Udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian (2014)

Aldaketekin datoz bozketak

Zerrenda parekideak osatu beharko dituzte mila biztanlez goragoko herrietan; orain arte 3.500 biztanlez gorakoei eskatzen zitzaienHerriko kontseilariez gain, herri eta hiri elkargoetakoak ere bozkatuko dituzte

Frantziako Parlamentuak maiatzaren 17an bozkatu legeak hainbat aldaketa dakarzkio herrietako hauteskundeei. NICOLAS MOLLO.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Frantziako Parlamentuak maiatzaren 17an bozkatu legeak aldaketa andana dakarkio datorren urtean iragatekoak diren Ipar Euskal Herriko herrietako hauteskundeei. Orain arte 3.500 biztanletik goragoko herriei ezartzen zaizkien hainbat neurri 1.000 herritarrez gorakoei zaizkie zuzenduko. Horrez gain, herriko kontseilariez gain, herri eta hiri elkargoetakoak ere dituzte bozkatuko. Berdintasunerantz eta tokiko demokraziaren azkartzerantz egin urrats gisa aurkeztuak dituzte neurri berri horiek.

ZERRENDA GEHIAGO

1.000 biztanletan muga jarriz

Populakuntzaren heinaren arabera, edo zerrendaren alde bozkatzen da edo pertsonen alde. Bigarren kasu horretan, nahiz eta hainbaten artean zerrenda osatu, izen batzuk marratu daitezke edota gehitu ere bai. 3.500 biztanletik gorako herrietan zerrenda osatu beharra bazuten, orain 1.000 herritarrez goragokoetan dira beharturik. Ipar Euskal Herriko 25 herri dira aldaketaz hunkiak: Lapurdiko Ahetze, Arbona, Bardoze, Basusarri, Bidaxune, Beskoitze, Biriatu, Ezpeleta, Getari, Itsasu, Jatsu, Lehuntze, Sara, Zuraide, Larresoro, Urketa, Ahurti, Milafranga ; Nafarroa Behereko Bastida, Donibane Garazi, Donapaleu, Baigorri, Aiherra; Zuberoako Sohüta eta Maule. Abendu bukaeran emanen ditu biztanleriari buruzko datu zehatzak INSEEk eta baliteke beste batzuei ere tokatzea aldaketa. Abertzaleentzako aldaketa hori interesgarria dela dio Peio Etxeberri-Aintzart EH Bai-ren ordezkariak: «Herri txikietako hauteskundeak politizatzen ditu gehiago; beraz, abertzaleontzako erronka berri batzuk ditugu». Gainera, abertzaleen ikusgarritasuna handituko duela dio. Zerrenda beharturik ez den herrietan abertzale batzuk dira zerrenda batzuetan sarturik edo haien burua abertzale gisa ez dutena aurkezten. Hor zerrenda abertzale gehiago izan behar lirateke. Gaur egun, «zaila da kopuru argi bat ematea», baina 100-150 bat hautetsi abertzale eta 15 bat auzapez abertzale direla dio Etxeberri-Aintzartek.

Legea pasatzerakoan muga horri buruzko eztabaida izan zuten Frantziako parlamentariek. Senatariek 1.000 herritarren oinarriaren alde egin bazuten ere, Legeen Batzordeak 500 biztanleko muga proposatu eta horren alde egin zuten diputatuek. Oinarrizko testuan 1.000 biztanlekoa zenez muga, hori mantendu zuten. Herri txikietan zerrenda osatzeko zailtasunak kausitu ditzaketela kontuan hartu zuten erabakitzerakoan.

Bozketaren legeak, haatik, ez dira aldatu: gehiengo absolutua lortuz gero lehen itzulitik nagusitzen da hautagaitza; bestela, bozen %10 lortu dituztenak dira bigarren itzulira pasatzen. %5 eta %10 artean eskuratu dituztenak batu daitezke zerrenda horiei. Bigarren itzulian, boto gehien bildu dituenak aulkien erdia lortzen du eta beste erdia %5ez gora lortu duten guztien artean banatzen dute (lehen indarra barne).

HERRI ETA HIRI ELKARGOEI SO

Horiek ere bozkaturik

Herriko kontseilariez gain, herri eta hiri elkargoetako kontseilariak ere bozkatuko dituzte. Orain arte, herriko kontseiluan zituzten hautatzen. Milaz behetiko herrietan ez dute herri elkargoentzako hautagaien zerrenda berezirik aurkeztu beharko. Herriko kontseiluko berdinak izanen dira aulki horietan ere. Hori dela eta, bozkatzaileak botoa ematerakoan, de facto herri elkargoarentzako ere emanen dio botoa. Herriari zuzenduriko aulkien osaketak herriko kontseiluko ordenua errespetatu beharko du. Adibidez, lau aulki badituzte, auzapezak ukanen luke bat eta lehen hiru ordezkoek ere bana.

Milaz goragoko herrietan haatik, bi zerrenda izanen dira boto paper berdinean, bata herriko kontseilukoa eta bestea herri edo hiri elkargokoa. Noski, herri edo hiri elkargorako hautagaiak herriko bozketarako ere hautagai egon beharko dira, eta ordena berean. Hautagai kopurua hiriari zuzenduriko aulki kopurua baino bat gehiagokoa izanen da kopurua bostez petik bada, eta bi gehiago bostez gora bada. Adibidez, sei aulki baldin badira, zortzi izeneko zerrenda beharko da.

Bigarren itzulira pasatzeko eta zerrenda moldatzeko baldintzak herriko bozketarako berak dira. Zerrenda moldatua izan daiteke, soilik lehen itzulian aurkeztu eta %5 lortu duten hautagaiak gehitzen bazaizkio. Herriko kontseilurako zerrendak moldaketa ezagutzen badu %5 lorturiko hautagai bat sartuz, orduan moldaketa berdina egiten ahalko dute herri edo hiri elkargoko zerrendan ere. Lehen indarra ateratzen den zerrendak ukanen ditu aulkien erdiak eta besteak, proportzionalean botoen %5 baino gehiago lortutako guztien artean banatuko dira (lehen indarra barne). Hori dela eta, erran nahi du oposizioan egonen diren kontseilari batzuk egon daitezkeela herri edo hiri elkargoan ere. Abertzaleen aukerei buruz galdetzerakoan, ondokoa erantzuten du Etxeberri-Aintzartek: «Errazten ahal digu bidea, baina soilik abertzaleok emaitza onak baldin baditugu».

PAREKIDETASUNERANTZ

Zerrenda parekide gehiago

Parekidetasunerantz beste urrats bat egin dute lege horrekin. Hain zuzen, orain arte 3.500 biztanletik gorako hirietan beharturik baldin baziren zerrenda parekideak, orain 1.000 biztanletik gora dute behartzen. Erran nahi baitu zerrendan gizon bezainbat emazte egon beharko direla. 2.500 biztanletik goiti, gizon eta emazteak txandakatuz eman behar baldin badituzte, 2.500 biztanle azpikoentzat ez dute beharturik.

Emazteen presentzia bermatu arren, betiko erronka dute haatik postu gorenetara heltzea. Auzapezen postuari so egiten bazaio adibidez, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hamabi herritan dute bakarrik emazte bat postu horretan. Orotara 159 herri izanki, %7,5tan soilik.

HERRI TXIKIETAN GUTXIAGO

9 kontseilarietarik 7ra pasaz

Orain arte bederatzi kontseilari baldin baziren ehun biztanletik peko herrietan, datorren urtetik aitzina zazpi izanen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.