Erabakia, eskoziarrena

Erresuma Batuko Parlamentuko batzorde batek herri galdeketaren eskumena Eskoziari uztea onartu du

Xabin Makazaga.
2013ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Eskoziako herritarrek, «ez beste inork», erabaki behar dute Eskoziaren independentziari buruz, eta Erresuma Batuko gainerako herritarrek «prest» egon behar dute 2014ko erreferendumaren emaitza onartzeko, ateratzen dena ateratzen dela. Hala mintzo dena ez da Alex Salmond SNPko buruzagi independentista eta Eskoziako lehen ministroa, baizik eta Westminsterreko Parlamentuko Eskoziar Aferen Batzordea.

Londresko eta Edinburgoko gobernuek iazko urrian sinatutako akordioa gauzatzeko urrats gisa, Erresuma Batuko Parlamentuak atzo argitaratu zuen herri galdeketa noiz eta nola egin erabakitzeko eskumena Eskoziaren esku uzten duen txostena. Eta, txosten horretan Salmonden administrazioaren eta Eskoziak estatu propioa izateko asmoaren kontra gogor egin arren, diputatu britainiarrek onartzen diote Eskoziako herriari bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna. Herri galdeketa «justu eta legezko» bat izateko eskubidea onartzen dute, eta emaitza «guzti-guztiek» errespetatu beharko dutela diote.

«Behartutako» batasunik ez

Parlamentu britainiarrak nabarmendu du eskoziarrek «bi aldiz» aukeratu dutela gobernu independentista bat, eta, horrenbestez, egoki dela Erresuma Batutik bereizi nahi duten edo ez galdetzea: «Hanka sartzea izango litzateke eskoziarrak batasunean mantentzera behartu nahi izatea bereiztearen alde bozkatuko balute. Eta, aldiz, eskoziarrek Erresuma Batuko kide izaten jarraitu nahi dutela agertuko balute, auzi hori itxi egin beharko litzateke, gutxienez, belaunaldi baterako».

Alde guztiek erreferendumaren emaitza onartzea jartzen du Erresuma Batuko Parlamentuko txostenak helburu nagusitzat. Horregatik, galdeketa noiz eta nola egin erabakitzeko eskumena Eskoziako Parlamentuari utzita, gustukoa ez luketen emaitza baten aurrean independentistei ihesbideren bat bilatzeko aitzakia kendu nahi diete.

Nolanahi dela, Edinburgoko Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi guztien arteko «kontsentsu handi bat» eskatzen du txostenak, zer galdetu eta erreferenduma nola egin erabakitzeko orduan. «Aukerarik txarrena», batzordeko presidente Ian Davidson laboristak nabarmendu duenez, «alde batentzako abantailaren bat bilatu nahi izatea litzateke». SNPk halako arriskurik ez dagoela esan du, eta ontzat jo du txostena argitaratu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.