Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

EPPKren bitartekaritza jo dute kolektiboak urratsak iragarri ostean

Zortzi lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, eta haien etxebizitzak eta abokatuen Bilboko eta Hernaniko egoitzak arakatuETAren eta «haren presoen» arteko zubi lana egitea egotzi diete atxilotutako lagunei

Oihana Elduaien Uranga.
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekaritzaren kontra jo du Espainiak. Zortzi lagun atxilotu eta abokatuen bi egoitza zein atxilotuen etxebizitzak miatu ditu Guardia Zibilak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak agindu du operazioa eta Herrira mugimenduaren kontrako sumarioarekin lotuta dagoela azaldu dute berri agentziek.

Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak eta Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz dira atxilotuak. Atxilotu guztiak aurretik ere giltzapean egonak dira. Haietako inor ez dute inkomunikatu, eta beren abokatuak izendatzeko aukera eduki dute. Inkomunikatu gabe daudenez, 72 ordu baino lehen jarri beharko dituzte atxilotuak Velasco epailearen esku, hark preso sartu edo baldintzekin edo baldintzarik gabe libre utzi erabakitzeko.

Atxiloketak gertatu aurretik zabaldu zuen Espainiako Barne Ministerioak haien berri ematen zuen oharra, eta horrek, asko nahastu zuen gertaeren soka. Atxiloketak egin aurretiko oharrak zioen bilera batean atxilotu zituztela zortziak, baina ez zen hala gertatu: gehienak Bilbon atxilotu zituzten arren, Asier Aranguren Iruñean atxilotu zuten. Bilboko egoitza eta Hernanikoa miatu zituzten abokatuak bertan zirela, eta baita atxilotuen etxebizitzak ere. Egoitzen miaketetan abokatuak presente izan ziren.

Luze jo zuen operazioak. Jon Enparantza, adibidez, 19:00ak aldera eraman zuten Hernaniko egoitzara, bere bulegoa miatzera —Campo ere bertara eraman zuten—. Hangoak amaitutakoan eramatekoak ziren Enparantza Antiguako etxera. Campo, berriz, Lasartera eramatekoak ziren, bere bizilekua miatzera. Gaua aurrera zihoan ordurako. Almandoz, berriz, Burlatara eraman zuten bere etxebizitzaren miaketara. Arantza Zuluetaren etxebizitza arratsaldean arakatu zuten Lekeition.

Miaketa gehienetan Ertzaintza izan zen Guardia Zibilaren eta atxilotuei elkartasuna agertzeko bildutako herritarren artean. Tentsio une eta liskarrak izan ziren, eta baita kargak ere.

«Garroa», beste behin

«Garroa» hitza aukeratu du berriz ere Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek, «desegindako talde» bat izendatzeko. Oraingoa ETAren eta «bere presoen» arteko zubi lana egiten zuen «garroa» desegin dutela esan zuen atzo.

EPPK-k 2012ko uztailean izendatutako bitartekari taldekoak dira atzo atxilotutako zortzi lagunak. Eta lanean urtebete baino gehiago zeramaten arren, atzora arte ez zituen «garro» delitugile jo Espainiak. Haien peskizan «hilabeteak» zeramatzatela esan arren, atzo egin zuten operazioa, hain justu, EPPK-ko presoek legeak ematen dituen aukerak baliatzeko erabakiaren berri jakinarazi eta bi astetara. Egoera desblokeatzeko korapiloak askatzeko beren esku dagoena egiteko prestasuna adierazi eta bi astera. ETAren «behin betiko desegitean beste urrats bat» izan zen atzokoa Fernandez Diazen esanetan: «Ez dugu negoziatuko».

Fernandez Diazek ez zuen azalpenik eman operazioa gertatu aurretik Barne Ministerioak zabaldu zuen oharrari buruz, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak gertatutakoa ikertzeko eskatuko du. «Halako tamainako operazioa pikutara» joatea ekar zezakeen gertaera ikertu egin behar dela argudiatu du, berri agentziek azaldu dutenez.

Nolanahi ere, ez da aurreneko aldia prentsak operazioen berri duela, eta polizia baino lehen atxiloketen lekura joaten dela. Besteetan informazioa ez da publikoa izaten, ordea. Oraingoan publikoa izan da, eta gainera iturri ofizialetatik zabaldu da. Horrek ekarri du abokatuek operazioaren berri izatea gertatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.