Europako hauteskundeak. Kanpaina

Gardiazabalek dio gizarte eragileekin lan egingo duela parlamentuan

«Troika sozial» bat proposatu du Europako Batzordearen eta Banku Zentralaren boterea «mugatzeko»

Erredakzioa
Gasteiz
2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
PSE-EEko Eider Gardiazabalek esan du Europako Parlamentuko talde sozialistak gizarte eragileekin batera lan egingo duela datorren legegintzaldian, eta, horrekin lotuta, proposatu du «troika sozial» bat sortzea, krisialdi ekonomikoak sortu dituen askotariko «minak» sendatzeko eta Europako Batzordeak eta Banku Zentralak Batasunaren erabakietan duten boterea «mugatzeko».

Gasteizen, Ekain Rico hautagairekin batera eginiko ekitaldi batean, Gardiazabalek salatu egin du Europan erabaki garrantzitsuenak hartzen dituztela «inork hautatu ez dituen beltzez jantzitako gizon batzuek». PSE-EEkoaren esanetan, «mugatu» beharko litzateke Europako Batzordearen, Banku Zentralaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren boterea, eta horien ordez, Europako Parlamentuak eta eragile sozialek osatu beharko lukete «Troika berria».

Horren harira, Gardiazabalek hitzeman du talde sozialistak lan egingo duela gizarte eragileekin, Europak estatuei ezartzen dizkien defizit helburuak «malgutzeko» eta Banku Zentrala erreformatzeko. Era berean, proposatu du «garapen sozialerako» itun bat adostea, gazteentzako lana sortzeko, 55 urtetik gorako langabeak prestatzeko eta pobreziaren aurkako plan integral bat adosteko. Europa osorako zerga politika bat ere eskatu du, iruzurrari aurre egiteko bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.