Frantziako presidentetzarako hauteskundeak. Lehen itzuliko emaitzak

«Etsita» botoa eskuin muturrari eman diotenak erakartzeko borroka hasi da

Marine Le Penen Fronte Nazionalak izan duen gorakada erabakigarria izango da Hollanderen eta Sarkozyren arteko lehianSozialistak irabazi du, eta bigarren itzulirako inkestetan ere haren alde daude emaitzak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Lehen itzulian bigarren geratutako presidenterik ez dute inoiz berriz aukeratu zeregin horretarako; Nicolas Sarkozy izango litzateke hori apurtzen lehena, irabaziko balu, eta François Hollande, berriz, hamazazpi urtean Eliseoa gobernatuko duen lehen sozialista izango da bera gailentzen bada. Igandeko emaitzen ondoren, aurreikuspenak bete dira; Hollanderen alde dago egoera lehen itzulia irabazi ostean,eta Sarkozyk, %1,45 punturen aldearekin, ahalegin guztiak eta gehiago egin beharko ditu bigarren itzulira begira galtzaile argitzat jotzenduten galdeketak gezurtatzeko. Erdian, Marine Le Pen eskuin muturreko ordezkaria jarri zaie, espero baino boto gehiagorekin, eta bi hautagaientzat haiek erakartzea garrantzitsua izango da azken emaitzarako.

Bi hautagaiek interpretazio bera egin dute: eskuin muturrera joan diren askok «etsita» egin dute, euren egoerari irtenbiderik aurkitzen ez diotelako. Fronte Nazionalak, berriz, aurreratu du ez duela inoren alde egingo, ez Hollandek ezta Sarkozyk ere ez dutelako haren ideiekin bat egiten, eta Sarkozy ahulduta, Le Penek etorkizunean eskuina bere alde jartzearekin amesten du. Urrunago joan gabe, hala ere, maiatzaren 6ko bigarren itzulira begira kanpainako mezuak baldintzatzeko adina indar badu dagoeneko.

Hollande da igandeaz gero baikorrena, baina «hamabost eguneko kanpaina luzea» dauka aurretik, eta laguntza beharrezkoa du.Jean-Luc Melenchon Ezkerreko Alderdiaren liderraren babesa jaso du (11,13), «trukean ezer eskatu gabe Sarkozy botatzeko borrokatu behar» dela esanez, eta Eva Joly Berdeen ordezkariak (2,31) «hamabost eguneko mobilizazioa» iragarri du.François Bayrou zentroko buruzagiak ez du oraindik bere jarrera erakutsi, baina Les Echos egunkariaren arabera, Mo Dem taldea banatuta dago zuriaren edo Hollanderen aldeko hautuen artean.

Kanpainan

Hasi da kanpaina —ofizialki ostiralean da eguna—. Sarkozyk bi asteotan bere joko eremua izango denaren lagina eman du: «Beharrezkoa da hautesleen botoa errespetatzea; gure eginbeharra haiek ulertzea da. Krisiaren boto bat dago, aukera batetik bestera joan dena etsita, eta krisi boto horri erantzuna eman behar zaio. Sufrimenduaren botoa da. Nik esaten diet: 'Entzun dizuet'». Estrategiak argia dirudi: eskuinerantz egitea, batasun nazionalaren alde, eta François Hollandek gidatuko lukeen ezkerreko batasunaren kontra, Sarkozyren kanpainaren arabera. «Eskuina bere osotasunean ez da inoiz horren puntu gorenean egon», Guillaume Peitier presidentearen taldeko kidearen ustez, eta FNri botoa eman diotenek «okerrena» saihestu nahi badute Sarkozyri botoa ematea beste aukerarik ez dutela iritzi dio Le Figaro egunkariak, presidentearen aldekoak.

Baina joan den igandean gertatutakoak ez du argitzen eskuinerako joera handitu den. Sarkozy, Le Pen eta gainerako alderdi nazionalisten botoak batuz gero, 2007koa baino apur bat handiagoa da—%45 eta %46,9—, baina ezkerreko alderdiak dira nabarmen hazi direnak: %36,4tik %44ra igaro dira. Are gehiago, Fronte Nazionalak izan duen hazkundea ezkerrekoek (%4) eta sozialistek (%3) izandakoaren bera da, eta ezkerreko ideologia biltzen duen blokeak lehen itzulian 1988tik jasotako onena da.

Baina ez dagoela-eta ezer ziurtatuta, Hollandek eskuinari boto batzuk kentzea lortuz gero, ez zaizkio gaizki etorriko, eta ez du aukerarik galdu Fronte Nazionalari botoa eman diotenei hitz egiteko: «Entzun behar ditugu. Nora begiratu ez dakiten gizon eta emakumeak dira, eta joera oso txarrak erakarrita sentitzen dira horregatik. Kasu askotan, hil amaierara nola iritsi ez dakiten langile etsiak dira; gehiago ezin duten erretiratuak; edo nekazariak, edo nora joan ez dakiten gazteak... Entzun behar ditugu».

Sarkozyren eta Hollanderen arteko borroka gogorra izango da bi asteotan. Sarkozyk, hiztun sendoaren doaiei zukua atera nahian, hiru eztabaida saio eskatu dizkio, baina presidentegai sozialista ez dago prest tradizioak agintzen duen baino gehiago emateko: bakarra egiten dute beti. Ez du, era berean, galtzen ateratzeko arriskua duen abenturatan sartu nahi. Ziurtasunez jokatzea eta ez hanka sartzea izango dira ezinbesteko baldintzak.

Le Pen, hazita

Le Pen hazita dago. Fronte Nazionalak historian izan dituen emaitza onenak eskuan, ez du aurreikusten harengandik ideologikoki gertuago Sarkozyren alde egitea: «Ez Hollandek eta ez Sarkozyk ez dituzte gure ideiak defendatzen». Luis Aliot FNko presidenteordeak eman ditu alderdiaren estrategia izan daitekeenaren lehen arrastoak: «Errepublikako datorren presidenteak botere gutxi izango du gobernatzeko», eta «gehiengo berria» beharko du ekaineko bozetan aterako den Asanblea Nazionalean. Alegia, Sarkozyk galtzen badu—hala gertatzen bada erretiratu egingo dela esan zuen—, Le Penek eskuinaren ahots indartsua izateko helburua azaldu du emaitzen biharamunean. Hollandek irabaztea interesatzen zaio, eta dagoeneko bere burua «ezker ultraliberal eta libertarioaren oposizio» gisara ikusten du. Ekaineko legebiltzarrerako hauteskundeak «hirugarren itzulia izango dira».

Baina horren urrun joan aurretik, oraingoz «alde biko akordioak» baztertu ditu Fronte Nazionalak UMPrekin. Fronte Nazionalak botoen %17,9 eskuratu ditu, eta, hala, Le Penek aita Jean-Marieren emaitza onenak gainditu ditu. Jean-Marie Le Penek 2002an botoen %16,9rekin bigarren itzulira igarotzea lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.