Miren Azkarate.
EAEko Euskararen Legeak 30 urte (III). Ezagutzaren eta erabileraren bilakaera. Iritzia

Nola lortu euskara frikia ez izatea?

2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Euskararen Legeak 30 urte bete ditu, baina nola dabil euskara bera? Iritziak bat datoz, honetan behintzat: ezagutzak gora egin du (nabarmen haur eta gazteen artean), erabilerak ez horrenbeste. Hiztunak irabazten jarraitu behar dugu, baina, batez ere, erabilerak kezkatzen gaitu gaur, eta, lehen-lehenik, haur eta gazteen erabilerak.

Erabileraren esparruan ere komeni da, ordea, erabilera formala eta informala bereiztea; azken horretan sartzen zaizkigu etxekoa, lagunartekoa, kalekoa…Izan ere, batez ere eremu formaletako erabilerak egin du gora; lagunartekoa, etxekoa dabil herrenka. Zergatik? Gaur euskara bigarren hizkuntza dutelako 25 urtetik beherako gazte elebidunen erdiek baino gehiagok; eskolan ikasia, eta ez etxean. Gainera, haur eta gazte elebidun gehienak lehen edo bigarren gune soziolinguistikoan bizi dira; hau da, elebidunen ehunekoa, onenean ere, %50era heltzen ez den guneetan. Beraz, ez dute euskaraz hitz egiteko erraztasunik izango ez etxean eta ez kalean.

Zer egin? Nola lortu haur horiek umetatik hartzea euskaraz (ere) hitz egiteko ohitura? Argi dago ezingo ditugula euskaldundu gune soziolinguistiko horietako helduen %30 edo %40; ez dute askoz euskaldun gehiago izango inguruan helduen artean. Eta argi dago motz geratzen zaiela, oso, eskolan, ikasgelan hartzen duten eredu formala. Erregistro informala behar dute, freskoa, arauak hautsiko dituena, balioko diena… Eta, horrekin batera, aisialdian, eskola-girotik kanpo, euskaraz natural jarduteko «akuiluak» behar dituzte; oharkabean euskaraz jolas egiten, kirola egiten lagunduko dieten gazte eta/edo helduak, etengabe, egun batean eta hurrengoan, elkarri euskaraz hitz egiten ohitu daitezen. Agian, hartara, lortuko dugu denborarekin euskara baliabide natural eta erabilgarria izatea haur eta gazte hauentzat, eta ez eskolan ikasi duten hizkuntza akademiko, «frikia». Hortxe dugu, nire ustez, etorkizunerako erronka handietako bat; ez bakarra, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.