Ehunka lagunen ekarpenak jaso ditu BERRIA Taldeak astebetean

Durangoko Azokan bi postu izango ditu taldeak; han ere, 'Zure ziztada behar dugu' mezua zabalduko dute

Azaroaren 26ko bilkuran bildutakoak, kanpainaren leloa eskuan dutela. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Zure ziztada behar dugu kanpaina abiatu eta astebetera, ehunka pertsonak atxikimendua eman diote BERRIA Taldeari. Etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko egitasmoaren helburua urtean ehuna euro emateko prest dauden 5.000 lagunen ekarpenak biltzea bada ere, kanpainaren arduradunek jakinarazi dute era askotariko laguntzak jaso dituztela; ehun eurotik gorakoak batzuk. Astebetean BERRIAlagun egin direnen artean, sarea baliatu dute gehienek ekarpena egiteko. Erabilitako bidea edozein dela ere, guztiei esker ona helarazi nahi izan diete kanpainaren arduradunek, eta «pozik» azaldu dira orain arte jaso dituzten atxikimenduekin.

Azaroaren 26an kanpaina abiatu zenetik hainbat dei eta posta elektroniko jaso dira informazio eske BERRIAren egoitza nagusian, Andoainen (Gipuzkoa). Orain, kanpainaren mezua hedatzen jarraitzea da BERRIA Taldearen helburua: «Gizartea ohartaraztea euskaraz bizitzeko zeinen garrantzitsuak diren, besteak beste, euskarazko hedabideak». Horretarako, gaurtik datorren ostegunera bitartean Durangoko EuskalLiburu eta Disko Azokak eskainitako abagunea baliatuko du.BERRIA Taldeak bi erakustoki izango ditu han, eta BERRIAlaguna egiteko aukera izango dute herritarrek. Izan ere, egunkariaren ohiko produktuez gain,BERRIA Komunitateko kide egiteko eskuorriak egongo dira, eta horiek hartu eta ingurukoen artean banatu nahi dituenak ere eskura izango ditu eramateko.

«Denona den proiektu hau denon artean egitea da helburua», adierazi zuen BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari Joanmari Larrartek, iragan azaroaren 26an Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa) eginiko bilkura irekian. Erleen abaraskaren bidez irudikatu dute BERRIAren irakurle, harpidedun eta bazkideek osatutako komunitatea, eta komunitate horretara diru ekarpenak egingo dituztenak batzea nahi du komunikazio taldeak. Diru «ziztadek», ordea, izango dute saririk, BERRIA Taldeko produktuetan abantailak izango baitituzte BERRIAlagunek, etataldearen jardueren berri izango dute.

Egoera «paradoxikoa»

Enpresak duen egoerak behartuta abiatu du kanpaina BERRIA Taldeak. Izan ere, paperezko edizioaren irakurle kopuruari eusten dion arren, eta Interneten bisita asko —batez beste 19.000 bisita egunero, CIESek jakinarazitako azken datuen arabera— izaten diren arren, taldearen egoera ekonomikoa zaila da. «Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAren diru sarrerak», adierazi zuen Larrartek.

Komunikazioaren arloan gertatutako kontsumo ohituren aldaketari eta laguntza publikoen nahiz publizitatearen bidezko diru sarreren gutxitzeari egotzi zizkion Larrartek taldearen zailtasunak. Sareak protagonismoa irabazi du komunikazioan, baina bide horrek, doakoa izanik, apenas ematen duen diru sarrerarik. Hala, egunkariak zail izango du erronka berriei ekitea eta informazioa euskarri berrietara egokitzea. Hortaz, www.berria.info webgunearen ohiko jarraitzaileentzat egingo da kanpaina bereziki.

2003an sortu zen BERRIA egunkaria lehenbizi, eta BERRIA Taldea ondoren. Zortzi urteko ibilbidean, proiektua sendotu eta hazteko ahalegina egin du taldeak: Irrien Lagunak eta Nora aldizkariak, tokian tokiko Hitzak, Berriketan.info sare soziala eta Bidera mezularitza zerbitzua merkaturatzea dira ahalegin horren ondorioetako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.