Krisia Nafarroako Gobernuan

Barcina Goikoetxeari lotu zaio

Yolanda Barcina ez da azaldu gobernu kontseilu osteko prentsaurrekora; bertan Sanchez Muniain eledunak esan du «konbentzimendu osoa» dutela kontseilariak legediaren arabera jardun duela.

joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Bien patuak elkarlotuta daude. Yolanda Barcinak izendatu zuen Industria kontseilari, independente gisa. Yolanda Barcinak goratu zuen presidenteordetzara Alvaro Mirandak kargu utzi ostean. Eta herenegun, Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendariordeak Goikoetxearen aurka egindako salaketaren ondotik, Gobernuak babes osoa adierazi zion presidenteordeari. Izan ere, Goikoetxea Barcinaren apustu pertsonala da, eta orain bere euste horma bihurtu da.

Atzo goizean, Juan Luis Sanchez Muniain eledunak «gezurrezkotzat» jo zuen Nievesen akusazioa, eta nabarmendu zuen Gobernuak «konbentzimendu osoa» duela Goikoetxeak legediaren arabera jardun duela. Hala, Barcina Goikoetxeari lotu zaio. Ez erabat, ordea. Bada ez bada ere, ez zen jendaurrean azaldu. Atzo goizean, inork ez zuen Barcina ikusi.

Gobernu kontseilu osteko saioan, Goikoetxeak Nievesen akusazioak banan-banan gezurtatu nahi izan zituen. Kontraesanetan erori zen, hala ere.

1. Nafarroako Kutxa

Nievesek salatu zuen iazko apirilaren 13an Goikoetxeak eskatu ziola ea CANeko kontseilarien lan errenten atxikipenen urteko aitorpenak (190 eredua) eta beste enpresekin egindako operazioen aitorpenak (F50/437 aitorpen eredua) pasa ziezaiokeen Barcinak interesa baitzuen. Goikoetxeak adierazi du eskaera berak egin zuela, eta ez Barcinak. « Ez dut horren berri, ez zidan [presidenteak] eskatu, nik eskatu nion [Nievesi], baina ahoz izan zen».

Goikoetxearen arabera, une hartan, epaitegietatik zein Parlamentutik CANi buruz datu eskaera oldea jasotzen ari ziren. Adibide gisa jarri du Geroa Baiko Manu Aierdik Parlamentuan urtarrilean egindako galdera bat. «Informazio eskaera anitz eta errepikakor horren aurrean, jakin nahi genuen datu horietara jo ote genezakeen, fiskalitate departamenduari txostena eskatu genion, eta hark esan zigun ezin genuela».

Manu Aierdik gerora zehaztu du Parlamentuan Goikoetxeak martxoaren 26an erantzun ziola datu hori ezin ziola eman. Alabaina, informazio eskaera hori Goikoetxeak Nievesi 20 egun beranduago egin zion, eta eskaera oldea aitzakia gisa erabili duela dirudi.

2. Fabore tratuak

Nievesek kargua bere intereserako erabili izana leporatu dio Goikoetxeari. Industria kontseilari zela, Merca'o jatetxean inspekzio plana izango zuten enpresen zerrenda eskatu ziola esan zuen Nievesek, bere zerga aholkularitzako bezeroen alde.

Goikoetxeak esan du egun batez Nievesekin bildu zela. «Ez dakit zein data zen». Ukatu egin du zerrenda eskatu ziola. Esan du aurretik Idoia Nieves ezagutzen zuela, bere etxean izana zelako. Sanchez Muniainek lagundu dio: «Egia balitz, eta ez da, buruzagiei jakinarazi eta salatzeko betebeharra saihestu zuen».

Idoia Nievesek ere esan zuen bere bezero izandako elikadura arloko enpresa bat «ondo zaintzeko» eskatu ziola Goikoetxeak. Horrek onartu du, enpresako arduradunak deitu ziola lan istripu larri bat izan zuela langile batek, eta ikuskaritzarekin hitzordua zuela-eta atzeratzeko eskatuz. Kasu horretan esku hartu al zuen galdetu zioten: «Uste dut baietz»,erantzun zuen, baina beste kasuetan ukatu zuen.

Nievesek zergadun zehatz bati egindako inspekzioaren aurrean, mezu elektroniko bidez Goikoetxeak esan zuen «jokaldi makurra» egin zitzaiola, zergadun «garrantzitsua» zela eta Barcinarekin komentatuko zuela. Nafarro- ako Unibertsitatea zela baieztatu du kontseilariak. Mezu hori egiazko al den galdetuta, onartu du baietz. Gaineratu du araudi aldaketa bat egon zela 2012an, eta ikastetxe guztietatik «zentro horri bakarrik» egin zitzaiola. «Araua ikusita izugarria iruditu zitzaidan».

3. BEZ Zerga

Nievesek kritikatu zuen 2012an defizitaren helburua betetzeko urte amaieran enpresei egin beharreko BEZ zergaren itzulketak 2013ra atzeratu zirela eta erabaki horrek zerga bilketa nabarmen kaltetu duela. Goikoetxeak esan du Gobernua 2011n hasi zela BEZ zergaren ordainketak atzeratuz: 45 egunetik sei hilabetera eta erabaki horrek 2012ko diru sarreretan eta defizitean ere, beraz, eragin zuela. Atzerapen horiei VWk auto esportazioen komertzializazioa aldatzeko Estatuarekin hitzartutako akordioa gehituta ondorioak izan zituela dio. Goikoetxearen arabera, 2011tik hartutako erabakien osotasuna hartu behar da eta Nievesek ez du hori egin. Bien argudioak gehituta, ordea, argi geratu da erabaki politiko horrek tentsio handiak eragin dituela diru sarreretan eta ondorioz gastuen murrizketetan. Ikerketa batzordeak argituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.