Krisia Nafarroako Gobernuan

Ikerketa batzordea otsailaren 28an amaitzea hitzartu dute alderdiek

Idoia Nievesen salaketak egiaztatzeko ikerketa batzordea gaur jarriko da abian, eta lehen agerraldia ostiralean egingo duteAgerraldiak publikoak izango dira, eta bi aste irautea espero dute alderdiek, UPNk izan ezik

joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Lehentasun osoa Parlamentuko ikerketa batzordeak izango du. Parlamentuko Mahai eta Eledunen batzordeak atzo zehaztu zuen osoko bilkurarik ez dela izango datozen bi asteetan, eta parlamentuko jardueraren agenda erdira murriztuko dela. Egitekoak ziren agerraldi esanguratsu batzuk —adibidez, Yolanda Barcinaren bat, hain justu ere Ogasun departamenduan izandako dimisioei buruz azalpenak emateko— eten egingo dira, logikoki. Otsailaren 27rako espero zen osoko bilkura ere etengo egingo da. UPNk salbu, gainerako alderdi guztiek hitzartu dute datozen bi asteetan lan egingo duela batzordeak, eta otsailaren 28rako erabakita egon beharko duela ebazpenak.

Dena den, data hori ez da behin betikoa, eta atzeratzeko aukerak egon daitezke. UPN kexu azaldu da gainerako alderdiek «aldez aurretik» ondorioak hartuak dituztelako. Batzordearen nondik norako nagusiak hartu zituzten atzoko bileran. Nafarroako etorkizun hurbila hein handi batean batzorde horren emaitzak zehaztuko du, eta, ondorioz, batzorde horren irizpideetatik antzeman daiteke politikagintzaren bide orria. Begirada guztiak bereganatu ditu batzordeak, eta haren eragina Nafarroan zein handik kanpo nabarituko da. Hona hemen gako nagusiak:

1. Noiz jarriko da abian ikerketa batzordea?

Gaur bertan, 10:00etan. Bertan, besteak beste, batzordearen burua zehaztuko dute alderdietako ordezkariek. Era berean, azalpenak argitzeko eta emateko agerraldia egin beharko duten pertsonak deituko dira, eta ikerketa batzordearen zeregina betetzeko beharrezkoa izango den dokumentazioa eskatu dute alderdiek. Dokumentazio eskaerak 48 orduren buruan eman beharko zaizkio Parlamentuari.

2. Zein helburu izango du batzordeak?

Hiru helburu argi ditu. Batetik, otsailaren 11n parlamentuan Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari kudeatzaile ohiak Lourdes Goikoetxea presidenteordearen aurka egindako salaketa egiaztatzea. Nievesek kargua bere bezero ohien alde erabiltzea egotzi zion Lourdes Goikoetxeari, baita Yolanda Barcinaren onespenarekin Nafarroako Kutxari buruzko informazio konfidentziala eskatu izana ere. Lourdes Goikoetxeak ukatu egin ditu salaketa horiek, eta Barcinak berak babes publikoa eman dio.

Bigarrenik, Idoia Nievesek adierazi zuen ezen, 2012ko defizit helburua betetzeko asmoz, Yolanda Barcinaren aginduz Gobernuak erabaki zuela enpresei BEZ zergaren ordainketa hurrengo urtera atzeratzea. Nafarroako exekutiboa 2011tik jada BEZaren ordainketen epea 45 egunetik sei hilabetera atzeratzen ari zen, baina Nievesen arabera, Barcinak 2012ko urrian epe legal hori haustea erabaki zuen. zuzendari kudeatzaile ohiaren arabera, neurri horrek kalte handia egin die bai enpresei eta bai Ogasunari, zerga bidez 2013an eta aurten ehunka milioi euro gutxiago bildu direlako. Aldiz, Gobernuak dio iazko abenduan estatuarekin egindako hitzarmen bati esker kaltea arindu dela. Hala, ikerketa batzordeak kalte ekonomiko horren zenbateko argitu beharko du, eta 2011tik Nafarroako finantza publikoek izaniko bilakaera.

Hirugarren helburua politikoa da erabat. Ikerketa batzordeak erabakitzen duen ondorioaren arabera erabakiko da gobernuaren patua eta hauteskundeak aurreratzen diren. Yolanda Barcinak boterean jarraitzeko bere asmoa azaldu du, eta, oraingoz, UPNk babesa azaldu dio. Hala, oposizioa behartuta legoke zentsura mozioa aurkeztera.

3. Nork osatuko dute ikerketa batzordea?

Hamahiru parlamentarik osatuko dute. Parlamentu talde bakoitzeko bi eledun izango dira, eta Geroa Bairen kasuan, atxiki gabeko parlamentariak direnez, bakarra egongo da. Koalizioak zehaztu du Manu Aierdi izango dela. PPk ere iragarri du Enrique Martin de Marcos eta Ana Beltran izango direla. PSNkoak, Pedro Rascon eta Juan Jose Lizarbe. Gainerakoek ez dute esan euren bi ordezkariak nortzuk izango diren. Ikerketa batzordeko burua, berriz, gaurko aukeratuko dute. Lehen erabakietako bat izango da. Behin-behinean, Alberto Catalan Parlamentuko presidenteak zuzenduko du.

4. Ikerketa batzordea irekia izango da?

Bai eta ez. Printzipioz, ikerketa batzordean azalpenak ematera joaten diren pertsonen agerraldiak irekiak izango dira, eta komunikabideek zuzenean jarraituko ahal izango dute. Parlamentuak ere zuzenean emitituko du webgunetik. Haatik, pertsonaren batek agerraldia sekretua izatea galdegin eta eskaera hori ondo arrazoituz gero, batzordeak erabaki dezake agerraldira sarbiderik ez izatea komunikabideek.

Era berean, batzordeko kideek erabakiak ateak itxita hartuko dituzte, eta, horrenbestez, komunikabideak ezingo dira bertan egon. Azken ebazpena ere sekretupean hartuko dute, nahiz eta azken emaitza publiko egingo den. Ebazpenak hitzartutako ondorioak hartuko ditu, eta boto partikularrik bada, haren ondorioak ere hartuko ditu.

5. Uko egin al dakioke parte hartzeari?

Ez. Ikerketa batzordeak pertsona bakoitzari gutxienez hiru egun lehenago jakinarazi behar die hitzordua. Beraz, lehen agerraldia datorren ostiralean izatea espero da. Izan ere, gaur abiatuko da ikerketa batzordea, eta lehen eskaerak hiru egun beharko dituenez, ostiralean has daitezke azalpenak ematen. Inork ezin diezaioke eskaerari uko egin. Ikerketa batzordearen osaera Parlamentuko araudian jasota dator, eta norbaitek joateari uko eginez gero, Zigor Kodeko desobedientzia delitua egotzi dakioke, eta funtzionarioa izanez gero, bi urtera arte gal dezake lanpostua.

6. Nortzuek parte hartuko dute?

Ikusteko dago. Logikoki, protagonista nagusiak legebiltzarretik pasatu beharko dira: Lourdes Goikoetxea, Yolanda Barcina eta Idoia Nieves zuzendari kudeatzailea. Pentsa liteke Nievesek berak zeharka aipatutako beste pertsona batzuk ere pasa daitezkeela batzordetik. Adibidez, 2011ko irailean Merca'o jatetxean izandako bazkarian Goikoetxeak inspekzio planaren nondik norakoak eskatu zizkiola jakinarazi zuen Nievesek eta bileratik itzulita «Ogasuneko arduradun batzuei» jakinarazi ziela «adi egoteko datuetara jotzeko ahaleginei». Hartara, pertsona horietako batzuk pasa daitezke batzordetik, Nievesen esana egia den jakiteko.

Era berean, batzordean parte hartzen duena egia esatera derrigortuta dago. Gezurra esanez gero, Zigor Kodeko 502.3 artikuluak tipifikatutako zigorra jaso dezake: urtebeteko espetxe zigorra eta bi urtera arteko isuna.

7. Noiz amaituko da agerraldia?

Teorian, otsailaren 28an. UPNk salbu, gainerako alderdiek hitzartu dute otsailaren 28rako ebazpenak hartuta egon beharko dutela. UPNren ikuspuntutik bi asteko lan hori ez da aski, eta ondorioztatzen du berak ezik gainerako guztiek ondorioak jada hartuak dituztela. «Ondorioak bi aste lehenago hartuak dituzunean, gehiegi da, eta egun bat ere gehiegi da. Ondorioak idatzita eta guzti izango dituzte», kexu zen Carlos Garcia Adanero eleduna. Dena den, batzordea atzeratu daiteke, baina Eledunen Batzordeak hartu beharko du erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.