Albistea entzun

Euskal presoak. Manifestazio bateratua

Abertzale guztiek elkar hartu dute, Velascoren debekuaren ondorioz

EAJ, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, Geroa Bai, ELA eta LABek manifestazioa antolatu dute: Bilbon, 18:00etan, Casillatik abiatuta

Tantaz Tantak antolatutako mobilizazioa debekatu egin du Auzitegi Nazionalak
Adolfo Muñoz, Hasier Arraiz, Andoni Ortuzar, Ainhoa Etxaide, Alberto Unamunzaga eta Amaia Agirresarobe, atzo, prentsaurrekoan.
Adolfo Muñoz, Hasier Arraiz, Andoni Ortuzar, Ainhoa Etxaide, Alberto Unamunzaga eta Amaia Agirresarobe, atzo, prentsaurrekoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz - Oihana Elduaien -

2014ko urtarrilak 11

Hasiera batean egoteko asmorik ez zuen tokian egongo da bihar EAJ: Bilboko kaleetan. Espainiako Auzitegi Nazionalak Tantaz Tantaren mobilizazioa debekatu ostean, gainerako alderdi abertzaleekin batera manifestaziorako deia egin du EAJk ere. Isila izango da manifestazioa, eta Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. lelopean egingo dute, 18:00etan La Casillatik abiatuta.

Argazki historikoa eman zuten atzo, Bilboko Carlton hotelean: Hasier Arraiz Sortuko presidentea eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko burua mahaiaren erdi-erdian, Rebeka Ubera Aralarreko Antolatzaile idazkaria eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia zituzten beren eskuinetara, eta ezkerretara Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Alberto Unamunzara EAko kidea eta Amaia Agirresarobe Alternatibako bozeramailea. Geroa Baik ere bat egin du manifestaziorako deiarekin nahiz eta ez zuten prentsaurrekora joaterik izan. Aurreikusten zuten beste eragile batek atzera egin zuen azken orduan. Mahairen aurrean jarri zuten zuri beltzeko pankartan papertxo batekin estalita zegoen izen bat.

Ez zuten asko hitz egin prentsaurrekoan. «Egoera berezia da, eta prentsaurrekoa ere berezia», esan zuen Arraizek. Ortuzarrek gazteleraz gaineratu zuen: «Gaur, bihar bezala, isiltasuna izan dadila elerik ederrena».

Baina, irakurri zuten testua zehatza da. Manifestaziorako dei egiteaz gain, leloak aldarrikatzen dituen giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde elkarrekin lanean jarraitzeko deia egin diete herritarrei, eta beraiek ere jarraituko dutela esan. Salaketa bateratua ere egin dute: «Oinarrizko eskubideak urraturik daudela ikusirik, eta salbuespen neurrien urraketa kaltegarrien aurrean, hemen bildu garen guztiok gure borondate osoa agertzen dugu gure herrian zabaldu den agertoki berria sendotzeko eta horretarako beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko, gaurko egunean egin dugun bezala».

Tantaz Tantak deitutako mobilitsasoa ez da egingo, baina manifestazioa bai. Eta presoen eskubideak ez ezik, giza eskubide guztiak, bakea eta konponbidea ere aldarrikatuko dituzte biltzen direnek, isiltasunarekin izan arren.

Manifestazioa isila izan arren, alderdiek hartuko dute hizketarako beta. Tantaz tantak ez hitz egiteko eskatu zien arren, aurreikusitakoaren desberdina izango da guztia gaur. EAJk prentsaurrekoaren ostean komunikabideetara igorritako oharrean jakinarazi zuen martxa abiatu aurretik adierazpenak egingo dituztela. Gainera, manifestazioan parte hartzeko deia egin zien alderdiko kide eta jarraitzaile guztiei.

EAJ bai, baina bere esku dagoen Jaurlaritza ez da joango mobilizaziora. Berri agentziei bertako iturriek esan dienez, errespetatu egiten dute martxa, baina Jaurlaritzari ez dagokiola han egotea ulertzen dute.

Nolanahi ere, alderdi eta sindikatu abertzaleek egindako deia pozik hartu zuten herritarrek, eta hala adierazi zuten interneteko txioetan zein prentsaurrekoan. Izan ere, sortu zuen ikusminaren ondorioz Carlton hotelean izan ziren hainbat herritar, eta gogoz egin zuten txalo amaitu zenean.

Hainbat eragileren babesa

Herritarrak bakarrik ez, manifestazioaren deialdian izan ez ziren hainbat eragilek ere gustura hartu zuten, eta manifestazioarekin bat egitea erabaki zuten, adibidez, Lokarrik, Etxerat-ek, Eusko Ekintzak, Ernaik eta ESAITek.

Manifestaziorako antolatzaileak zoriondu egin zituen Lokarrik, baina ez zen Tantaz tantarekin ahaztu. Haren mobilizazioa debekatzea «eskubide demokratikoen urraketa larria» dela salatu zuen. Tantaz tantak manifestazioa antolatzeko zilegitasun osoa zuela azpimarratu zuen Lokarrik, eta eskertu egin zion egindako lana. Debekuaren ostean mobilizaziorako deialdia bertan behera uztea ere eskertu egin zion, bere ustez, horrela deialdi zabalago bat ahalbideratu baitzuen.

Euskal presoen senitarteko eta lagunak ere manifestazioan izango direla jakinarazi zuen, bestalde, Etxerat-ek. «Gure elkarteak aspalditik adierazi izan du guztion lana eta konpromisoa beharrezkoak direla konponbidearen urratsetan aurrerapausoak emateko eta honela guztion giza eskubideak errespetatuak izango diren eskenatoki batera heltzeko».

Ernai, pozik agertu zen EAJk «behingoagatik dagokion arduraz» jokatu duelako. «Pozgarria da herri bezala erantzuten jakitea». ESAIT ere pozik agertu zen deialdi bateraturekin: «Hori izan behar du aurrerantzean ere gure bidea, euskal bidea, alegia, elkarrekin eta Euskal Herria ardatz hartuta Espainia eta Frantziako Estatuen inposaketa eta eskubide urraketari aurre egitea».

Baimen eta debeku bana

Egun osoko egitaraua antolatuta zeukan Tantaz tanta ekimenak, gaurko, baina ekitaldi haiek guztiak debekatu zituen Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak. Herrira mugimenduaren kontrako polizia operazioa agindu zuen epaile bera da Velasco, eta baita aste honetako agindu duena ere. Berak debekatu zituen Herrira-ren jarduerak. Epailearen ustez, Herrira dago Tantaz tantaren atzean, eta debekatu egin zuen.

Velascok atzo kaleratutako autoan zehatz dio: «Manifestazioa legez kanpokoa da, ez hainbeste bere helburuagatik, itxuraz ez baita kaltegarria, baina bai terrorista izateko zantzuak dituelako jarduerak debekatuta dituen talde baten estrategiaren parte delako». Beraz, lelo berberarekin beste norbaitek deitu izan balu manifestazioa onartu egingo zuela eman du ulertzera. Deitzaileagatik debekatu duela, alegia.

Beraz, «Herrirak antolatuta» bihar eguerditik 22:30ak arte Bilbon egitekoak diren ekitaldi guztiak debekatu ditu Eloy Velasco epaileak. «ETAko presoen babeserako, goraipamenerako eta finantzaketarako» egitekoak zirela iritzita, manifestazioa eta gainerako ekitaldiak debekatu ditu.

Bi epailek hartu zuten atzo manifestazioaren debekatuari buruzko erabakia, eta biek erabaki desberdina hartu zuten. Pablo Ruz epaileari egokitu zitzaion aurrena erabakia hartzea, eta hark ez zuen manifestazioa galarazteko aparteko arrazoirik ikusi. A priori, han «terrorismoa» goratuko zela esateko arrazoirik ez zuelako ikusi. Nolanahi ere, eta fiskalak Herrira-ren jarraipena izan zitekeela argudiatu zuenez, argudio hori aztertzea Velasco epaileari zegokiola esan zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.