Europako hauteskundeak. Kanpaina

Iturgaitzek dio Katalunian zer gertatu zain dagoela EAJ «sezesionismoa gidatzeko»

PPren hautagaiaren arabera, elkar hartuta ari dira Kataluniako eta Euskal Herriko «abertzale guztiak»

Carlos Iturgaitz PPren hautagaia, alderdiko kideez inguratuta, atzo. M. R. / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2014ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Jeltzaleak «itxurak» egiten ari direla dio Carlos Iturgaitzek. Kataluniako nazionalistek hartutako bidearekin bat egin ez izanak ez du esan nahi, PPren hautagaiaren arabera, Euskal Herriaren independentzia ez dutenik nahi EAJko egungo buruzagiek. Are gehiago, Iturgaitzen ustez, Katalunian zer gertatu itxaroten ari dira, ondoren, haiek hartzeko «prozesuaren lidergoa». «Orain atzeragoardian dago EAJ, gertakarien zain, ondoren jauzia egiteko eta jartzeko prozesu sezesionistaren abangoardian».

Bilbon eginiko gosari informatibo batean, gai bakarra izan du hizpide EAEko PPren zerrendaburuak: Euskal Herriko eta Kataluniako «prozesu sezesionistak». Eta abertzale guztiak jopuntuan jarri baditu ere, bereziki EAJren aurka mintzatu da. Iturgaitzen arabera, Euskal Herriko eta Kataluniako abertzaleak dira «Espainiaren etsai nagusiak», eta PPrenak. Ez PSOE, ez UPD, ez PPren eskuinera sortu diren alderdi berriak. «Erabakigarriak dira hauteskunde hauek, Espainia babesteko nazionalismo sezesionisten erasoetatik», azpimarratu du.

PPren hautagaiaren arabera, elkar hartuta ari dira Kataluniako eta Euskal Herriko abertzaleak. «Erreleboa» pasatzen ari dira bata besteri. PPko kidearen ustez, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak «hasi» zuen bidea, eta orain, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea jarri da horren «buruan». Haren ostean, jeltzaleek hartuko dute «berriz ere» prozesua gidatzeko ardura, Iturgaitzen arabera.

Horiek hala, abertzaleen «amarruan» ez erortzeko deia egin du, eta haien «benetako asmoez» ohartarazi; «printzipioak argi izateko» eskatu die PPko kideei, eta baita PSOEkoei ere. Gaur-gaurkoz, baina, uste du PP dela abertzaleei aurre egin diezaieken alderdi bakarra. Sozialistak «galduta» ikusten ditu Iturgaitzek, «Katalunian bereziki», eta haiekin «koalizio handi bat» sortzeko aukera baztertu du, nahiz eta uste duen gai horretan «batuta» egon behar duten. Azken hilabetetan indartuz doa, Alemanian bezala, PPk eta PSOEk koalizio bat osatzeko aukera, eta herenegun uste hori hauspotu zuen Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak.

EAJ eta EH Bildu Europan

Europara begira, berriz, EAJren eurodiputatu Izaskun Bilbaoren lana kritikatu du Iturgaitzek. Haren proposamenek kutsu «folklorikoa» baino ez dutela dio, eraginkortasunik ez dutela eta ez dietela euskal herritarren benetako interesei erantzuten. EH Bilduri buruz, berriz, esan du egin ahala guztiak egin behar direla «ETAren adar politikoa» Europako Legebiltzarrean egon ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.