2014ko Iparraldeko herriko bozak. Abertzaleen aukerak

Gizartean duten eragina boto bihurtzea da abertzaleen erronka

Talde abertzale jakin gisa 25 izanen dira; hautagai abertzale gehienak sentsibilitate askotako zerrendatan aurkeztuko diraLurralde elkargoari eta euskarari buruzko jarrera argitzeko eskatu die Batera-k hautetsiei

Donibane Lohizuneko zerrenda abertzalea. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Herriko etxe eta herri elkargoetan hautetsi abertzaleen presentzia emendatuko dela dio Bil Gaiten-ek. Ipar Euskal Herrian 25 dira abertzale edo euskaltzale izenburuekin aurkezten diren zerrendak; adibide gisa, Filipe Laskarai Itsasun, Beñat Elkegarai Maulen, Argitxu Hiriart-Urruti Kanbon edota Filipe Aramendi Urruñan. Alta, hautagai abertzaleen kopurua handiagoa izanen da martxoaren 23 eta 30eko hauteskundeen biharamunean. Izan ere, anitz dira etiketa politikorik gabeko zerrendatan edota sentsibilitate politiko askotakoak biltzen dituzten zerrendatan. Jakitea zaila den arren, gaur egun 100-150 bat hautetsi abertzale dira eta 15 bat auzapez abertzale Ipar Euskal Herrian.

Horren adibide dira Alain Iriart Hiriburuko auzapeza edota, herri txikien esparruan, Mixel Ernaga Urepeleko auzapeza. Azken horrek, abertzalea izanik ere, etiketarik gabeko edo bertze sentsibilitate politiko batzuetako kideak ditu zerrendan. Iriarten kasua aipagarria da. Hiriburuk bost mila biztanle inguru ditu, eta zerrenda bakarra aurkeztuko da: Iriartena. Auzapeza ez da abertzale etiketarekin aurkeztuko, baina hautetsi abertzale auzapez gisa kolore politikorik ukanen ez duen arren, abertzale gisa eginen du lan, gainerateko hautetsi abertzaleekin batera.

Emazte zerrendaburu gutxi

Zerrendak osatzean gizon eta emazteen arteko berdintasuna bermatu behar bada ere, gutxi dira zerrendaburu gisa aurkeztu diren emazteak. Horietako bat da Kanbokoa: Hiriart Urruti. Han ere kezka nagusia, Ipar Euskal Herriko herri gehienetan bezala, hirigintzaren presioa da, lurren eskastea eta etxebizitzen prezioen emendatzea. «Gelditu behar dugu mugarik gabeko hirigintza eredu hori».

Donibane Lohizunen ere lehiatuko dira abertzaleak, Paxkal Lafitteren eskutik. Herri anitzetan, abertzaleek eragin zuzena ukan dezakete bigarren itzuliari begira. Alta, sobera goiz da deliberatzeko hartuko duten jarrera. Aliantzak engaiamendu zehatzen inguruan egin behar direla diote abertzaleek.

Jakin-min bereziz segituko dira hauteskundeak Baionan. Izan ere, Jean Grenet auzapezak kargua utziko du. Henri Grenet aita Baionako auzapez izan zen 1959tik 1995era, eta, geroztik, semeak atxiki du kargua. Alta, soziologikoki, Baiona ezkerreko hiria da. Horrela erakutsi zuen Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere bai. Grenet dinastiaren eraginetik kanpo, ikusi beharko da nola banatzen diren kartak. Jean Rene Etxegarai auzapezorde eta hautagai zentristak Henri Etxeto sozialista ukanen du parean. Abertzaleentzat hiriguneak eremu zailak dira berez, baina oraingoan emaitza onak ukanen dituztela uste du Jean Claude Iriart Baiona 2014ko zerrendaburuak. «Printzipioz, biziki inportantea da lehen itzulian abertzaleen boza entzunaraztea. Hautu ezberdinak izan dira herrietan: bakarrik aurkeztea edota nahasiak bertze sentsibilitate batzuekin. Beharrezko da lehen itzuliko eztabaidan parte hartzea eta ikusgarritasuna ematea gizartearen aitzinean plazaratzeko». Abertzaleen eragina gizartean, ordezkaritza instituzionalean dutena baino handiagoa da. Bozetan, dinamismo hori islatzea espero du.

Galdetegien erantzunak

Herri mugimenduek galdera zehatzak plazaratzen dizkiete hautagaiei, engaiamenduak har ditzaten. Aurten ere Batera plataformak bi galdera egin dizkie hautagai guztiei. Lehenik, eskumen bereziak lituzkeen lurralde elkargoaren alde ote dauden; bigarrenik, herri mailan euskarari dagokion tokia emanen dioten, euskara ikastea erraztuz eta erabilpena sustatuz.

Zerrenda abertzaleek baiezkoa erantzun diete bi galderei. Alta, Batera-ren gizarte eragina kontuan harturik, anitz dira baiezko erantzuna eman dieten zerrendaburuak, hala nola: Kanbon, Vincent Bru auzapezak (eskuina); Baionan, Sergue Nogues (ezkerra) eta Jean Claude Iriart ezkertiar eta abertzaleak; Angelun, Claude Olive UMPko hautagaiak —EAJrekin izenpetu duten hitzarmenean biltzen da euskararen sustapena—, Mikel Iturbide abertzaleak eta Claude Larrieu Angelu Oro Ezkerrera zerrendako kideak.

EAJk UMPko Max Brissonen zerrenda sostengatzen du Miarritzen, baina azken horrek ez du oraindik erantzun galdetegia. Ezkertiar eta abertzaleek sostengua eman zioten Miarritzen Michel Veunac hautagai zentristari, eta horrek baiezkoa eman dio Batera-ren galdetegiari. Hendaian ere jarrera bera hartu dute Kotte Ezenarro hautagai sozialistak, Jean Baptiste Sallaberri auzapezak (eskuina) eta Iker Elizaldek gidatzen duen zerrenda abertzaleak.

Duela urteak, abertzaleen presentzia sinbolikoa zela gogorarazi du Peio Etxeberri Aintzat Donibane Lohizuneko hautetsi abertzaleak. Alta, EH Bai hirugarren indar gisa atera zen iaz legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta, horrek, ezinbesteko bihur ditzake hainbat herritan. «Hauteskundeei dagokienez egoera aldatu da erabat, eta, egun, kolore politiko guztietako pertsonalitateek lehen aitorpena instituzionalaren edo euskararen aurkakoak izan arren, jarrera aldatu eta prest daude abertzaleekin akordioak lortzeko».

Ingurumena

Ingurumenaren aldeko hitzarmena proposatu die Bizi mugimenduak hautagaiei. Bihar, 30 herritako 58 zerrendak izenpetuko dute Uztaritzen Bizi mugimenduak proposaturiko hitzarmena. Zuen tresna kutxa xedean biltzen dira klima aldaketari buru egin ahal izateko neurriak, herri eta herri elkargoan hartzekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.