'The Tree of Life' filmak kritikaren Fipresci saria jasoko du Zinemaldian

Urteko lanik onena dela ebatzi dute nazioarteko 200 kritikarik; Terrence Malick zuzendaria ez da etorriko Donostiara

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Zinematografiako Kritikarien Nazioarteko Federazioak (Fipresci) Donostiako Zinemaldian eman ohi du bere saria, mundu osoko 205 kritikarik azken urtean estreinaturiko film luzeen artetik aukeratutako lanari. Michael Haneke, Aki Kaurismaki, Paul Thomas Anderson, Pedro Almodovar, Jafar Panahi, Cristian Mungiu eta Roman Polanski dira sari hori jaso dutenetako batzuk. Aurten ospe handiko beste zuzendari batek lortu du, Terrence Malick-ek, The Tree of Life filmari esker. Pelikula horrek Cannesko jaialdiko Urrezko Palmorria irabazi du eta Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak saila zabalduko du, irailaren 16an.

Egun berean banatuko dute Fipresci saria Donostiako Kursaaleko auditoriumean, Zinemaldiaren hasiera ekitaldiaren barruan, baina Terrence Malick ez da bertan izango —Cannesera ere ez zen joan—, eta haren ordez Tri Pictures ekoiztetxeko ordezkari batek jasoko du saria.

Zinemaldiko beste sail batean, Made in Spain izenekoan, hamabost film ikusi ahal izango dira aurtengo ekitaldian. Besteak beste, El abrazo de los peces (Chema Rodriguez), Blackthorn (Mateo Gil), Balada triste de trompeta (Alex de la Iglesia), La mitad de Oscar (Manuel Martin Cuenca),No controles (Borja Kobeaga), No tengas miedo (Montxo Armendariz), ¿Quién fue Pilar Miró? (Diego Galan) eta Todas las canciones hablan de mí (Jonas Trueba) pelikulek osatuko dute Espainian egindako zinemari eskainitako zikloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.