Euskara. EAEko Euskararen Legeak 30 urte (II)

Oraingo legeari eutsi nahi diote EH Bilduk ez beste alderdiek

Euskararen Legeak nahikoa ahalmen duela nabarmendu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk; gainditu beharra ikusten du EH BildukAlderdi guztiak bat datoz etorkizuneko erronkak erabilera handitzea izan behar duela

Euskararen Egunaren karietara atzo Eusko Legebiltzarrean egindako ekitaldia. Legea adosteko lan egin zutenak izan ziren bertan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legea onartu zenetik 30 urte igarota, normalizazioan urratsak egin direla aitortu dute alderdi politikoek. Batzuentzat, pauso horiek nahikoak dira, eta beste batzuentzat, eskasak. Ados daude erronka erabilera handitzea dela. Baina errezeta desberdinak dituzte lortzeko: EAJk, oraingo legeari «ahalmen handiagoa» ateratzea; EH Bilduk, akordio nazional bat egitea; PSE-EEk, orain artekoari eustea; eta PPk, «askatasuna» bermatzea.

LOREA BILBAO EAJren EBBko Euskara arduraduna

«Egungo legearen ahalmenei zukurik handiena ateratzea da gure etorkizuneko apustua»

EAJren ustez, 1982ko Euskararen Legea da azken 30 urteetan euskarak eman duen «jauzi ikaragarriaren» motorra. Haren balioa berretsi du. «Adostasun sozial eta politikoari eta gizartearen atxikimenduari zor zaio Euskararen Legea baliatuz eman den aurrerakada», dio Lorea Bilbaok. Legeak gaur egungo premiei erantzuteko ahalmen handiak izaten jarraitzen duela berretsi du. «Ahalmen horiei zuku gehiago atera behar diegu, eta adostasunak sendotu».

Politika «aktiboagoen eta progresiboagoen» alde egingo du EAJk. «Euskararen prestigio soziala areagotzea, eta herritarrek gero eta gehiago erabiltzea dira aurrera jarraitzeko gakoak. Horretarako bidea erabat irekitzen du oraingo legeak».

Hizkuntz ereduen inguruko ebaluazio zorrotz bat egitea nahi du EAJk, proposamen zehatz bat egin aurretik: «Helburu handiak jarri behar dira, baina lorgarriak; egoera soziolinguistikora egokituz, ikastetxeen autonomia garatuz, alderdikeriak bazterrean utziz, eta adostasuna zabalduz».

Administrazioa euskalduntzeko eman diren pausoak «batzuek aitortzen dutena baino handiagoak, baina besteek diotena baino txikiagoak» direla iritzi diote jeltzaleek. Bilbao: «Jaurlaritzak eraginkorra izan behar du. Abiadurak errealitate bakoitzera egokitu behar dira, baina lo hartu gabe».

EAJk salatu du azken legegintzaldian atzera egin dela kontsumitzaileen hizkuntz eskubideetan. «Araudia garatzen jarraitu beharra dago, esparru publikoan zein pribatuan».

ESTITXU BREÑAS EH Bilduko legebiltzarkidea

«Euskara normalizatzea nahi badugu, akordio nazional bat behar dugu»

Oinarri batzuk finkatzen lagundu duela onartu arren, Euskararen Legea aldatzeko eta berritzeko unea dela uste du EH Bilduk. «Euskaraz bizitzeko aukera emango digun lege bat abiatu beharra dago, gaurkoa berraztertuz, osatuz eta hobetuz», defendatu du Estitxu Breñasek. Lege horrek euskararen eremu osoari, Euskal Herriari, egin beharko lioke erreferentzia.

Hala, euskararen normalizaziorako akordio nazional bat adosteko proposamena egin du EH Bilduk. Gizarte eragileekin, alderdi politikoekin eta norbanakoekin osatu nahiko lukete akordio horren bide orria. Breñas: «Euskarari Euskal Herri osoan izaera ofiziala aitortu behar dio, eta normalizazioa erdiesteko plan integral estrategiko bat jaso; beti ere, tokian tokiko errealitatea, baldintzak eta erritmoak kontuan hartuz».

Hizkuntz politikek orain artekoak baino eraginkorragoak izan behar dute, koalizioaren esanetan. «Orain artekoak intentsitate gutxikoak izan dira, euskararen garapenak behar dituen minimoen azpikoak. Gaur egun herritar askok ez dute bermatua euskaraz bizitzea».

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak proposatutako gutxieneko helburuak jarri ditu oinarri gisa EH Bilduk. Horien artean daude: alor publikoan, euskara lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzea; lan mundua, merkataritza eta berrikuntza-sistema euskalduntzea; arnasgune euskaldunetan euskararen ofizialtasun bakarra praktikan jartzea; ETB euskararen normalizazioaren zerbitzuan jartzea; helduen euskalduntzea berrantolatzea eta doakotasuna lortzea; hezkuntza sisteman euskaldun eleanitzak lortzea ahalbidetuko duen murgiltze eredu bakarra progresiboki abiatzea; euskara eta euskal kultura sustatzea...

VICENTE REYES PSE-EEko legebiltzarkidea

«Sozialki eta linguistikoki aparta izan da; onartu zenean baino babes handiagoa du»

30 urte hauetan legeak emaitza «zoragarriak» eman dituela uste du PSE-EEko Vicente Reyesek. «Sozialki eta linguistikoki lege aparta izan da. Denek sustatu dugu, eta hiztunen kopurua nabarmen biderkatu da. Esparru guztietan eman dira aurrerapausoak. Gainera, onartu zenean baino babes handiagoa du».

Adierazi du administrazioarekin tratuan herritarrek ia erabat bermatuTa dutela euskaraz artatuak izateko eskubidea. «Urraketak gutxi dira. Gabezia, agian, estatuko administrazioan dago». Hizkuntz ereduek urte hauetan lan aparta egin dutela esan du Reyesek. «Legegintzaldi honetan sozialistek hiru eleko eredua sustatu dugu, ereduen sistema gaindituz. Izan ere, ezinbestekoa da ikasleak ingelesez moldatzea, XXI. mendeko hizkuntza frankoa baita». Lan munduan ere urratsak egin direla uste du. «Baina kasu honetan, beste alorretan bezala, inposaketaren bidez baino, erakarriz EGIN dira urratsak».

Onartzen du, dena den, ez dela lortu erabilera eta ezagutza abiadura berdinean joatea. «Hori da erronka. Baina normala da ez lortu izana. Legea onartu zenean euskara ia diglosi egoeran zegoen. Hori gainditzea kosta egiten da. Bide horretan, uste dugu lehen urratsa ezagutza handitzea izan behar zela, eta lortu da».

Hori erdiesteko legearen hasierako izpiritua berreskuratu behar dela nabarmendu du Reyesek. «Bai politikoki, eta sozialki ere. Euskara erakargarri egin behar dugu jendearentzat, eta kontzientzia eragin. Gainontzean ez du erabiliko».

Garaiak aldatu arren, egungo legeak baditu horretarako tresnak, haren ustez. «Lege bat ez da betiko. Baina lege hau nahikoa malgua da, eta bere barnean eta oinarrian darama euskararen erabilera sustatzea. Beraz, aukera eman du gizarte honen izaera elebiduna berretsi eta indartzeko». Erritmoei dagokionez, administrazioak baino gehiago gizarteak ezarri behar dituela nabarmendu du Reyesek.

LAURA GARRIDO PPko legebiltzarkidea

«Legeak ez ditu eman espero izandako emaitzak, ezarritako politika inposatzaileengatik»

1982ko Euskararen Legea onartzerakoan izan zen adostasuna nabarmendu PPko Laura Garridok. «Hori kontuan hartuta, gu legea mantentzearen aldekoak gara». Iritzi dio urte hauetan ezarri diren hizkuntz politikak ez direla aproposak izan. «Legeak ez ditu bere emaitzak eman, ezarri diren politika inposatzaileengatik. Batetik, euskalduntzeko erritmoak zehazterako orduan ez da kontuan hartu leku bakoitzeko errealitatea. Inposaketak, gainera, disfuntzioak eragin ditu». Horren adibide bat jarri du: «Ezagutzen dut jendea behartuta atera duena hizkuntz perfila. Behin hori lortuta, euskara ikasteari eta erabiltzeari utzi dio. Halakoek eragin dute, besteak beste, ezagutza handitu izana, eta erabilera ez».

Urte hauetan euskararen inguruan egin den erabilera «alderdikoia» salatu du Garridok. «Aurrez aurre jarri nahi izan dituzte euskara eta gaztelania. Hori ez da ona elkarbizitzarako. Gainera, ez da behar beste aitortu euskara ez zekitenek euskara ikasteko egin duten ahalegina».

Etorkizunari begira, legearen inguruan zegoen adostasuna berreskuratu behar dela defendatu du Garridok. «Politikak ezartzerakoan argi izan behar da bi hizkuntza ofizial daudela: euskara eta gaztelania. Askatasunaren printzipioa errespetatu behar da. Euskara ikastea, jakitea eta erabiltzea borondatearen esku utzi behar da, ez inposaketaren esku». Hala, ez du beharrezkoa ikusten, adibidez, langile publiko guztiek euskaraz jakin behar izatea. «Herritarrei bermatu behar zaie euskaraz kasu egitea, baina horretarako ez da derrigorrezkoa langile publiko guztiek euskaraz jakitea. Nahikoa da dakien bati abisua eman, eta hark kasu egitea».

Bihar BERRIAn: Ezagutzaren eta erabileraren bilakaera Euskararen Legea indarrean jarri zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.