Arrauna. Kontxako Bandera

Bigarren aldiz, bai

Urdaibaik irabazi zuen igandean Kontxako Bandera, herenegungo estropadan ere aurkari guztiak aise menderatuzBigarren garaipena du segidan arraun munduko estropada preziatuenean

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bai, bai, bai, Urdaibai. Hori abesten dute Bermeoko jarraitzaileek, eta esaten dutenarekin bat etorri da Kontxako Banderan gertatua. Bai eta bai egin baitu Bou Bizkaia-k. Bai lehen igandean, eta bai bigarrenean. Zaleen kantarekin jolasean segituz, bai egin zuen iaz, eta bai egin du aurten, arraunlarien estropada kuttunenean.

Historia irauli du bi urte hauetan. Lehen, traineru indartsua izan arren, huts egiten zuen Donostian. Beti zeukan norbait aurretik. Ezinezkoa bilakatuta zeukan lorian bustitzea, baina iaz eta aurten gauzatu egin du helburua. Bai da Kontxako garailea izan daitekeen ontzia. Noiz irabaziko bigarrena eta urte guztian ezezkoaren jiran ibili direnean. Ustezko dopinarekin lotutako Estrobo auziaren harira, beltzak ikusten ari dira arraunlariak. Ez eta ez jardun dute urte osoan, arraunean gozatu nahi eta ezin. Ezezkoa bai bilakatu dute Donostian, eta urte osoko tentsioak askatzea lortu dute. Botika onena baita Kontxan irabaztea.

Aise irabazi du aurten. Lehen igandean, itsasoaren egoerak eta eguraldiaren aldaketak onerako baliatu zituen alde handia ateratzeko. Horren harira, meritua gutxitu nahi izan zaie, nolabait esateko, baina bigarren igandean ere nagusi izan zen Urdaibai. Zazpi egun lehenago azaldu zuen nagusitasuna berriz erakutsi zuen, eta itsasoa lagun izan gabe. Iragarrita zegoena baino bareago azaldu zen itsasoa, baina halako baldintzetan ere ondoen bera moldatu da. Bere txandan, ohorezkoan, Kaiku zaindu beharra zeukan. 33 segundo aurretik izan arren, ez zegoen erabateko konfiantzarik gero garaile izan zirenen artean. Hala behar du, gainera, edozer gerta daitekeelako, gertatu behar ez lukeena. Aurkari zuzenak zer aldarte zeukan ere jakin egin beharko da. Izan ere, kanpora begira aukerak zituztela esan arren, ez da erraza halako aldea kontra izan eta bandera lortzeko itxaropenari eustea. Baina estropada jokatu beharra zegoen, eta jokatu zuten.

Lehen bospasei minutuetan, parean joan ziren bi oilarrak. Urdaibaik bazekien Kaikuk indartsu jo beharra zeukala hasieratik, eta garrantzitsua zen muturra ez hartzea aurkariak. Kaiku ere jakitun zen lehenbailehen jarri behar zuela bere traineruaren proa bestearenaren aurretik, kontrarioa urduri jartzeko balizko aukera baliatzeko. Bi aukeretan aurrenekoa gertatu zen: Kaikuk ez zion aurrea hartu Urdaibairi. Parean jokatu zituzten lehen bospasei minutu horiek.

Ziabogara heldu arteko lau minutuetan hautsi zen zazpi egun lehenago ia erabat hautsi zen borroka. Urdaibaik erritmoa bizitu zuen. Hirugarren kalean zihoan, eta Kaiku aurrenekoan. Baliatu beharra zeukan aukera paregabe hori, eta bai baliatu ere. Jo eta jo, ziabogarako tartea jan egin zuten, eta 33 segundoko altxorra 39ra altxatu zen: sei segundo aurretik ziren buelta hartzeko garaian. Hortik aurrerakoak ez dauka misteriorik. Aurrena zihoana harrotu egin zen, eta bigarren zetorrena, kikildu. Ondorioa, betikoa: aldeak handitu egin zituen aurrena zetorrenak. Azkenean, 24 segundo sartu zizkion Urdaibaik Kaikuri. Bi igandetako denborak batuta, ia minutua atera dio. Horrekin dena esanda dago.

Hondarribia eta Tiran, ondo

Beste gainontzean, sailkapeneko borroka txikietan ez zen aldaketarik izan. Hondarribiak eutsi egin zion bosgarren postuari, lehen txanda irabaziz. Tiran gertu izan zuen, bi segundora, eta biek aurrea hartu zioten Kaikuri herenegungo sailkapenean. Denboraldi bikaina biribildu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.