Nafarroaren konkistaren V. mendeurrena

Nafarroako kateak kentzera

Milaka eta milaka lagun elkartu dira Iruñean konkistaren bosgarren mendeurrenean, eta arratsaldeko martxa historikoa izan daDuela bost menderen ondoren «Nafarroa bizirik» dela aldarrikatu dute antolatzaileek

Manifestazioaren amaierako irudi bat; jendetza bildu zen, eta Iruñeko Gazteluko plaza txiki geratu zen denak hartzeko. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Milaka lagun Asisko Urmenetari begira daude. Mikrofono aurrean, eskuekin kate batzuei heltzen dielarik, honako aldarrikapen hau egiten du margolari iruindarrak: «Nafarroa libre izan deno, ez du katerik izan. Historia konprenitzen dugu etorkizunerako ditugun planen arabera. Sarrionandiaren aipu honek mamia du. Horregatik, noizbait eman zizkiguten katebegi hauek —eta kateari heltzen dio eta begietara gerturatzen ditu— eta bere aurrean emanbetaurreko batzuk, eta betaurreko hauen arabera, ez gara deus izan espainolak gabe. Betaurrekoak kentzen ditugu, eta ohartu ahal gara libre izan ahal garela eta etorkizuna gurea dela!». Kateak bota ditu lurrera, eta jendeak txaloka hartu du.

Goizetik gaueko ordu txikietaraino 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeak duela bost mendeko konkistaren esanahia ulertarazteko eta Nafarroa bizirik dagoela aldarrikatzeko egitarau zabaleko eguna antolatu zuen atzo. Goizetik gaueraino. Alabaina, arratsaldeko martxa nazionala izan zen jende gehien bildu zuen ekitaldia.

Manifestazio historikoa

Jendetza bildu zela esatea, gutxi da. Milaka, milaka eta milaka lagun elkartu ziren martxan. Armadaren etorbidetik joaldunak osatutako lerroburutik, Iruñeko peña batez osatutako azken lerroraino puntu berean 40 minutu igaro zituen BERRIAko kazetariak, eta, inondik ere, Iruñeko manifestazio historikoen parean jartzen da atzokoa. Martxoaren 29ko greba orokorreko goizeko manifestazioaren parean egon zitekeen atzo arratsaldekoa.

Berezia izan zen, gainera. Hiru zutabe abiatu ziren hiru tokitatik. Miguel Bertiz izeneko zutabea autobus geltokitik abiatu zen, eta, Nafarroa Bizirik taldearekin bat egin duten udaletako hautetsiez gain, milaka lagun zihoazen. Bigarren zutabea Joana Beterrea 1525ean hildako emakumearen omenezkoa. Ehun emakume inguruk elkarri besoa emanez, emakumeak bizirik zioen pankartaren aurretik zuzentzen zuten zutabe hura. Hirugarrena Trinitariosetatik atera zen, eta Mina el Mozo deitzen zen. Independentzia lortutako nazioen ordezkaritza zihoan.

Antoniutti parkean elkartu ziren hiru zutabeak eta independentzia oihuak entzun ziren. Kanoikadak, dantzariak, inauterietako pertsonaia mitologikoak eta joaldunak. Horiek hartu zuten martxaren gidaritza, gero Irurtzungo Orritz taldearen pertsonaia mitologikoak zihoazen eta jarraian Nafarroa Bizirik taldeko ordezkariak. Atzean, milaka eta milaka lagun. Giroa alaia izan zen uneoro, eta presoak euskal herriratzeko aldarrikapena izan zen gehien entzun zena. Manifestazioaren abiapuntua Gazteluko plazara heldu zenerako, oraindik ibilbiderik gehiena egiteke zuten atzekoek. Gazteluko plaza bete zen.

Ekitaldi hasieran, martxan parte hartutako hiru zutabeetako ordezkariek hitz egiten zuten. Ondoren, lau dantzarik ezpata dantza dantzatu zuten, eta gerora Asisko Urmenetak hartu zuen hitza. XVII. mendean, Nafarroako konkista dela-eta Joseph Moret josulagunaren eta Arnaut Oihenart zuberotarraren arteko polemika historiografikoa ekarri zuen gogora. Moretek zioen Nafarroaren armarriak 1212an Navas de Tolosan islamiarrei kendutako kateak ordezkatzen zituela. Urmenetaren arabera, Oihenartek zioen hori ez zela horrela: gaztelarrek Nafarroa inbaditu ondoren hasi zitzaion kateen esanahia ematen. «Kateen sustapena espainolen inbasioaren ondotik etorri zen, ez lehenago».

Historia «baldintzatu du»

Patxi Abasolo 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeko eledunak amaieran eskerrak eman zizkien lau urteotan lan egin duten guztiei. Abasoloren arabera, 1512ko uztailaren 25ean Albako dukearen gidaritzapeko tropek Nafarroa inbaditzeak, ondorengo historia guztia baldintzatu du, gero etorri zelako «kulturizazio eta kolonizazio prozesua». Horregatik, gaur egun, auziak historiografiaren mugak gainditu ditu. «Gure herriak estatu espainiarrekin eta frantziarrarekin dituen harremanen inguruko zati garrantzitsu bihurtu da».

Abasoloren ustez, «konkistatzaileen proiektu politiko instituzionalarekin maitemindu direnak» urduri daude. Egindako lanak agerian utzi du «berdinen arteko ituna eta atxikimendu librea» kontzeptuak «gezurrak» direla. UPNk Madrilen aldarrikatu zuen Espainian «leialtasuna topatzeko» aukera egokia dela mendeurrena. «Hala balitz, Espainian irmo sinesten dutenak zergatik dute hainbeste beldur?».

Abasoloren ustez, «ez dago ezer ospatzeko». Hori egitea, «menpeko jarrera» azaldu eta egungo eredu politikoari «men egitea» da. «Euskal Herri osoko milaka nafarrek argi utzi nahi dugu 500 urte ondoren sektore garrantzitsu batek iraganaren, orainaren eta etorkizunaren jabe izateko aldarrikapenari ez diola uko egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.