Donostiako gazte auzipetuak. Gorenaren epaia

Segikoak izatea egotzita, espetxe zigorra berretsi diete zortzi gazteri

Torturapeko deklarazioetan oinarrituta zigortu ditu Gorenak Donostialdeko zortzi gazte, eta errugabetu egin ditu beste zazpiEpaia gaitzesteko manifestazioa egin zuten atzo, eta elkartasun gunea jarriko dute gaur

Ehunka lagun bildu ziren atzo Donostiako Bulebarrean, zigortutako gazteen kontra Auzitegi Nazionalak emandako zigorra berretsi izana salatzeko. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Segi gazte erakundean egin duten lan politikoagatik beste zortzi gazte zigortu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. «Talde terroristako kide» izatea egotzi die, eta delitu ekintzarik egin dutenik frogatu ez arren, haiek seina urterako preso sartzeko aginduz Auzitegi Nazionalak eman zuen zigorra berretsi du. Beste zazpi lagunen kasuetan, gaizki ebatzi zuela esan dio Gorenak Auzitegi Nazionalari, eta errugabetu egin ditu.

Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Oier Lorente, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez eta Aitor Olaizola dira zigortu dituztenak. Ekaitz Ibero absolbitu egin dute auzi honetan, baina, kale erasoak egotzita beste auzi batean zigortu zutenez, espetxeratzeko arriskuan da hura ere —kartzelara sartzeko eguna jarri zioten, baina ez zen joan—. Edozein unetan atxilotu ditzakete bederatzi lagunak.

Atzo kaleratu zuen epaia Gorenak, eta atzo bertan, epaia salatzeko manifestazio jendetsua egin zuten Donostian. Bertan ziren auzipetuak, eta besarkada eta animo hitz asko jaso zituzten. Auzipetuek, «bihotzez» eskertu zuten jasotako babesa. Gaur jarraituko dute elkartasun ekimenekin, gune bat jarriko dute Bulebarrean, eta han egongo dira, harik eta preso eramaten dituzten arte.

Gorenak absolbitu dituen zazpi lagunak zigortzerako orduan Auzitegi Nazionalak auzipetuei egozten dizkieten kale borroka ekintzak baliatu zituela dio Gorenak, eta hori ezin duela egin. Auzitegi Nazionalari gogora ekarri dio berak banandu zituela ustezko ekintza horiek beste auzi batean, eta orain ezin dituela denak multzo berean hartu. Ondorioz, kale erasoekin lotutako elementuak kenduz gero, zazpi lagun horiek zigortzeko «karguzko frogarik» ez dagoela uste du Gorenak, eta beraz, arrazoia eman die Ekaitz Iberori, Igor Alvarezi, Urko Picazari, Asier Mariezkurrenari, Unai Perezi, Pello Maria Lamarcari eta Beñat Apalategiren defentsei, eta errugabetu egin ditu zazpiak.

Zigortu dituztenen kasuan, berriz, hirugarren pertsonek inkomunikazio aldian haien kontra poliziari egin zizkieten adierazpenak daude funtsean, nahiz eta haiek tortura eta tratu txarrak salatu zituzten. Deklarazio polizial haiei, zigortuen etxeetan topatutako «frogak» gehitu dizkie, haiek zigortzeko nahikoa elementu badagoela argudiatzeko. Froga horiekCDak, zapiak, nikiak, errifak eta txostenak dira, adibidez.

Imanol Ander Vicenteren kasuan, esate baterako, Gorenak dio bi atxilotukesan zutela hura Segiko kide dela. Nolanahi ere, ez du epaian jaso tortura eta tratu txarrak salatu zituela epaiketan bertan. Eta ezta ere, Iberok auzi gelatik irten behar izan zuela epaiketan, inkomunikatuta eduki zutenean bere kargua izan zuen polizietako bat aretora sartu zenean, bere «torturatzailetzat» jo zuena. Hori kontuan hartu gabe, Vicenteren kontrako froga nagusitzat dauka Iberok esandakoa, nahiz eta Vicentek berak Segiko kide denik inoiz ez esan. Adierazpen horiez gain, Vicente gazte erakundeko kide dela frogatzen duten elementuak honakoak dira, Gorenaren irudiko: hiru niki, errifak eta 10 kartel.

Funtsean, argumentazio berdina erabili du zigortu guztiekin: Nahikari Otaegiren kasuan, beste auzipetu batek poliziaren eskuetan zegoenean egindako deklarazioez gain, pegatinak eta Segiren anagramadun DVDak, nahiz eta epaiketan esan zuen ez zela etxe horretan bizi. AitorOlaizolaren, Mikel Arretxeren eta Egoi Alberdiren kasuetan antzekoa gertatzen da. Beste batek beraien kontra egindako adierazpenez gain, haien etxeetan topatutako gisa horretako materiala aipatzen du Gorenak. Haiei gehitzen dio, poliziak aurkeztutako bideo bat, non, autoaren arabera, bi lagun horiek eta beste batzuk agertzen diren, kontzertu batean «Gora ETA» esaten.

Jurisprudentziaren arabera, auzipetuak Segiko kide direla «frogatzeaz» gain «kide aktibo» direla ere frogatu behar da norbait zigortzeko. Guztien defentsek diote inolako kasuetan ez dela halakorik frogatu, baina, Gorenak baietz dio. Hirugarren pertsonek poliziaren aurrean egindako adierazpenek ardura postuetan jartzen dituztela, eta ardura postuetan egoteko «kide aktibo» izan behar dela dio. Kito, ez du behar beste «frogarik».

2007ko urriaren 30ean hasi eta abenduaren 4a bitartean atxilotu zituzten hamabost gazte horiek, Segiko kideak izatea, eta zenbaiten kasuan, kale erasoekin lotura izatea leporatuta. Guztira 26 gazte atxilotu zituzten epe horretan, eta horietatik 18 epaiketara eraman zituzten. 13 behin-behinean espetxean eduki dituzte eta 11k tratu txarrak salatu zituzten.

Epaiketaren aurreneko egunean tortura eta tratu txarrak salatu zituzten epaituetako batzuek. Atxilotu zituzten bitartean torturak eta tratu txar psikologikoak jasan zituztela azaldu zuten, eta horregatik esan zituztela esandakoak, ez egiak zirelako. Akusazio guztiak ukatu zituzten.

Bidea moztuta

Alderdi eta eragile gehienen babesa jaso dute auzipetutako gazteek auzia abiatu zenetik atzora arte pasatu diren urteetan. Elkartasun horren adierazle izan zen atzo bertan egin zuten manifestazio jendetsua. Ehunka lagun bildu ziren, eta«Euskal gazteria aurrera», «Jo ta ke irabazi arte» eta «Ez gaituzue geldituko» oihu artean egin zuten bidea.

Manifestazioa amaitu zenean, Bulebarreko errepidean eseri ziren hainbat gazte, pankarta bat alderik alde jarrita. Udaltzaingoak trafikoa desbideratu zuen, eta inolako istilurik gabe, handik alde egin zuten gazteek eseri zirenetik ordu erdi inguru pasatu zenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.