Txinan egun egiten den zinema ikusiko da Itzal Digitalak sailean

Azken belaunaldiko egile independenteek euskarri digitalean egindako lanak emango dituzte Zinemaldian

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Azken belaunaldiko txinatar zinemagile independenteek aurreko hamarkadan, hau da, 2000. urtetik 2010era bitarte egindako lanak ezagutaraziko ditu Donostiako Zinemaldiaren aurtengo ekitaldiak Itzal digitalak: azken belaunaldiko Txinako zinema sailaren bitartez. Formatu askotako hogei film eskainiko ditu sailak—hemezortzi luze eta labur bi—, euskarri digitalean grabatuak denak. Zinemaren bitartez, Txinako gizartearen azken urteetako aldaketa nagusiak ezagutzeko aukera emango du sailak. Berenice Reynaud adituak aurkeztuko du, eta Liu Jiayin eta Zhu Wen zuzendariak Donostian izango dira.

Saileko filmen artean Cui Zi'enzuzendariaren Choujue Dengchang (Enter The Clowns) dago, Txinan homosexualitatearen inguruan egindako zinemagintza berritu duen lana. Baita Ning Haoren Feng Kuang De Shi Tou (Crazy Stone) ere, Txinako komedia berritzeaz gain hango aretoak behin eta berriz mukuru betetzea lortu duena. Beste film aipagarri batzuk honako hauek dira: Ou Ningen Meishi jie (Meisgi street), Pekinek Olinpiar Jokoetarako prestatzeko izandako berritze lanari egindako kritika; Ying Liangen Ling Yiban (The Other Half), istripu industrial bati buruzkoa; eta Emily Tangen Wanmei Shenhuo (Perfect Life), Txinako emakumeen bizimoduaren erretratu intimoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.