«Orain ez bada, noiz hitz egingo dute alderdiek?»

Lokarri herritar sareak bake prozesua errotzeko aukerak ikusten ditu, baina, horretarako, elkarrizketa eskatu du

enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lokarri «harrituta eta arduratuta» dago: bake prozesuan «aurrerapauso garrantzitsu eta eraikitzaileak eman dira», «aro berri batean» da euskal gizartea, baina ordezkari politikoak ez dira elkarren artean hizketan ari. «Urteetan alderdien mahai bat abiaraztea beharrezkoa ez zela argudiatu izan da, horretarako [Eusko] Legebiltzarra baitzegoen. Orain, [ETAren] indarkeriarik gabe eta talde guztien ordezkaritza dagoela, ez dira parlamentuko batzorde batean elkarrekin lanean ari», zioen atzo Paul Rios Lokarri herritar sareko koordinatzaileak, Bilbon emandako prentsaurreko batean. «Elkarrizketa eskatzen diegu alderdi politikoei. Orain ez bada, noiz hitz egingo dute?».Saminduta bezala mintzatu da;ez da hala agertu zalea.

Kasu batzuk aipatzearren, Aljeria 1989, Lizarra-Garazi 1998-1999 edota Loiola eta Suitza-Norvegia 2005-2007 aldietan, ETAksu-eten mota desberdinak emandako garaietan, izan ziren elkarrizketak alderdien, erakundeen eta ETAren artean. Badira bi urte eta erdi pasa ETAk jarduera armatua bukatu zuela iragarri zuela baina, Riosek esan bezala, «alderdi politikoen arteko elkarrizketarako eta elkarlanerako gune bat bera ere ez dago». «Zeren zain daude?», galdetu du. «Ez dago arrazoirik elkarrizketarik ez egiteko». Alderdiei, ondorioz, «autokritika» egiteko eskatu die.

Bakea errotzeko baldintzak

«Bake prozesua errotzeko baldintzak» egon badira, Lokarriren arabera. Urrats «positiboen» artean, eta azkenaldiko gertaerak aitatuz, azpimarratu ditu EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren abenduko agiria —legedia erabili, modu mailakatua, konpromiso indibidualak, iraganean erabilitako moldeari uko eta eragindako mina aitortu—, ETAren armagabetze hasiera —baldintzarik gabe, aldebakartasunez eta bururaino eramateko konpromisoa—, Jaurlaritzaren Bake eta Bizkidetza Planaren aurkezpena eta ETAren «mehatxupean» ziren kideen bizimodua «hobetu» izana.

Azken inkestei ere eman die garrantzia. «Herritarren %70 baino gehiago garaile eta garaiturikgabeko amaiera baten alde daude, ETA desarmatzea eta desagertzea eskatzen dute, biktima guztien aitortza babesten dute, presoak gerturatzearen alde dira eta eragindako minaren aitortza desiragarritzat jotzen dute».

Hortaz, bakegintzan pauso gehiago eman behar direlakoan dago Lokarri. Baina «gertakari argi eta garbiak» aldarrikatu ditu, «interpretazio alderdikoietatik kanpo» daudenak. Duela hiru urteko bi adibide jarri ditu herritar sareak: «ETAren indarkeriaren amaieraren iragarpena edo Sorturen estatutuen aurkezpena funtsezkoak izan ziren».

Kazetarien galderengatik, beste bi gai izan ditu hizpide Riosek: Txema Urkijo Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiko aholkulariaren kargugabetzea eta duela 28 urteko hilketa bategatik Josu Uribetxebarria etxean preso sartzeko erabakia. Urkijoren eta Jonan Fernandez Bake Planeko idazkariaren arteko hartu-emanak «funtzionatu» ez izana lastima izan dela adierazi du, eta uste du Jaurlaritzak biktimekiko keinuak egiten segitu behar duela. Uribetxebarriaz esan du badirudiela gaixotasun sendaezinagatik libre geratu izana onartu ez zutenek hura orain «helburu» dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.