Albistea entzun

Itzal luze, ezkutu eta aitortu gabea

Gaur 33 urte hil zuten Joxe Arregi. Torturaren aurkako astea antolatu dute haren sorterrian, Zizurkilen; Maribi Arregi, Francisco Etxeberria eta Iñaki Egañaren hitzaldiekin hasi dute.
Arregi, Egaña eta Etxeberria hizlari, jendez lepo bete zen Atxulondo kultur etxeko aretoa.
Arregi, Egaña eta Etxeberria hizlari, jendez lepo bete zen Atxulondo kultur etxeko aretoa. JON URBE / ARP

Maialen Unanue Irureta -

2014ko otsailak 13

Madrildik iritsi zen albistea, 1981eko otsailaren 4an: ustezko bi etakide atxilotu zituzten. Handik bi egunera jakin zen nor ziren bi lagunak: Isidro Etxabe eta Joxe Arregi. Biharamunean, beste hamazazpi atxilotu zituzten; horiei esker jakin zen torturen ostean Arregik esandakoa: «Oso latza izan da». Atxilotu zutenetik bederatzi egunera hil zen Arregi, torturen ondorioz, gaur 33 urte.

«Hematoma periorbitalak eta isuria eskuineko begian. Hainbat hematoma eskuineko sorbaldan, eta bi hanka eta besoen barruko aldeetan; ubeldura handiak bi ipurmasailetan, bigarren graduko erredurak bi oinazpietan. Burua nahastuta, arnasa hartu ezinik, sabelaldean min lausoa eta bronkopneumonia, birika bat likidoz beteta». Espetxeko erietxean egin zioten azterketa medikoaren emaitza. «Birrinduta iritsi da», funtzionario baten hitzak, bederatzi eguneko inkomunikazioaren ostekoak. Hurrengo egunean, erietxe zibil batera eraman zuten, egoeraren larritasunak behartuta. Bidean hil zen, 1981eko otsailaren 13an.

Joxe Arregiren kasuaz, eta torturaz oro har, hitz egin zuten asteartean Maribi Arregi Joxe Arregiren arrebak, Francisco Etxeberria antropologoak eta Iñaki Egaña historialariak Zizurkilen (Gipuzkoa), Atxulondon.

Egañak emandako datuek erakutsi zuten torturak itzal luzea, ezkutua eta aitortu gabea duela. «Madrilgo prentsak isilarazi bazuen ere», torturaren zantzuak begi bistakoak ziren. Lagun eta senideek euren begiekin ikusi zituzten. Eta argazkiak atera. Torturen berri eman zuen Santi Brouard medikuak: bainuontzia egin ziotela baieztatu zuen. Brouard GALek hilko zuen 1984. urtean.

Arregiren inkomunikazio aldian gutxienez 73 poliziak parte hartu zuten Arregiri galdeketa egiten eta torturatzen. «Guztien izenak ezkutatu zituzten, hamabirenak izan ezik —gogoratu du Egañak—, baina horietako bost baino ez zituzten atxilotu: Julian Marin Rios, Juan Antonio Gil Rubiales, Ricardo Sanchez, Juan Antonio Gonzalez eta Juan Luis Mendez Moreno».

1983an egin zuten hirutik lehenengo epaiketa. Lehenengo bietan, bostak absolbitu zituzten. Azkenengoan etorri zen kondena, Gil Rubiales eta Marinentzat: «Lau hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten bostetik bik. Eta bost egun soilik bete zituzten». Arregik esan zuenez, amorrua sentitu zuten: «Haien gezurrak gure egiak baino gehiago balio zuen».

Errealitate isilarazia

Urteen joan-etorriak ez du anaiaren oroitzaipena itzali. «Txistezalea», «jende guztia amorraraztea gustuko zuena», «saltseroa», «mendizalea». Eta guztiaren gainetik, «beti laguntzeko prest zegoena». Hil zutela jakin zuenean, ama etorri zitzaion gogora Arregiri: «Amarentzat oso-oso gogorra izan zen. Ez dakit nola bizi daitekeen semea baldintza horietan galduta. Osasunari puska handia kendu zion».

Amaieran jasotako txalo zaparradak lortu zuen eztarriko korapiloa pixka bat askatzea, baina ez erabat: «Anaia polizien gehiegikeriak hil zuela aitortzen dutenean, izugarrizko lasaitua hartuko dut. Badakite Joxe nola hil zuten; hori aitortzeko eskatzen dugu».

Etxeberriak, baina, baieztatu zuen aitorpenaren aldeko jarrerarik ez zegoela. Esan zuen tortura dela krimen bakarra oso gutxitan azaleratzen dena, botere publikoek «ozta-ozta» egiten dituztela haiek azaleratzeko ezer. Are gehiago: «Trantsizioan tiraderan sartu zuten torturen gaia, eta ordutik ezkutuan dago». Argitzeko ahaleginak gutxi, eta horiek ezkutatzeko gezurrak, bata bestearen atzetik: «Oso antzekoak izaten ziren, gainera: hildakoa hiru guardia zibili oldartu zitzaiela, edo eskaileretan behera erori zela... Hain ziren narratsak, ez zirela sinesgarriak». Torturez hitz egitean, gertukoak isilarazi eta beste herrialde batzuetan gertatutako kasuak soilik erakutsi ohi direla ere salatu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©Jaizki Fontaneda / Foku

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu du Egiari Zor-ek

Jone Bastida Alzuri

Aldarrikatu dutenez, beharrezkoa da aitortzea eta aintzat hartzea presoek eta haien senideek jasan dituzten biolentzia mota guztiak

 ©@PabloIglesias

Pablo Iglesias: «Demokrazia batek ezin du onartu torturak aplikatzea»

Lander Muñagorri Garmendia

'Non dago Mikel?' filmaren estreinaldian izan zen ostiralean Espainiako presidenteordea Irene Montero Berdintasun ministroarekin

Iñigo Urkullu, Beatriz Artolazabal eta Paco Etxeberria atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gerran hildakoen 110 gorpu topatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak aurkeztu du hobiak lokalizatu eta aztertzeko planaren balantzea. 27 baino ez dituzte identifikatu. Biktimen «duintasuna eta memoria» goratu dute

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, atzo. ©DAVID AGUILAR / EFE

Erkorekak eta Grande-Marlaskak Poliziaren jardunaz hitz egin dute

Maddi Ane Txoperena Iribarren Jon O. Urain

Lehendakariordea eta Espainiako Barne Ministroa espetxe eskumenen transferentziaz aritu dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna