Giltzapean mantenduko dituzte

Konstituzionalak atzera bota du Zabaletak, Jacintok, Rodriguezek eta Otegik aske uzteko jarritako helegitea

Bateragune auzikoen alde Elgoibarren (Gipuzkoa) egindako manifestazioa. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2014ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Preso mantenduko dituzte. Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Arnaldo Otegi giltzapean edukiko dituzte, nahiz eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten laurek. Horixe erabaki du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta Bateragune auziko presoen defentsak haiek aske uzteko aurkeztutako helegitea atzera bota. Lehen hirurek beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak, eta Auzitegi Gorenaren iazko sententzia etetea galdegin zuten horregatik. Arnaldo Otegik, berriz, hil honen amaieran beteko ditu ezarritako espetxealdiaren hiru laurdenak, eta haren defentsak aurkeztua zuen aske uzteko eskatzeko helegitea ere. Haatik, Konstituzionalak atzera bota ditu eskaera horiek, eta laurek espetxean jarraitu beharko dute Gorenaren epaiaren aurka aurkeztutako helegiteari buruz erabaki bitartean edo zigorra osorik bete bitartean.

Otegi, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguezek lau urte eta zazpi hilabete daramatzate preso, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak haiek atxilotzeko agindu zuenetik. Diezek, gutxiago, epaiketaren aurretik behin-behinean libre egon baitzen, baimenarekin. Konstituzionalaren Aurreneko Aretoak atzo goizean aztertu zuen lau presoen defentsak haiek aske uzteko aurkeztutako helegitea, eta erabakiaren autoa arratsaldean argitaratu zuten albiste agentziek.

Defentsaren ezohiko helegitea zen auzitegiak atzo aztertu beharrekoa, lau presoak behin-behinean aske uztea baino gehiago, Gorenaren epaia etetea zuelako helburu. Hau da, KonstituzionalakBateragune auziko mamiari buruz erabaki bitartean, zigor epaia eteteko eskatu zuten abokatuek helegite horrekin, argudiatuta babesa emanez gero inputatuei egindako kaltea ezin izango litzatekeela konpondu. Hala, hiru laurdenak beteak izanda, lau presoak libre geldituko lirateke epaiaren betearazpena bertan behera utziz gero.

Alabaina, albiste agentziek zabaldu dutenez, Konstituzionalak bere epaian dio «denboraren joana» ez dela argudio nahikoa zigorra eteteko. Gainera, orain urtebete esan zuen bezala, auzitegiak delituaren «larritasuna» ere kontuan izan du eskaera atzera botatzeko. Halaber, babes helegitearen inguruko erabakia «etortzear» dela esan du ebazpenean.

Konstituzionalak Bateragune auzikoen helegite bat atzera botatzen duen bigarren aldia da. Aurretik ere, lau preso horiek eta Rafa Diezek zigorra behin-behinean bertan behera uzteko eskatu zuten, Konstituzionalak haien babes helegitea tramiterako onartu zuelako eta hura erabakitzerako osorik beteta eduki dezaketelako. 2013ko ekainean, baina, Konstituzionalak Bateragune auzikoak presondegian uztea ebatzi zuen, bost urtetik gorako zigorretan bertan behera uzteko aukerarik ez dagoela zehaztuta. Bost hilabete geroago, fiskaltzak ere bost presoen kontrako zigorrak babestu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.