Hezkuntza. LOMCEren aurkako gida

Desobedientziaren bidea proposatu dute LOMCEren neurriak ez ezartzeko

Hezkuntza erreformari aurre egiteko gida bat osatu dute; han jasotako estrategiei buruz, jardunaldia egingo dute larunbateanDesobedientzia neurrien inguruan ahalik eta eragile gehien biltzera deitu dute

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2014ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Desobedientziaren bidez LOMCE legeari nola aurre egin eztabaidatuko dute larunbatean Agurainen (Araba). Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma ez aplikatzeko neurriak gida batean jaso dituzte zortzi hezkuntza eragilek: ELA, LAB, EILAS, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, Ikastolen Elkartea, Hik Hasi eta UEU Udako Euskal Unibertsitatea. Gidaren zirriborroa aurkeztu zuten atzo, eta hausnarketara zein ekinbidera batzera deitu zituzten gainerako eragileak. «Desobedientzia da bidea; horretarako, denak lotzea behar dugu: ikastetxeak, irakasleak, gurasoak...», adierazi zuten EILASeko kide Camino Saizek eta Sortzen-eko Aiora Epelde Agirrek, sustatzaileen izenean.

Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! lelopean elkartu ziren taldeak iazko ekainean, Jose Ignacio Wert ministroaren asmoen kontra «estrategia komunak lantzeko konpromisoz». Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak eta murrizketek dakartzaten «inposaketak» izan dituzte jomugan, hiru helbururekin: erreformari «modu kolektiboan» aurre egitea, ez aplikatzeko moduak «hedatzea» eta Euskal Herriko hezkuntza sistema propioaren bidean urratsak egitea.

Ia urtebeteko gogoetaren emaitza da gida. Batetik, eragileek eraiki asmo duten hezkuntza sistema propioaren ardatz nagusiak ezarri dituzte: «Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa barneratzailea, konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea, aukera berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritua». Werten erreforma «antidemokratikoa, zentralizatzailea, doktrinatzailea, merkantilista, atzerakoia eta elitista» den neurrian, hezkuntzarako eskubide unibertsala aitortu dute taldeek idatzian, «Euskal Herrian bizi den herritar ororentzat», eta inolako bazterketarik gabea.

Helburu hori erdiesteko, bi tresna aipatu dituzte: euskal curriculuma eta ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko hizkuntza eredu bakarra. «Euskal herritar orok eskolaren bidez euskalduntzeko eskubidea du. Eta hezkuntza prozesu osoan, ikasgune guztietan, euskaraz bizitzeko eskubidea du», gaineratu dute. Halaber, ezinbestekotzat jo dute hezkuntza komunitatearen «partaidetza demokratikoa» sustatzea, eta hori guztia lortzeko, «arau sistema propioa» galdegin dute.

Bestetik, estrategia eta baliabide zehatzak eman ditu gidak, hamar puntutan banatuta: curriculuma, ebaluazioak, eleaniztasuna, berdintasuna, ikastetxeen autonomia, parte hartzea, lanbide heziketa... Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari interpelazioa egin diete atal guztietan, bi erakundeei eskatu baitiete ez dezatela legea ezarri. Baina desobedientzia neurriak ere proposatu dizkiote hezkuntza komunitateari: «LOMCEren eraso nagusiei aurre egiteko moduak biltzen dituzte hamar puntuok».

Adibidez, irakastaldi amaierako ebaluazio azterketak ez egitea proposatu dute, hau da, etsaminara inor ez aurkeztea. «Desobedientziarako dei zuzena egiten dugu, baina desobedientzia hori garatzeko modu desberdinak egon daitezke. Ikusi beharko dugu zein oinarri dugun: ez da gauza bera desobedientzia pertsona batek egitea, kolektibo batek edo administrazio batek». Izan ere, badakite ekintza batzuek ondorio kaltegarriak izan ditzaketela: curriculum ofiziala ez betetzeagatik edota derrigorrezko azterketak ez egiteagatik, inhabilitaziora hel daiteke ikastetxeetako langileen aurkako zigorra. «Halakoak saihesteko, elkartuta egon behar dugu, denok».

Ekarpenak jasotzeko garaia

Eragileen arabera, «tresna eraginkor eta erabilgarria» da gida, baina dinamikoa ere bai, «maila teorikoan zein praktikoan osatzeke» baitago. «Tokian tokiko errealitate, erritmo zein apustuei laguntzeko bitartekoa izan nahi du». Larunbateko jardunaldian jasoko dituzte lehen ekarpenak, eta irailerako izango dute prest behin betiko gida, LOMCE indarrean sartzen denerako, hain zuzen. «Baina, berez, dokumentu sendoa da jada: neurri zehatzak ditu; beraz, martxan dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.