Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

17. Korrika

Kostatik helmugara bidean

Bizkaiko kostaldeko eskualdeetan ibili da Korrika, eguraldi paregabea, ikuspegi ederrak eta euskalakari mordoa lagun

Gaua Urola Kostan igarota, Bulebarrean burutuko du ibilbidea gaur eguerdian
Euskaltzaleen lasterketa Algortatik igarotzen; harrera beroa egin zioten bertan.
Euskaltzaleen lasterketa Algortatik igarotzen; harrera beroa egin zioten bertan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri -

2011ko apirilak 17 - Gernika-Lumo

Bizkaian igaro zuen Korrikak 10. eguna, eta kostaldeko eskualde guztiak zeharkatu zituen. Eguzkiaz, giro epelaz eta naturaren altxorrez gozatu zuten euskalakariek. Goizaldean Gipuzkoara igaro da, Ondarroa eta Mutriku arteko muga zeharkartuta. Ilargipean Urola Kosta alderik alde zeharkatuta, Donostiako Bulebarrean itzaliko dituzte furgonetek apirilaren 7tik piztuta zituzten motorrak.

Txorierritik iritsi zen goizean lasterketa Uribe Kostara. Getxon jendetza ibili zen haren atzetik; batez ere, Algortatik igaro zenean. Mila lagunetik gorako taldea osatu zuten. Besteak beste, Jone Uria bertsolariak hartu zuen lekukoa. Bertsoa eskatu zioten, noski; eta ezin izan zion uko egin euskalakari haien guztien eskaerari. Getxoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta ezker abertzaleak eman zieten lekukoa Berangoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideei, herri aldaketa irudikatuz. Zuri-zuri jantzitako ume pilotariek ere egin zuten lasterka.

Sopelatik ere igaro zen Korrika, Algortan ikusitako jendetza igualtsua atzetik zuela. Ander Deuna ikastolako umeek eta Aitxu euskara elkartekoek eraman zuten lekukoa, beste askoren artean. Azken kilometro honetan tarte batez herriko AEKko irakasle batek hartu zuen eskuetan: «Josetxok». Lasterka nekez egiten bazuen ere, harro jaso zuen makila txikia gora.

Berangotik mahoizko prakak, gerrikoa, alkandora zuria eta txapela aldean zituela etorri zen mutil gazte bat. Sopelan, Urdulizen eta Plentzian irrintziak bota zituen furgonetara igo eta mikrofonoa eskuetan hartuta. Ez zen hainbat kilometro egin zituen bakarra izan. Hainbat euskalakarik zeharkatu zuten Uribe Kosta osoa, Plentzia, Gorliz edo Lemoizera iritsi arte. Gorlizera arte iritsi zen, adibidez, Erromon (Getxo) Korrikaren bat egin zuen gizonezkoa. Plentziako itsasadarrean hogei piragua inguru zeuden lasterketaren zain, eta arraunlariek Korrikako petoak zeramatzaten. Arkoteko arraunlariek, berriz, lehorrean eraman zuten lekukoa.

Mendatean aldaparik ez

Lemoiztik, Andraka gaina igo eta jaitsita igaro ziren euskalakariak Mungialdera. Jatabe eta Gatika atzean utzita iritsi zen lasterketa Mungiara. Azken aldietan goizaldean eta astegunez egokitu zaie lasterka egitea. Aurten larunbata eta eguerdia izanda, mungiarrek kaleak mukuru bete zituzten. Txarangak ere ongietorria egin zion. Ikastetxeek, alderdi politikoek eta Taket bertso eskolak hartu zuten lekukoa. Azken horiek puntuka ere aritu ziren, lasterka egin bitartean.

Elordui gaina igarota, Larrauri auzoan anoa postua izan zuten zain. Txokolate epela banatu zieten. Eta beharko zuten, Sollube igotzeko. Bakio, Meñaka eta Errigoitiko euskalakariek eraman zuten lekukoa, euren herriguneetatik ez baita lasterketa igaro. Errigoitikoek Olabarrin egin nahi duten biomasa zentralaren aurkako pankartak eraman zituzten, Bermeora sartu arte.

Erraldoi eta buruhandiek eraman zuten lekukoa Lamerako parkearen paretik. Santa Eufemia elizako kanpaiek eta portuko sirenek egin zioten ongietorria Korrikari. Mila euskalakaritik gora ibili ziren lasterka. Gutxixeago Gernika-Lumon, baina asko han ere. Busturialdeko herrietatik igarota. Ispaster, Lekeitio eta Ondarroa zeharkatu zituen Lea Artibai eskualdean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...