Albistea entzun

Krisia Nafarroako Gobernuan. Yolanda Barcinaren agerraldia

Goikoetxea bakarrik utzi du

Bere bizkarra ondo babestu du, eta Nievesek salatutako erabakien ardura Goikoetxearen gain utzi du, «legez» jokatu duela esan arren

Agerraldia trabatu du, eta, haren ustez, ez dago arrazoirik zentsura mozioa aurkezteko
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, atzo, parlamentuko ikerketa batzordean.
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, atzo, parlamentuko ikerketa batzordean. VILLAR LOPEZ / EFE

Joxerra Senar -

2014ko otsailak 26 - Iruñea

«Jakin izan banu bere zintzotasuna auzitan jarriko zutela, ez nuen Lourdes Goikoetxea kontseilari izendatuko». Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak, negar zotinka, bere lagun Lourdes Goikoetxearen izen ona defenditu zuen eta bere jarduera guztiak «legearen barruan» egin zirela defenditu zuen. Krokodiloaren malkoak ziren. Izan ere, agerraldiak aurrera egin ahala, bere ardura oro zuritu zuen eta bere bizkarrak ondo estali zituen, Goikoetxea arriskuaren aurrean bakarrik utziz. Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari gerenteak egindako salaketa batzuek bete-betean eragiten zioten Barcinari berari: enpresei BEZaren ordainketak atzeratzeko erabakiak, Nafarroako Kutxari buruzko aitorpenak eskatzeko informazioak, Nafarroako Unibertsitatearen gaineko inspekzioak. Horren aurrean, ikerketa batzordeak bere aurka har dezakeen aukera orori bidea itxi zion. Bere euste-horma da Lourdes Goikoetxea.

Jarrera horren atzean, bestelako erabaki politikoa egon liteke: UPNk Lourdes Goikoetxea politikoki sakrifikatu dezake. Agerraldi amaieran, dena den, Barcinak esan zuen ez duela Goikoetxea kargugabetzeko asmorik, «errugabea baita». Uneoro bere burua defendatuz, Barcina ahalegindu zen nahasmenaren zeremonia eragiten eta parlamentariak bere onetik ateratzen. Galdera gehienak auzitan jarri zituen, eta, balorazio zantzurik nabarituz gero, agerraldia trabatu zuen. Hainbat aldiz gauzak manipulatzea egotzi zien Pedro Rascon PSNko parlamentariari eta Maiorga Ramirez Bilduko eledunari, bere gustuko galderak ez egiteagatik. «Ez dizut onartzen galdera hori», esan zion une batean Ramirezi, adibidez.

Bilduri «irainak»

Oso motel joan zen agerraldia. 16:00etan hasi zen eta Juan Jose Lizarbe batzordeburuak hainbat aldiz moztu behar izan zuen. 19:30ean Maiorga Ramirez esaten ari zitzaion nolatan izendatu zuen kontseilari zerga aholkularitzan 23 urteko esperientzia duen pertsona bat. Barcinak kritikatu zuen hori ezin duela esan «iraultza zergak kobratzea defendatu duen alderdi bateko ordezkari batek». Horren aurrean, Lizarbek esan zion ez duela onartuko ezein parlamentariri «irain egitea». Maila horretan ibili zen Barcina. Ikerketa batzordeko kideei aipatzen zien ezin dutela epaile izan, dena ez dela «ez zuri ez beltz» eta baloraziorik ezin zutela egin. Ondoren tamainako adierazpenak egiten zituen.

Barcinak dena ukatu zuen. Bere ustez, Idoia Nievesek ez du «trafiko influentziarik» salatu eta bere hitzak «testuingurutik atera» dira. Barcinaren esanetan, Nievesen hitzak gaizki interpretatu dituzte alderdiek, eta helburu politikoaren atzean Bildu dago. Diario de Navarra-k aipatutako Sorturen ustezko barne txosten bat jarri zuen adibidetzat. «Gobernua hau eraistea dutela helburu esaten da barne dokumentuan». Hala, Barcinaren arabera, ez du zentzurik ikerketa batzordeak eta biktima gisa aurkeztu zen. «Zentsura mozioa aurkeztuko didazue defizitaren helburua betetzeko betebeharra nuelako?». PSNk galdetu zionean ea agerraldia prestatzeko UPNko ordezkariekin bildu ote zen: «Ni ez naiz Txelui Morenorekin bildu», erantzun zien PSNkoei.

Goikoetxearen izendapena

Barcinak Goikoetxaren izendapena hartu zuen hizpide, eta aipatu zuen Iruñeko alkate moduan izan zuela lehen aldiz Goikoetxearen berri: «Ikusi nuen irrati elkarrizketetan parte hartzen zuela eta uste nuen bere iritziak zentzuzkoak zirela». Hala, 2011n UPNko zerrendatan aurkeztea eta programa ekonomikoan parte hartzea proposatu zion. PSN gobernutik atera eta Alvaro Miranda presidenteordeak dimisioa aurkeztu eta gero, hari proposatu zion kargua: «1996an Miguel Sanzek niri deitu zidanean baino ibilbide hobea zuen». Zerga aholkularia izanda, interes gatazkarik kontuan hartu ez zuen galdetu zion PSNk. «Pertsona egokiena nahi nuen eta Mirandak esan zidan hoberena zela. Ados nintzen, eta Roberto Jimenez ere aldekoa zen. Hiruok ados ginen».

2012ko urriaren 10ean bere bulegoan bilera egin zutela onartu zuen Barcinak. Une hartan 2012an defizitaren helburua %0,4ean gainditzen zuen (70 milioi euro). Zer egin aztertu zuten eta Nievesek BEZaren atzerapena proposatu ziola esan zuen Barcinak. Nievesek Parlamentuan gaineratu zuen ondorioak zituela eta ez zion neurri hori hartzea gomendatu. Inork ondorioez ohartarazi al zion galdetuta, Barcinak ez zuen gogoan. Hala ere, azpimarratu zuen urte amaieran gastua murrizteko aukerarik ez zegoela eta defizitaren helburua inposatzen duen Espainiako Finantza Egonkortasunaren legea ezin dela borondatez urratu. Aralar NaBaiko Patxi Zabaletak zortzi autonomia erkidegok ezin izandutela helburu hori bete esan zion. «Eta ez da ezer gertatu».

«Nire betebeharra zen lege hori betetzea, Konstituzioan ere jasota datorrelako», ihardetsi zuen. Erabaki horrek ekarriko zituen kalte ekonomikoen inguruan, bere ardura saihestu zuen: «Gobernuaren jardueran ikasi dut zenbaki berdinekin ondorio desberdinak hartu litekzkeela. Irizpide orokorra gisa jarri nuen helburua betetzea eta konponbide txarren artean onena hartzea». Erabakia, hartara Goikoetxeak «bere eskumenen barruan» hartu zuen. «Nik ez nuen ezer sinatu», aipatuzuen. Iragan urtean, gobernuak ez zion parlamentuari ezer esan eta horren zergatiaz galdetu zion Bilduk eta itzulinguru askoren ostean, kostata erantzun zuen: «Ez dakit». Urtebetez baino gehiago ezkutatu zuen informazio hori gobernuak eta halere agerraldian honakoa esan zuen: «Gobernu gutxi egongo dira hau baino gardenagoak».

CANen inguruan, Yolanda Barcinak ukatu egin zuen Lourdes Goikoetxeari informazioa eskatu izana. «Ez nuen informazioa eskatu CANi buruz ez Goikoetxeari ez Caixabanki». Erantzun horrekin bide oro itxi zuen parlamentariek hari ezer leporatzeko. Nievesek esan zuen Goikoetxeak informazioa eskatu ziola eta Goikoetxeak otsailaren 11ean hori ukatu arren, atzo esan zuen informazio horren jabegoaz galdetu zuela. Nievesek gezurra esan zuen galdetu zitzaion Barcinari: «Ez dut arrazoirik Goikoetxearen hitza zalantzan jartzeko. Ez dit inoiz gezurrik esan. Zeure esku», erantzun zion Mauleoni.

Barcina, denarekin ados

Nafarroako Unibertsitatearekin «hainbat aldiz» bildu zela onartu zuen Yolanda Barcinak. Batez ere Donapeaz hitz egiten zutela gaineratu zuen. Ogasunak unibertsitateari egindako inspezkioaz ere hitz egin zutela onartu du. «Hitz egin genuen zerbait, baina ez zen lehentasuna», aipatu zuen. Inspekzioaz zer iritzi zuen galdetu zioten, eta ez zuen bere ikuspuntua argi azaldu. «Egin dadila egin behar dena, baina nik eznuen hemen parte hartu. Ados nago kontseilariak segurtasun juridirikoari buruz iritzia eskatzearekin, zalantzarik badago azkenean herritar guztiok erantzun behar dugulako. Eztabaidaren alde nago eta legea ezartzearen alde. Ondo deritzot Ogasunak nola jardun duen, kontseilariak nola jardun duen eta unibertsitateak zergadun gisa nola jardun duen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Biktimen Oroimenezko Zentroaren inaugurazioa. ©Jaizki Fontanea / FOKU

GAL eta BVE taldeen biktimak birbiktimizatzea egotzi dio Foro Sozialak Biktimen Oroimenezko Zentroari

Iñaut Matauko Rada

Clement Perret «Frantziako enpresari soil» gisa aurkeztu zuen zentroak, eta ez zuten aipatu gerra zikinean izan zuen garrantzia.

Navarra Sumaren agerraldi baten artxiboko argazkia. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Navarra Suma koalizioa haustea egotzi dio UPNk PPri

Iñaut Matauko Rada

Javier Esparza UPNko presidenteak dio PPk «aldebakartasunez» hartu duela koalizioa hausteko erabakia, «haien siglak lehenesteko».

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa, Gasteizen ©jaizki fontaneda / FOKU
«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...