Frantzia. Presidentetzarako hauteskundeak

Sarkozy aurkeztu egingo da, «ontzia ezin duelako utzi»

Ezkerrekoei nahiz eskuinekoei botoa eskatu die presidenteak; oposizioak eskuin muturraren alde egitea leporatu dio

Oraindik «egiteko asko» duela adierazi du presidentetzarako hautagaitza aurkeztean

Elixabet Epelde -

2012ko otsailak 16
Inkestetan aurreikusitako emaitza kaskarrek larrituta, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak kanpaina aurreratzea erabaki du. Azkeneraino presidente lanetan buru-belarri arituko zela esana zuen, baina, François Hollande hautagai sozialistak geroz eta tarte handiagoa ateratzen diola ikusita ahalegin guztiak lehenbailehen kanpainan jartzea hobetsi du. Espero bezala, atzo aurkeztu zuen ofizialki bere hautagaitza TF1 telebista kate pribatuko albistegian. Uste du krisi garai hauetan herritarrei babesa eskatu behar diola, «kapitainak itsasontzia ezin duelako utzi». Herriagatik, herriarekin eta herriarentzat lelopean arituko da lehian, eta azken asteotan aurreratu du hautagai sozialistari tartea jateko estrategia zein izango den: eskuineko —baita muturrekoak ere— bozak bereganatzea.

«Oraindik esateko eta egiteko gauza asko ditut» esan du Sarkozyk, eta bost urtetan dena ezin dela lortu. Krisi ekonomikoari erantzuna emateko giltza berak duela adierazi du: «Une honetan garrantzitsuena da herritarrek ulertzea Frantzia indartsu batekin babesa izango dutela». Horretarako, baina, frantziar guztiei babesa emateko eskatu die: «Frantziarrak behar ditut, ez soilik eskuinekoak, baita ezkerrekoak ere», nabarmendu zuen, atzo, TF1 telebista katean egin zioten elkarrizketan.

Ezkerreko alderdiek, baina, Sarkozyk bere mezua eskuinari soilik igorri diola kritikatu diote. Eva Joly hautagai ekologistaren arabera, Sarkozy ultra eskuinaren lurretan ari da ehizan. Le Monde egunkariak ere hala jaso zuen, berriki, azaleko titularrean, segurtasunaren, identitatearen, immigrazioaren eta norbanakoen eskubideen alorrean eskuin muturreko mezuak bildu baititu bere programan.

Bozen bigarren itzulian lehia Sarkozyren eta Hollanderen artekoa izango dela diote inkesta guztiek. Buruz burukorako, hain zuzen ere, eskuinaren babesa eskuratu nahi du Sarkozyk, krisi ekonomikoari esker gorakada izan baitu eskuinak herrialdean. Presidentea Fronte Nazionalaren hauteslegoari keinuak egiten ari da, bigarren itzulian erabakigarria izango baitu Marine Le Penen jarraitzaileen babesa.

Erabakiak erreferendum bidez

«Oinarrizko» bi auziren inguruan herritarrak erreferendum bidez erabakitzera deituko dituela iragarri du, bestalde, Sarkozyk: langabezia eta immigrazioa. Langabetuena da Frantziak duen arazorik larriena presidentearen hitzetan —kasik 4,5 milioi lagun—. Sarkozyk langabezia sarietan «iraultza moduko bat» egin nahi duela dio: «Lanik egin gabe hilabete batzuk eman ondoren, lana aurkitzeko aukerarik ez dutenek derrigorrez formazio ikastaro bat egin beharko dute. Ikastaroa amaitutakoan, formazioarekin lotura duen lehen lan eskaintza onartzera behartuta egongo dira».

Oposizioak gogor kritikatu du Sarkozyren plana. Hollandek gogorarazi dio langabetuak ez direla krisiaren arduradunak, biktimak baizik. Jolyk «langabetuak iraintzeko» neurria dela adierazi du, eta presidenteari azken bost urtetan bere «lagun aberatsen» mesedetan agindu izana leporatu dio. Sindikatuek ere proposamena onartezina dela salatu dute. Bernard Thibault CGT Lanaren Konfederazio Nagusiko idazkari nagusiak «herrialdea bitan banatu» nahi izatea egotzi dio Sarkozyri, eta krisia eragin duten egiazko arrazoietatik arreta aldendu nahian dabilela gaineratu du.

Immigrazioaren eta atzerritarren eskubideen inguruko bigarren galdeketa bat ere egin nahi du Sarkozyk maiatzean presidente gisa berriz hautatzen badute. Babesa eta egoitza baimena eskuratzeko baldintzak gogortu nahi dizkie immigranteei. Horrez gain, immigrazioarekin lotutako auziak zigor zuzenbidearen ordez, adiministrazio zuzenbidearen ardura izatea biltzen du presidentearen proposamenak. Paperik gabekoen kanporatzea errazteko bidea ematen dio horrek. Udal hauteskundeetan atzerritarrek boto eskubidea izatearen kontra ere hitz egin du.

Eliza katolikoarengana hurbildu Sarkozyk hautesle bila. Horretarako, homosexualen arteko ezkontzaren aurka jo du. «Gure gizarteak erreferenteak behar ditu garai nahasi hauetan, eta ez dut uste ezkontza bezalako oinarrizko gizarte instituzio baten irudia nahaspilatzen hasi behar dugunik». Bikote homosexualek haurrak adoptatzearen eta eutanasiaren kontra ere hitz egin du.

Merkelen babesa

Sarkozyk bere hautagaitza aurkeztu aurretik ere babesa eman zion Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Izan ere, Sarkozyren ama pontekoa bilakatu da presidentetzarako lehian. «Nik Sarkozy arlo guztietan babesten dut, familia bereko alderdietako kideak baikara, eta normala da gertukoak babestea», esan zuen Merkelek otsailaren 6an Parisen. Izan ere, Europan duen kiderik gertukoena galtzearen beldurra da Merkel.

Alemanian eta Frantzian kritika ugari jaso ditu Merkelen babes publikoak. Beste herrialde bateko barne politikan esku hartu izana egotzi diote Alemaniako kantzilerrari, eta Sarkozyri, berriz, Berlinen aginduetara aritzea. Honek, bat etortzearen alternatiba «gatazka» dela adierazi du, Hollandek irabaziz gero Parisen eta Berlinen arteko harremanak hausteko arriskua dagoela aditzera emanez. Presidentearen gertuko Le Figaro egunkariak aurreratu du Sarkozyk nazioartean duen rola baliatuko duela kanpainan.

Bestalde, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunaren baitan presidentearen eskuineranzko biratzearen aurka egin du hainbatek, mutur eskuinekoak erakarri nahian zentroko hautesleak galtzearen beldur.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna