Ingurumena

Zentral nuklearrak 2022rako itxiko dituzte Alemanian

Fukushimako hondamendiaren ostean Berdeek izandako gorakada geldiarazi nahian hartu du erabakia Angela MerkelekEkologisten ustez, Europan eragina izango du; Frantziak kontrako iritzia eman du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Angela Merkelen gobernuari espero ez zituen ondorioak ekarri dizkio Fukushimako erreaktore nuklearrean gertatutakoak, oposizioak eskatzen duena bere erabaki egin behar izateraino. Berdeen garaipen historikoak eta haien etengabeko gorakadak Merkelen gobernua kili-kolo uzteraino eragin du, eta arazoari irtenbidea jartzea erabaki du: energia nuklearra etetea pentsatua zeukan epea ia hamabost urtez aurreratu du: 2022rako, Alemaniako hamazazpi zentralak itxiko dituzte.

Iazko udazkenean onartutako legearekin atzera egin du, beraz, kantzilerrak, 2036ra luzatzea erabaki baitzuen orduan, baina, luzatzea erabaki ostean, Fukushimako sarraskiak ondorio ezin txarragoak ekarri dizkio. Herri osoan eztabaida zabaldu da, protestak ere bai, eta Alemaniako estatuetako bozetako emaitzetan islatu da. Berdeen gorakada geldiarazteko legearekin atzera egin du, baina, gainera, Gehrard Schroeder kantziler zela sozialdemokratek berdeen laguntzarekin 2000. urtean onartutako legearen epeetara itzuli da. Schroederrek 2021ean jarri zuen ixteko urtea, eta orain Merkelen planaren arabera ere 2021an itxiko dituzte hamazazpitik hamalau. Azken hirurak prest izango dituzte larrialdiren bat gertatzen bada 2021ean hamalauak ixten dituztenean.

Itzalaldiaren itzalaldiaren itzalaldia deitzen diote ironiaz Alemanian gertatu denari, aurretik hartutako erabakia aldatu zuelako Merkelek, eta orain atzera egin duelako. Kontserbadoreen alderdi CDUk eta liberalen CSUk Bundestageko gehiengoa baliatu zuten zentral nuklearren jarduera ia hamabost urte luzatzeko, Bundesrateko erabakiaren gainetik —goi ganberan oposizioak du gehiengoa—. Egindakoa Auzitegi Konstituzionalean salatu zuen oposizioak.

Orain Merkelen taldeak oposizioarekin ados jarri nahi izan du adostasunaren irudia emateko. Horretarako aditu talde batek egindako txostena eskuan, igandean Kantzileria Federalean egin zuten eztabaidan parte hartzera gonbidatu zituzten, energia nuklearraren aroaren amaieraz hitz egiteko eta energia berriztagarrien legea ahalik eta onespen zabalenarekin onartzeko.

Oposizioaren indarra uste baino handiagoa dela konturatu dira Baden-Wurttembergen, Hamburgon eta Bremengo hauteskundeetan jaso dituzten emaitza kaskarren ondorioz, eta Fukushimako hondamendiaz geroztik zazpi zentral nuklear zaharrenak behin-behinean ixteko erabakia alemaniarrek eszeptizismoz hartu zutela ikusita —hauteskundeengatik hartutako neurritzat jo zuten—, atzera egiteko asmoa erakutsi dute orain, bozetako kontu bat baino zerbait gehiago dela erakutsi nahian. Oposizioarekin ezin badute, harekin elkartzea erabaki dute.

«Hornidura elektrikorako arkitektura berriaren hasiera» da erabakia, Merkelen hitzetan, etorkizunak «seguruagoa eta fidagarriagoa» izan behar duelako. Batzorde Etikoan batutako adituen talde batek egin du energia nuklearrarekin amaitzeko berriztagarrien inguruko egutegia. Gobernuak deitu zituen adituok, Fukushiman ezbeharra izan eta egun gutxira.

Talde horren iritziak «erabakigarriak» izan dira Gobernuaren norabide aldaketarako. Japoniakoa gertatu eta berehala itxi zituzten zazpi zentral nuklearrak ez irekitzea ere erabaki dute, nahiz eta horietako bat martxan jartzeko prest utziko duten hornidurararako larrialdiren bat gertatzen denerako. Itzaliko dituzten azken hiru zentralak, berriz, berrienak dira, eta «segurtasun erreserba gisara» hartu behar direla argitu du Ingurumenaren ministro Nobert Rottgenek. Argi gutxi dagoen egunetan, eta energia esportatzaileek erreserba gutxien daukaten urtaroetan erabiltzeko prest egongo lirateke, behar izanez gero. 2018an erabakiko dute zentral nuklear guztiak betiko itxi ahal izango diren 2021ean.

Akordioak zentralok erregai nuklearren gaineko zergatik kanpo ez uzteko erabakia ere jasotzen du. 2.300 milioi euro emango ditu urtean zerga horrek, eta energia berriztagarria sortzeko zentraletan erabiliko dute.

Alemania lehena

Alemania lehena izango da zentral nuklearren jarduerarekin amaitzen, erabakitakoa betetzen badu, baina Merkelen erabakiak eragina izango du Europako gainerako herrialdeetan ere. Europako Batasunak ez du jarrerarik erakutsi, «ordezkatuko duen energia iturrien araberakoa izango da ona edo txarra», Marlene Holzner EBren Energia bozeramailearen ustez, baina Europako Greenpeacek espero du joera markatzea Europan. «Oso mezu garrantzitsua» da, zer esanik ez Frantzia edo Txekia gisako herrientzat, teknologia horri lotuago baitaude. «Ezinbesteko eragina izango du herri haietako eztabaidetan».

Frantziak dagoeneko argi utzi du ez duela asmorik Alemaniaren bidea jarraitzeko. «Errespetatzen dugu, baina erabaki horrek ez garamatza gauza bera egitera», François Fillon lehen ministroak aurreratu duenez.

Suitzak ere aurkeztu du plana, baina, Alemaniak ez bezala, pixkanaka 2034. urtera bitartean itzaliz joatea erabaki du. Ez du zentralik eraikiko, eta zaharrak zaharkituak geratzen direnean itxiko ditu.UDC eskuinmuturreko alderdiak proposatu zuen herritarrek erreferendumean erabakitzea energiari buruzko auzia, baina ez da aurrera atera. UDC da Suitzan alderdirik bozkatuena, baina Gobernu federalean zazpi kideetatik bi dauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.