Bira

Khachapauri

Itxaro Borda
2011ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Baiona arago bat dela sinesten dut Santizpiritu zubia zeharkatzean. Maubec karrikaren puntan iragan astean gaualdi berezia bizitu nuen. Nana georgiarrak afaltzera gonbidatu ninduen, osetiar jatorrizko Sergeien konpainian. Georgiako bandera zuri-gorria horman dilinda zela Tiblisen nintzela iruditzen zitzaidan, kaukasiar dantzari sotilen bideoak youtuben ikusten, euskara eta georgiarraren loturak aipatzen, Otar Iosselani zinegileak askotan erakutsi nasaitasun adarrak haztatzen eta khachapouri izeneko gaztazko biskotxak klikatzen.

Ahamen bakoitzaren artean ardoz bete basoa altxatzen da ohituraz eta zutik, mintzaldi txikia asmatzen etxekoak oroitzeko, mugaz gaindikako adiskidantzak ospatzeko, lur honetarik –beti- goizegi joanak gogoratzeko. Godaleta husten da aldian aldika. Burua berotzen doakigu ondorioz eta mihiak askatzen zaizkigu: ezkutuko bidaiak bihikatzen dabiltza, sobietar batasunaren hausketatik landa purruskatu Kaukasia anitzaren tragediak eta oroz bat ekialdearekiko nostalgia izugarriak.

Horretan zetzan unearen edertasuna: denak paper gabeko klandestinoak ginen edo guztiak eskubide berdinen jabeak. Khachapouriak orduan aho-sabaian humanitate ukatuaren gostua zeukan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.