Albistea entzun

Kukutza. Gaztetxearen aldeko manifestazioa

Errekaldeko lurrikara hedatuz

Kukutzaren alde, milaka lagunek hartu dituzte kaleak berriro, gaztetxea eraisten hasi zirenetik bi aste igaro direnean

Autogestioan oinarritutako proiektuekin jarraitzeko deia egin dute Kukutzakoek
Jende ugari bildu zen manifestaziora; pankarta handi batekin zabaldu zuten bidea, gaztetxearen aldeko mezuarekin.
Jende ugari bildu zen manifestaziora; pankarta handi batekin zabaldu zuten bidea, gaztetxearen aldeko mezuarekin. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Maite Asensio Lozano -

2011ko urriak 9 - Bilbo

Kukutza III azpiegitura bota dute, baina eraikinak gordetzen zuen arima Errekalde eta Bilbo osoan zabaldu da. Kukutza eraisten hasi zirenetik bi aste bete direnean, proiektuak bizirik eta indartsu dirauela frogatu zuten atzo milaka lagunek. Gaztetxearen aldeko aldarriak kaleak bete zituen berriro, lehen egunean bezain tinko eta umoretsu. Orain, autogestio proiektuetan jarraitzeko garaia dela adierazi zuen Kukutzako asanbladak: «Errekalden epizentroa izan duen lurrikarak milaka erreplika izan ditzan auzoetan eta herrietan».

Ia ordu erdiko atzerapenarekin irten zen manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik, zirkulazioa eteteko arazoen ondorioz. 18:30etik aurrera, baina, sudur gorriek, elastiko laranjek, ileorde koloretsuek, mozorroek, akrobaziek, eskujokoek eta erraldoiek hartu zuten ibilgailuen lekua. Eta aldarri batek: «Kukutza aurrera». Aurreko mobilizazioetako lapiko hotsen ordez musika entzun zen, eta manifestazioan parte hartu zuten hiru kamioiek igorritako abestiek kantatzeko eta dantzatzeko aukera eman zuten.

Maria Diaz de Haro kale zabala goitik behera hartu zuen martxara bildutako milaka lagunek. Manifestazioaren aurrean Gaztetxea gara zioen parkartak, baina horren atzetik ugariak izan ziren elkartasun mezuak: Feministok x Kukutza, Herri boterea amestu eta eraiki, Kukullaga goikoa baserria bizirik... Hainbat lekutatik heldutako gazteek ere babesa agertu zuten; besteak beste, Erandio, Sestao (Bizkaia) eta Ordiziako (Gipuzkoa) kartelak ikusi ziren. Ingelesez ere baziren, nazioarteko sostenguaren lekuko: Support Kukutza.

«Hemen gaude Kukutzaren alde», «Gaztetxea, gure etxea» eta «Kukutzatik ez dira pasako» oihuak ozenago bihurtu ziren martxa Ametzolara heldu eta Errekalden sartu zenean. Eta are indartsuago Kukutzaren albotik pasatu zenean. Momentu hartan, 19:30ak pasata zirela, obrak geldirik zeuden, eta gaztetxearen laurdenak zirauen zutik. Makinak babesten ari ziren ertzain mordoaren aurrean hesia egin zuten manifestazioaren antolatzaileek, eta handik pasatu ziren protestan zeudenak; tarteka Kukutzara begira, oraindik ikus zitezkeen marrazki, kartel, oihal, kolore eta oroitzapenei azken agurra egiten.

Mezua agintariei

Manifestazioa amaitutakoan, ekitaldi kultural eta politikoa egin zuten Errekalde plazan. Pailazoen emanaldia egon zen, eta ondoren gaztetxea hustu eta eraisten hasi ziren egunetako irudiak eman zituzten. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak aste honetan Ertzaintzaren jarduna defendatu duela eta, barkamena eskatu zuten Kukutzako asanbladako kideek: «Sentitzen dugu gure buru eta belaunekin zuen borrak apurtu izana».

Era berean, Kukutzaren egitasmoak auzoaren babesa duela ekarri zuten gogora. Horrek okupazioa zilegi egiten duela argudiatu zuten: «Hutsik dauden espazioak okupatzen ditugu; jabea daukate, bai, baina abandonatuta daude. Espekulazioaz gain beste funtziorik ez duten lekuak eraldatzen ditugu, eta auzokoentzako azpiegiturak eta zerbitzuak egiten. Zuek pribatu egiten duzue publikoa dena; guk publiko bihurtzen dugu pribatua dena. Zuek injustizia lege bihurtzen duzue; guk bidezkoa dena egiten dugu, legezkoa den ala ez begiratu gabe».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.