Bira

Jaitapur

Itxaro Borda
2011ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Deusetaz ez dira lotsa. Fukushimako adibide latza ez zaie aski. Bombay hegoaldean kuskatzen dira hiru plaka tektoniko eta Jaitapuren behar dute munduko zentrala nuklearrik indartsuena eraiki datozen urteetan. Hamar mila megawattekoa. Areva frantses enpresaren eskutik. Sarkozy VRP delakoa saltzaile, bazterretik jakiten den arren, kontratua ez dela oraindik finkoki izenpetua. AHT-ren kasuan bezala, lanak baimenak eskuratu baino lehen hasiak dira.

Pobreak izanagatik, indiarrak ez dira zozoak. Laborantzako lurrak funditzen dizkieten makina erraldoien sakerik ez dute nahi. Hargatik multinazionalak ez du jende xehe horiekin negoziatzen. Berrikitan manifestaldi populutsua garatu eta kide bat balaz hilik suertatu da. Nonbaitik ere emazte bat dago oldarraren buru. Oroitu gaitezen haren izenaz: Vaishali Patel. Ez omen dutela etsiko errepikatzen zuen hurbildu zitzaizkien telekate apurren kameren aitzinean. Jaitapuren halaber, poliziaz inguraturik abiatu dira zentralaren altxatzeko obrak.

Herrialde aberatsek onartzen ez dituztenak, hala nola soia transgenikoaren hazkuntza eta nuklearra deslokalizatzen dabiltza boteretsuak, kontsumo eredua aldatzeko ordez eletrika Indiari erostea helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.