Kurdistan. Hilketa Parisen

Hiru militante kurdu hilda topatu dituzte Parisen, PKK-ren sortzaile bat tartean

PKKren eta Turkiako Gobernuaren arteko elkarrizketa hasi berriak oztopatzeko saio bat izan daitekeela salatu dute KurduekFrantziako zerbitzu sekretuek zelatatu egiten zituzten hildako ekintzaileetako bi

Samara Velte.
2013ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Bart hilik aurkitu dituzte hiru emakume kurdu Parisko Kurduen Informazio Bulegoan. Haietako bat, Fidan Dogan, bertako zuzendaria zen; beste bat, Sakine Cansiz, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko sortzaileetako bat, eta bestea, Leyla Soylemez, gazte erakunde kurdu bateko kidea. Buruan tirokatuta agertu dira Parisko Lafayette kaleko eraikin batean, kurduen kulturgune batean. Lehenengo biak militante ezagunak ziren, eta hilketak erreakzio anitz ekarri ditu: PKKren eta Turkiako Gobernuaren artean hasi berri diren elkarrizketak eragozteko saio bat izan daitekeela salatu dute kurduek.

Frantziako Poliziak segituan jo du hilketatzat gertakaria, eta esan du balitekeela tiroketa asteazken eguerdian gertatu izana, gorpuak ostegun goizaldera arte aurkitu ez bazituzten ere.

Kurdistango Batzar Nazionalak Parisen zeukan ordezkari gisa ere jarduten zuen Doganek, eta bertan bizi zen; beste biak ez. Azkenengoz, herenegun eguerdian ikusi zituzten, informazio bulegoan bertan. BBC katearen arabera, arratsalde horretan kurdu bat kulturgunera sartzen saiatu zen, baina itxita topatu zuen. Firat News berri agentzia kurduaren arabera, 13:00etakoa da Doganek egindako azken deia: elkarrizketa hartan, lagun bati esan zion oraindik bulegoan zegoela eta iluntzean etxeratuko zela. Gauean ere telefonorik hartzen ez zuela ikusita, bulegora bila joan zitzaizkion lagunak, eta han topatu zituzten hiru militanteen gorpuak. Frantziako Elkarte Kurduen Federazioak emandako datuen arabera, haietako bik lepoaldean zituzten bala markak; besteak, sabelean eta kopetan. Atea itxita zegoen lagunak heldu zirenean.

Kurduen Informazio Bulegoa auzo jendetsu baten erdian dagoen arren, inork ez du adierazi arratsalde horretan ezer aditu izana. Lehen ikerketen arabera, pistoletan isilgailuak erabili zituzten; eraikinera ere bortxarik gabe sartu zirelakoan daude. «Prestatutako hilketa» izan da, Poliziaren arabera.

Elkarrizketetan eragingo dute

Kurduen artean, geroz eta gehiago dira Parisko hilketak Turkiako eskuin muturrari egozten dizkioten hipotesiak. Horien arabera, Turkiako sektore batek boikotatu egin nahi ditu Ankararen eta Abdullah Ocallan PKK-ko buruaren arteko negoziazioak. PKKren Europako ordezkari Zubeyr Aydarrek horri egin dio erreferentzia, komunikatu baten bidez: «Prozesu berriaren aurkako indar ilunek egindako erasoa izan da».

Poliziak ezer argitu aurretik, adierazpen ofizialik heldu baino lehen etorri da Turkiako Gobernuaren iritzia: Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak esan du balitekeela hilketak PKKren barneko «kontu garbitze bat» izatea. «Terrorismoa amaitu eta aurrera egin nahian ari garen unean gertatu da, horrekin konforme ez daudenen eskutik». Senegalen harrapatu du berriak, eta handik egin ditu adierazpenok, prentsaurreko batean: «Aurreranzko urratsak ematen jarraituko dugu, intentzio onekin, emaitzaren bat lortu arte».

Kurdistango BDP Bakea eta Demokrazia alderdiko Gulten Kisanakek, ordea, ukatu egin du erakundearen barruko desadostasunen ondorioz gertatu dela: «Ez da izan barne gatazka bat; hilketa politiko larriak dira». Bakerako bidean «probokazio» gisa ikusi du erasoa Kisanakek: «Hiru emakume hauek askatasunaren eta demokraziaren alde ari ziren borrokan. Askatasunaren beldur direnek hil dituzte».

Kurdistango bake prozesua Europatik sustatzen duen Peace in Kurdistan elkarteko presidentea da Estella Schmidt. Haren ustez ere ez da kasualitatea elkarrizketak hasi eta egun gutxira gertatu izana erasoa: «Sektore asko daude bake prozesuaren aurka. Ez dago garbi nor izan den; espekulatzen baino ez ginateke ariko. Argi dago, baina, arriskutsua izan daitekeela, prozesua pikutara bidal dezakeelako, eta hondamendia litzateke hori».

Azken hilabeteotan ahal beste bidetatik ari zaizkio presio egiten Turkiako Gobernuari kurduen eskubideak errespeta ditzan, eta Ocallan eragile garrantzitsua izan da aldioro, 1999tik Istanbul ondoko Imrali irlan preso dagoen arren. Iragan den udazkenean, 60 preso politiko kurduk gose greba egin zuten 68 egunez; bidean milaka preso, politikari eta bestelako eragile atxiki zitzaizkien. Ocallanen isolamendua amaitzeko eskatzen zuten nagusiki; 68. egunean, hark aginduta, amaitu egin zuten greba.

Aurreko astean, gobernuko kide batzuek Ocallanekin hitz egin zutela zabaldu zuen Turkiako Barne ministerioak; PKK-k armak uzteari buruz eta militante buruaren isolamendua amaitzeari buruz hitz egin zutela. BDPk hasieran ez zuen horri buruzko epairik eman nahi izan; gerora, alderdi horretako legebiltzarkide batzuei ere utzi diete Ocallanekin egoten.

Erdoganek atzoko adierazpenetan prozesu horrekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuen, baina ordu gutxi ziren azkenengoz PKK-ko kideei zakar zuzendu zitzaienetik, armak laga eta Turkiatik alde egiteko aginduz. Astelehen gauean Turkiako mugako zaintza postu baten aurkako eraso baten harira egin zituen adierazpenok; lehen ministroaren arabera, «probokatzen» ari zen PKK. BDPk ohartarazi du bake elkarrizketek «amaiera tragikoa» izango dutela bitartean operazio militarrek jarraitzen badute.

Frantziari ardura eske

Hiru militanteen gorpuak aurkitu eta gutxira hasi ziren kurduak lekura gerturatzen; eguerdirako, ehunka ziren Lafayette kalean protestan ari zirenak. Gorpuak kultur etxetik atera zituztenean, ozenago bihurtu ziren oihuak. Arratsaldean manifestazioa egin zuten ehunka lagunek, hilketei buruzko egia eskatuz: «Ez daude hilda», «Denok gara PKK» eta «Turkiahiltzaile, Hollande konplize» ziren protestako leloetako batzuk. Askok Kurdistango banderak eta Ocallanen banderolak zeramatzaten. Asteburuan Parisera joateko deia egin dute kurduen aldeko Europako elkarteek: bihar eguerdiko hamabietan jarri dute hitzordua.

Firat Newsen arabera, BDPko bi presidenteak, Kisanak bera eta Selahattin Demirtas, atzo joan ziren Parisera, Frantziako Gobernuko ordezkariekin gertatutakoaz hitz egiteko. Frantziako Poliziaren Terrorismoaren Aurkako Azpizuzendaritza eta Fiskaltzaren atal berbera ari dira kasua ikertzen. Manuel Valls Frantziako Barne ministroak esan du Poliziaren «helburu irmoa» dela hiru militanteen «exekuzioa» argitzea.

Vallsi ere eskatzen diote, ordea, ardurarik. Ekintzaile kurduen ezagun batek France Info irrati kateari esan dionez, Frantziako zerbitzu sekretuek zelatatu egiten zituzten haietako bi, euren jarduera politikoa zela medio. Hilketa arratsaldez gertatu zela diote lehen hipotesiek, kale aski jendetsu batean; Lafayette kalea Gare du Nord geltokitik hurbil dago, eta Poliziaren presentzia beste lekuetan baino handiagoa da. Kurdistango iturrien arabera, Kurduen Informazio Bulegoa ere Poliziaren zaintzapean zegoen etengabe.

Asko dira sortzen ari diren hipotesiak; bakoitza bere erruduna bilatzen ari da, eta atzo iluntzean oraindik ez zegoen informaziozehatzagorik auziaren inguruan. Batek baino gehiagok mahai gainera ekarri duen galdera da zergatik gertatu diren hilketok Parisen, Europaren erdian, ezinbestean oihartzun handia izango zuen lekuan. Hirurak ziren kurduen eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileak, baina Cansizek asko sinbolizatzen zuen. PKKren sorreratik bizirik gelditzen ziren militante bakanetakoa zen; emakume bakarra, gainera.

Schmidten arabera, ez da kasualitatea Parisen gertatu izana: «Frantzian kurduen aurkako mugimendu handia dago, kriminalizatuta daude». Frantzian 150.000 kurdu inguru bizi dira; Europan Kurdistango etorkin gehien dituen estatua da, Alemaniaren ostean —750.000 bizi dira han—. Lehen aldia da halako garrantzia duen PKK-ko kide bat Europan hiltzen dutena. Turkian eta Kurdistanen ohikoagoak dira halako gertakariak; IHD Turkiako Giza Eskubideen Erakundearen arabera, 1990etik 10.000 pertsona baino gehiago hil dituzte «Turkiako indarrek»; erdiak atxilotu ondoren desagertutakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.