Krisia Nafarroako Gobernuan. Ikerketa batzordea

Ate denak itxi ditu Barcinak

Bihar aterako ditu ondorioak ikerketa batzordeak, baina Barcina oposizioko alderdiek berari ezer ez leporatzen eta zentsura mozioa saihesten saiatu zen herenegun, erantzukizun politikoa alboratuta.

joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak onik eta indartuta ateratzea lortu zuen herenegungo ia zortzi orduko agerraldi luzetik. Bai, bederen, aintzat hartuz gero duela bi aste zer egoera politikotan zegoen. Izan ere, otsailaren 11n Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak zartarazitako bonba informatiboak dar-dar batean utzi zituen gobernua eta presidentea. Haren hasierako erreakzioak erakutsi zuen zenbateraino nozitu zuen kolpea. Lehen 24 orduetan isiltasuna gorde zuen, eta, botereari atxikitzen zaizkien agintarien zuhurtzia erakutsiz, Lourdes Goikoetxea babestu zuen, baina haren alboan aurkeztu gabe. Gerora, dimititzeko keinua egin zuen, baina, behin Mariano Rajoyren babesa lortuta, zentsura mozioa aurkezteko erronka bota zion PSNri.

Bi asteotan, ikerketa batzordeko agerraldiak ondo aztertu eta prestatu dituzte bi protagonista nagusiek: Barcinak eta Goikoetxeak. Nievesen ostiraleko agerraldian zuzendari kudeatzaile ohiak salaketak berretsi baina frogarik aurkeztu ez zuenez, euren estrategia eraiki zuten. Barcinak beregana iristeko ate guztiak ixtea zuen helburu, eta Goikoetxeak horretan lagundu zion.

1. Influentzia trafikoa

Idoia Nievesen salaketaren mamia, hain zuzen, Goikoetxeak ustez bere bezero ohien alde egindako esku hartzean dago. Orain, Kontuz elkarteak eta ELAk salaketa bana aurkeztua dute Espainiako Auzitegi Gorenean, eta, tramitera onartzeko lehen urratsa eginda, hari dagokio ardura judizialak zehaztea. Administrazio publikoan influentzia trafikoari buruz iaz kaleratutako azterketa batean ondorioztatzen da juridikoki ez dagoela deliturik baldin eta saioa soilik badago. Epaileek dute hitza, baina, Espainiako epaileak ezagututa, litekeena da Gorenak goiz edo beranduago Barcina ataka estutik ateratzea berriro.

Batzordeari ez dagokio ardura judizialak zehaztea, politikoak baizik, baina Barcinaren jarrera ulertzeko balio du. Agerraldian argi utzi nahi izan zuen ez dagoela deliturik, eta «legearen arabera» jardun duela Goikoetxeak. Oinarri horren gain, bere burua babestu, eta politikoki kokatu da batzordeak bihar hartuko duen erabakiaren aurrean.

Merca'o jatetxeko bazkariko salaketa larriaren aurrean eskuak garbitu zituen. Erantzun zuen Goikoetxeak inoiz ez ziola arrazoirik eman zalantzan jartzeko, eta, hala, Nievesen salaketa zeharka gezurtatu zuen. Era berean, irmo azpimarratu zuen horrelako gertaera baten berri izango balu gobernuko edozein kontseilari edo UPNko edozein kide kargugabetuko lukeela.

Zuzenean berari eragiten zioten kasuetan, berriz, bere erantzukizuna saihestu zuen. Goikoetxeak herenegun goizean esandakoari esker, CANi buruz informazioa eskatu izana ukatu zuen Barcinak, eta, parlamentariek ezker-eskuin orotariko galderak eginagatik, bere egiazko motibazioa ezkutatu ahal izan zuen.

Nafarroako Unibertsitatearen inspekzioaren inguruan ere ez zen busti. Goikoetxearen esku hartzea defenditu arren, Ogasunaren eta unibertsitatearen jarrerak ere babestu zituen. Denarekin ados zen; unibertsitate pribatua legealdiko «biktimatzat» aurkeztera ere ausartu zen. Hala, parlamentarien ahaleginek kritika politikoaren horman amaitu zuten. Nafarroako Kutxaren galera, dieten auzia eta bestelako krisiak gainditu dituen agintariak argi utzi du jada baduela etikarik ezaren kritikei aurre egiteko nahikoa larru.

2. Kontu ekonomikoak

Haren erabakiak, Nafarroari eragindako ondorio ekonomikoengatik, oso larriak dira. Barcinak iazko otsailaren 18an pozarren azaldu zuen 2012an defizit helburua bete zuela, baina zeren lepotik egin zuen esatea ahaztu zitzaion. Nievesek salatu arte, gardentasuna goraipatzen duen gobernuak ez zuen ezer esan. Ikerketa batzordeak egiaztatuko du erabakiak milioika euroko zuloa eragin duela, eta ironikoena da Eurostatek irizpide gisa jarri zuela BEZaren atzerapena 2012. urtean kalkulatzea, eta ez 2013an.

Halere, Barcinak Goikoetxearen gain utzi zuen erabaki horren ardura herenegun. Berak «irizpide orokorrak» soilik eman zituela eta Finantza Egonkortasunaren Legea betetzera derrigortuta zegoela esan zuen. Ondorioez ez zekien; ez zioten ohartarazi. Batzordeak bihar egiazta dezake hori gezurra dela, eta Barcinaren ahulgune nagusia da. Horregatik galdetu zuen maltzurki defizitaren helburua betetzeagatik zentsura mozioa aurkeztuko ote zioten.

3. Lourdes Goikoetxea

Auziak badu osagai pertsonal bat. Alvaro Mirandak kargua utzi ostean, presidenteorde izateko proposatu zion Barcinak Goikoetxeari, eta uko egin zion. Gero, Idoia Nievesi eskaini eta horren ezezkoa jaso ostean, Goikoetxeak, azkenik, baiezkoa eman zuen. Herenegun, Barcinak presidenteordearen zintzotasuna defenditu zuen, eta hori esatean ahotsa urratu bazitzaion ere, Goikoetxearenganako ustezko leialtasuna bere burua babesteko modu bat da. Bien arteko fideltasuna ez da neurri berekoa izan. Presidenteordearen agerraldiak hutsune ugari utzi ditu, eta Nievesen aldean, sinesgarritasun gutxi. Hala ere, Goikoetxeak Barcina babesteko helburu politiko nagusia lortu du, eta haren balizko eroriko batek jada zailago bihurtzen du erreginari xake-mate egitea.

Adiskidetasunaren izenean, Barcinak bere burua aurretik jarri du, eta Goikoetxea neurri batean erabili. Inoiz laguna bere aurka itzuliz gero, ikerketa batzorde batean egia esateko betebeharrak nabarmen zailtzen du bere aurka itzultzea. Hori ere ondo lotu du Barcinak.

4. Zentsura mozioa

Judo borrokalarien modura, oposizioaren erasoa bere alde erabiltzeko prest dago Barcina. Bihar hartuko du erabakia batzordeak, eta azken hitza PSN/PSOEk izango dute. Alderdi sozialista bera dago jomugan. Zentsura mozioaren alde eginez gero, bere burua biktimatzat aurkeztuko du Barcinak, eta PPk PSOE estutzeko baliatuko du auzia Espainian. Europako Parlamentuko emaitzak erabakigarriak dira Rubalcabarentzat, eta azkenik zentsura mozioaren aukera baztertuz gero, PSNrentzat kolpe hilgarria izango da. Kasu horretan, garaipen bikoitza lortuko luke Barcinak: boterean segitzea eta gaztatxoaren teoria lurperatzea. Alderdi barruko sektore kritikoak jada ez luke argudiorik matxinadarako. PPrekin batzeko bidea libre luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.