'Bateragune auzia'

«Delitu bera» berriz egin dezakeela iritzita, kartzelatu egin dute Rafa Diez

Bakearen alde eta irtenbide demokratikoak bilatzeko lanean jarraituko duela esan du bera zigortu duen epaimahaiaren aurreanOtegik, Zabaletak, Rodriguezek eta Jacintok ere jaso dute zigorraren jakinarazpena

jokin sagarzazu
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Bateragune auzian zigortu eta gero, Rafa Diez espetxeratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Atzo jakinarazi zioten espetxeratze autoa, aurrez aurreko saio batean, Madrilen. Auzi horretan zigortu dituzten bost pertsonetatik baldintzapean aske zegoen bakarra zen LABeko idazkari nagusi ohia. Diezek «ihes egin eta delitu bera» errepika dezakeela argudiatuta hartu dute hura espetxerako erabakia Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel Bateragune auziko epaimahaiko magistratuek. «Leporatutako ekintzen larritasunagatik eta kartzela zigorra handia izateagatik ihes egiteko arrisku handia dago», diote epaileek atzo jakinarazitako autoan. Diezek behin-behinean preso egin dezakeen denbora muga ere ezarri dute: bost urte.

Bateragune auzian zigortutakoak atzoko saioa baliatu zuen «herriarekin, bakearekin eta irtenbide demokratikoekin» engaiatuta dagoela aldarrikatzeko. Hura espetxeratzeko epaimahaiak erabilitako argudioek zentzurik ez dutela adierazi zuen, eta orain arte ezarri dizkioten behin- behineko neurri guztiak bete dituela nabarmendu. «Nirekin ez duzue beldurrik izan behar. Ez dut justizia saihestuko. Aurpegia eman nuen aurretik, baita epaiketan ere, eta hemen jarraitzen dut. Joan behar dudan lekura joango naiz, baina nagoen lekuan nagoela, beti borrokatuko naiz nire herriaren alde, bakearen alde eta irtenbide demokratikoen alde», esan zuen zigorra ezarri dioten magistratuen aurrean eginiko adierazpenean.

Epaimahaiaren erabakia jaso ondoren, poliziek eskuburdinak jarrita atera zuten Diez auzi gelatik, eta Soto del Realgo espetxera eraman zuten, berri agentziek jakinarazi dutenez.

Diezekin batera, auzi berean zigortu dituzte Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto. Jacintok ostiralean jaso zuen zigorraren jakinarazpena. Otegik, Rodriguezek eta Zabaletak atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko ziegetan, euren abokatuekin egoteko aukerarik izan gabe. Arnaldo Otegiren izenean haren senideek kudeatzen duten twitter kontuak dioenez,«bakebidez independentziara» idatzita sinatu dute epaia laurek eta Euskal Herriko «mapa irribarretsu» bat marraztu dute.

Ostiralean jakinarazitako epaiaren arabera, Auzitegi Nazionalak hamarna urteko espetxe zigorra jarri die Diezi eta Otegiri,«erakunde terroristako buruzagi» izatea egotzita, eta Rodriguezi, Zabaletari eta Jacintori zortzina urtekoa, «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta. Auzi berean epaitutako Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal errugabetu egin ditu epaimahaiak, fiskalarekin bat egin eta haiek zigortzeko nahiko froga ez dagoela iritzita. Zigortuek helegitea jarriko dute Auzitegi Gorenean aste honetan.

Atzoko saioan Iñigo Iruin defentsa abokatuak eskatu zuen gutxienez Auzitegi Gorenaren epaia jaso arte Diez behin behinean aske uzteko. Hots, zigorra jaso aurretiko egoera berean uzteko galdegin zion epaimahaiari. Era berean, salatu egin zuen atzoko saioaren berri ez zuela jaso eta defentsa prestatzeko astirik ez zuela izan. Ukatu egin zuen, halaber,espetxeratu ezean Diezek ihes egingo zuela, fiskalak argudiatu bezala, eta hori egin nahi izan balu, «nahikoa denbora» izan duela adierazi zuen.

Vicente Gonzalez Mota fiskalak eta Voces Contra el Terrorismo herri akusazioak, aldiz, Diez berehal espetxeratzeko eskatu zioten epaimahaiari. Fiskalaren arabera, Diezen gaineko «susmoak froga bihurtu» dira eta Otegi, Rodriguez eta Zabaleta bezala, hura ereespetxean egon beharko luke.

Magistratuek bat egin dute, beraz, akusazioen eskaerarekin eta Diez bermerik gabe espetxeratzeko agindu dute. Autoan jaso dutenez, bost urte barru —zigorraren erdia— Auzitegi Gorena erabakirik hartu gabe balego, Diez libre geratuko litzateke. Era berean, Bateragune auziagatik behin-behinean preso egin dituen sei hilabete eta hamahiru egunak bost urte horietatik kentzeko agindu dute.

2009ko urriaren 13an atxilotuzuten Rafa Diez, eta aurtengo apirilaren 26an Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen, baldintzapean eta 30.000 euroko bermepean, ama zaintzeko baimen batekin. Orain epaimahaiak esan du ez dela «ezinbestekoa» Diezen laguntza, eta «beste senide edo inguruko batzuek» eman dezaketela laguntza. Nabarmendu du , halaber, Diezek «erraz» egin dezakeela ihes. «Pertsonekin eta erakundeekin harremana edukitzeko gaitasuna erakutsi du, eta hori balia dezake auzitegien aurrean ez aurkezteko».

Epaiketaren ahozko saioetan auzipetuek ukatu egin zuten haien aurkako akusazioa, eta agerian utzizuten euren asmoa izan zela ezker abertzaleak estrategia armatuarekin haustea ekarri zuen eztabaida sustatzea. Epaimahaiaren arabera, baina, ETAren agindutara ari ziren lan hori egiten. Atzoko saioan, Diezek berriz ukatu zuen haren aurkako akusazioa. «Ni ez naiz ETAko militantea eta are gutxiago ETAko buruzagia. Ni LABeko sindikalista bat naiz, eta nire herriaren alde lan egin dut beti», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.