2014ko Iparraldeko herri bozak. Bigarren itzuliaren ondorena

Lurrikarak badu biharamuna

Iragarpenak birrinduz, Brissonek galdu du Miarritzen eta Baionan zentro-eskuinak irabazi du espero baino tarte txikiagoarekinAbertzaleek Uztaritzeko Herriko Etxea lortu dute, nehorekin akordiorik egin gabe

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Tentsio handiaren artean jakinarazi zuen Jean Grenet auzapez ohiak Baionak Jean Rene Etxegarai zentrista hautatu zuela auzapez, bi dozena bozen aldearekin. Miarritzen ere, lurrikara, Max Brisson UMPko departamenduko burua eta Kontseilari Nagusiak Michel Veunac zentristaren zerrendak baino 400 boz gutxiago lortu zuelako. Sozialistek Hendaiako Herriko Etxea lortu dute abertzaleen eskutik, baina akordioak ez du horren emaitza baikorrik lortu Ziburu, Urruña eta Ahetzen. Abertzaleek Uztaritzeko Herriko Etxea eskuratu dute eta EAJk 14 hautetsi eskuratu ditu Ipar Euskal Herrian, eskuinarekin eta zentroarekin egindako akordioen ondorioz.

1. Saminaren oldarra

Haserre, negarrez, samina gainezka hartu zuten Henri Etxetoren jarraitzaileek Baionako auzapez berriaren izendatzea. Sinetsiak zeuden, mende erdia iraun duen Grenet aita-semeen agintearen ondotik, bozetan nagusituko zirela. Datu ofizialak eman baino lehen eman zuen Henri Etxeto hautagai sozialistak hauteskundeetako emaitza. Eta bi ohar egin zituen, beroan bero. Lehenik Jean Claude Iriart abertzaleen eta Ezkerreko Frontearen zerrenda bateratua gidatu duen aliantzako buruari: sozialisten porrota haien errua zela jakinarazi zien. Bigarrenik, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez berriari. Herriko Etxea eskuratu arren, baionarren gehiengoa ezkerrekoa dela ohartarazi zion. Ez zuen porrotaren ardurarik onartu. Haren jarraitzaileek txistuka hartu zituzten Jean Claude Iriart eta Sergue Nogues, oposizioko zerrendako bertze bi hautetsiak. Horiei leporatu zieten Baiona eskuinaren esku uztea. Bezperan, tindaketak agertu ziren Baiona 2014 zerrenda abertzalearen egoitzan. Iriarten leloa, ezkerreko alternatiba, ezkerrari alternatiba bihurtu zuten ezezagunek hauteskunde egunaren bezperan, afixak aldatuz. Ezezagunen dei eta mehatxu ugari jaso dituztela jakinarazi dute abertzaleek. Etxetok ez zion aipamenik egin horri.

Tentsio horren erdian, etiketak alde batera utzi eta «baionar guztien auzapez» izan nahi duela adierazi zuen Etxegarai auzapezak. Orain artean bezala, Lurralde Elkargoaren alde jarraituko duela jakinarazi du eta atxikiko duela bake prozesuaren aldeko jarrera. Baionako zentristak bi itzulien arteko akordioa izenpetu zuen Sylvie Durrutiren eskuineko zerrendarekin. Azken honek oharra egin zien abertzaleei, azpimarratuz abantzu ez dutela bozik jaso zerrenda abertzaletik.

Abertzaleek bozen %10,30 eskuratu zituzten lehen itzulian, eta Ezkerreko Fronteak, %5,90. Bigarren itzulirako bateratu arren, bozen %9,30 baino ez dituzte eskuratu. Eragile guztiak bat datoz errateko Ezkerreko Fronteko boz gehienak eta abertzalearen parte batek ere Etxetoren alde egin dutela bigarren itzulian. Bi alderdi nagusien arteko lehian, bozen heren bat galdu zituztela onartu zuen Iriartek. Akordiorako prestasuna berretsi zuen, eta iragarri hauteskundeen azterketa zorrotza eginen dutela, denbora hartuz.

Iriarten zuhurtziak PSren baitan ukan du eragina hauteskunde biharamunean. Colette Capdevielle diputatuak eta sozialisten zerrendako bigarrenak onartu du sozialistei zegokiela akordioak proposatzea eta ezkerraren batasuna gidatzea. Elkarlanaren onura aurreikusteko gaitasuna ukan duten Lapurdi hegoaldeko sozialisten zuhurtzia goraipatu zuen, Hendaiako akordioari erreferentzia eginez. Akordio zabalak lortzeko eredua abian ezarri behar dela erran du Capdeviellek.

2. Sozialistak kanpo

Jean Espilondo zen, igandera arte, sozialistek Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean zuten auzapez bakarra. Lehen itzulitik, akordio zabala erdietsi zuela azpimarratu zuen Espilondok, haren zerrendan baitziren Berdeak eta ezker sentsibilitateko hainbat hautagai. Ez zuen ekidin lehen itzulian Claude Olive UMPko hautagaiak %44 egitea. Mortalena zentristak bozen %9 lortu zituen. Bigarren itzulirako konsignarik ez zuen eman, baina zenbakien argira, ikus daiteke UMPko zerrendaren alde egin zutela zentristek igandean. Gobernutik kanpo geldituko dira oro har sozialistak hirigunean. Salbuespena, gutxien espero zen tokian gertatu da, Miarritzen. Eta kasu horretan, sozialisten zerrenda ez delako bakarrik aurkeztu, zentristek osatutako zerrendarekin koalizioan baino. Ikusi beharko da nola jokatzen duten Miarritzeko hautagai sozialistek Herri Elkargoan, sentsibilitate politikoaren edo Miarritzeko gehiengoaren arabera.

3. Eskuinaren porrota

Lehen itzulian zortzi zerrenda aurkeztu ziren Miarritzen, eta bigarrenean, bi. Batetik, eskuineko hiru zerrenda UMPko Max Brissonen gidaritzapean, EAJren sostenguarekin, eta parean, Mixel Veunac zentrista, sozialisten eta ekologisten zerrenden sostenguarekin. Lehen itzulitik, Borotraren gobernuan ziren abertzaleak Veunacen zerrendan ziren. Ezustean, 400 bozen aldea atera dio Veunacek Brissoni. Ezustearen aztarnak nabarmenak ziren hautagaiaren aurpegian. Funtsean, eskuinaren aurkako frontea bihurtu da zentrista eta garaipena lortu.

4. Hitzarmenak

Urruñan eta Ahetzen, zerrenda abertzalearen barruan joan dira sozialistak. Hendaian eta Ziburun, abertzaleak sozialisten zerrendan. Hendaiako kasuan lortu dute garaipena, bertze hiruretan ez. Berriz ere, bigarren itzuliak erakutsi du ez dela ariketa matematiko hutsa eta elementu ugarik hartzen dutela parte boza ematerakoan, sentsibilitate politiko ezberdinak elkartzen direlarik. De Coral eta Poulou eskuineko bi zerrenden arteko lehiak tarte txikia uzten zien abertzale eta sozialisten arteko zerrendari. Azkenean, eskuinaren gehiengoa nagusitu zen, De Coral orain arteko auzapezaren mesedetan. EAJrekin zuen akordioa azken honek. Parean ukanen ditu Herritarrak zerrendako hautagai abertzaleak herriko etxean.

Ziburun ere, sozialisten eta abertzaleen arteko akordioak aukera bakarra zuen. Guy Poulou auzapezaren aurka aurkeztu zen laugarren zerrendak, haren alde bozkatzea. Eskuineko bi zerrendaburuen haserrea ezaguna da, baina, ezustean, auzapezaren alde egin dute bozek bigarren itzulian. Hala ere, herriko etxean sartzea erdietsi dute abertzaleek. Duhaldeborde sozialistak eta Aldana abertzaleak programan oinarritutako akordioa erdietsi zuten, bertzeak bertze, Lurralde Elkargoaren aldarria onartuz, euskararen aldeko hizkuntza politika, zerbitzu publikoen kudeaketa publikoa eta AHTaren aurkako jarrera. Akordioaren ondorioz, Herri Elkargoan sartzea erdietsi dute abertzaleek.

5. Fronte Errepublikarra

Izen horrekin ez da zerrendarik aurkeztu Ipar Euskal Herrian, baina hainbat herritan eragina ukan du «abertzaleen aurkako» oldarraldiak, Frantzian Fronte Nazionaleko zerrenden aurka egiten den indar bateratzeari erreferentzia eginez. Eragin berezia ukan du Hego Lapurdin. Hendaian, ikastola berriaren xedearen aurka bozkatu zuen Richard Beitia hautagaiak aipatu zuen lehen itzuliaren ondotik, nahiz eta EAJko hautagaiak haren zerrendan egon. Eragina ukan du Urruñan, Ahetzen eta Ziburun. Jarrera jakobinisten artean, abertzaleak «mamu» gisa ikusten dira oraindik eta eragina dute ezkerreko bozak Frantziako eskuinaren alde jartzeko edo alderantziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.