosegarriki hondarrean.

Islandiarrak beraien sumendien antzekoak dira. 2008ko krisiak belaunikatu zituen: herritar bakoitza hilabetean ehun euro ematera behartua zen NDF-aren aginduz Icesave bankua salbatzeko. Urte bat beranduago gobernu berria jarri zuten herriaren giderren kudeatzaile. Iragan larrazkenean egunkari berezietan baizik aipatu ez zen erreferendumaren ondoriozko erabaki ozena hartu zuen, zorraren ez ordaintzea alaina.

Parlamentua konstituzio zuzenagoaren lantzen ari da, elizaren, estatuaren eta botere antolatuen arteko bereizketa argia, aberastasun naturalen nazionalizatzea, hiritarren ordezkatze egokiagoa helburu.

Olafur Grimsson lehendakariaren hitzak errepikatu genezazke euroguneko biztanleok ere: jende arruntenei —laborari, arrantzale, irakasle, erizain eta meduku— eskatzen ahal ote da banku pribatuen porrotaren arduradun izatea?

Miseria guztiak zarta araz ditzakeen galdera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.