'Bateragune auzia'. Epaiketa

«Makalegi» zihoan autoari segitu ezinik

Otegi, Etxeberria eta «beste bat» zihoazen eta «makalegi» zihoan autoa galdu zuen polizia batek, «bigarren mailako errepide batean». Errepidearen baldintzak azalarazi zizkion Iruinek, gertatua ulertu nahian.

Iñigo Iruin, herenegun, Auzitegi Nazionalean sartzen. A. CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Eztabaida bitxia izan zuten atzo Iñigo Iruinek eta lekuko gisa deklaratu zuen 92.840 poliziak. Bateragune auziko hirugarren egunean auzipetuei jarraitzen eta haien telefono entzuketak egiten aritutako hainbat poliziak deklaratu zuten. Gehienek, aurretik sinatutako aktak baieztatzeaz gain, ekarpen gutxi egin zuten. Iruinek azkena deklaratu zuen polizia galdekatu zuen unea izan zen interesgarriena.

2009ko apirilaren 30ean Arnaldo Otegi, Santi Orue eta poliziak identifikatu ez zuen beste pertsona bat Lapurdira joan zirela azaldu zuen 92.840 poliziak fiskalaren galderei erantzunez. Han, Urruñako ermita batean, Jokin Etxeberriarekin batu zirela, eta azken horren autoan sartu zirela Otegi eta identifikatu gabeko laguna. Oruek bere autoan alde egin zuen, eta beste hirurak zihoazen autoa «bigarren mailako» errepide batetik joan zenean galdu zutela. Hona hemen Iruinek egindako galdeketaren zati batzuk:

Iruin: Esan duzu Etxeberriaren ibilgailuan sartu eta abiatu zirela. Aktan diozu «bigarren mailako» errepide batetik doazela.

92.840: Bai.

Iruin: Alegia, errepide probintziala; ez herri mailako bidea, baizik eta bigarren mailakoa.

92.840: Beno, Frantzian modu desberdinean izendatzen dira errepideak.

Iruin: Zuk zure irizpideen arabera jarriko zenuen bigarren mailako errepidea, alegia, Espainiako irizpideekin.

92.840: Bai, baina... norabide bakarra zuen bide bat zen.Bigarren mailako errepidea jarri nuen lagunarteko modu bat delako.

Iruin: Bide bat esanda zer esan nahi duzu. Mendi bidea zen? Asfaltorik gabea? Edo asfalto normala zuen?

92.840: Bigarren mailako errepidea terminoa bide estuagoak definitzeko erabiltzen da. Ez da errepide nazionala.

Iruin: Alegia, kanbio motzekoa, bihurgune gehiagokoa, bazterbidea ondo zehaztu gabekoa... Zertaz ari zara?

92.840: Imajina ezazu muino batera doan bidea. Ez da nazional bat.

Iruin: Bai. Baina... Beste modu batera esateko... ez da akerren bidea, ezta?

92.840: Izan daiteke...

Iruin: Izan daiteke, ez! Bai edo ez?

92.840: Zati batzuek asfaltoa dute, eta beste batzuek ez. Lurrezko bide zatiak daude... Hori ez da bide naturala. Bide naturala asfaltatutako bidea da.

Iruin: Zergatik ez duzu jartzen orduan harri bidea dela?

92.840: Bigarren mailako errepidea jartzen du zentzu linguistikoan, alegia, elkar uler dezagun. Bide ez natural bat da.

Iruin: Errepide horretan ibilgailu gehiago bazebiltzan?

92.840: Ez da normalena.

Iruin: Zu zenbat aldiz ibili zara?

92.840: Batzuetan bai, baina ez da mundu guztiak ezagutzen duen errepide bat.

Iruin: Bidearen ezaugarriez ari gara. Askotan ibili zarela esan duzu, alegia, ezagutzen duzu. Ibilgailua makal zihoala ere esan duzu, «makalegi», baina autoa galdu egin zenuela diozu.

92.840: Bai, ezin zitzaiolako jarraitu.

Iruin: Baina zergatik ezin zitzaion jarraitu? Zer baldintza zeunden bigarren mailako errepide horretan ezin jarraitu ahal izateko? Lanean ari ziren? Zer baldintza zehatz zeuden?

92.840: Bide estu bat zen, bihurgune askorekin, ikuseremu gutxirekin... eta galdu egiten da.

(...)

Epaiketan gaur izango du laugarren eguna. Beste hamar polizia daude deklaratzera deituta, eta ondoren defentsaren lekukoekin hasiko dira. Besteak beste, Ibon Arbulu, Santiago Orue eta Adolfo Araiz joango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.